Euskararen bideak baditu zenbait sigi-saga. Hernaniko baserri bateko amonak inor haizea hartzera bidali behar bazuen “joan hadi Lekeition barrena!” esaten omen zion. Esaerak badu bere grazia, eta arrazoi partea, nahiz eta lekeitiar batek antzarrak ferratzera bidaliko lukeen hori asmatu zuena.
Badu harako bide horrek Tom Simpsonen azken pedalkaden antza. Nik Etxebarriko mutiko bat ikusi izan dut, laranjaz jantzirik eta bere burua ongi zukutua, Lekeitioko bide horretan barrena, entrenatzen, bizikleta baten gainean. Ez da berriz gertatuko. Ez behintzat kolore horretan. Zuntz optiko berria ez da nonbait Etxebarriko zokoraino heltzen, edo nahiago dute Asiako merkatua, edo nik dakit ba zergatik, Lekeition barrena bidali dute mutila. Ez du berak hautsik harrotuko, ohitua dago besteen esanetara isil-isilik ibiltzen. Lagunengatik hesteak bota izan dituen mutila. Helmugari baino garrantzia gehiago eman izan dio beti bideari.
Ez dira nonbait oso modan dauden baloreak.