argia.eus
INPRIMATU
Misterio handi bat
  • Gabriel Korta ::Elurra galtza motzetan

    Autoedizioa, 2012

Igor Estankona 2012ko irailaren 27a
Gabriel Kortak 2010eko Laugarrenak lau mardulean bildu zituen, eta berridatzi, bere ordura arteko lanak. Liburu haren bidez hurreratu nintzen Isiletik (Ustela, 1980), Okaranak (Susa, 1986) eta Harri hautsiak (2002) zaharretara, hiru horiek eta Testigantza berriak osatzen baitzuten poetaren errepaso antzeko bat, puntu eta jarrai antzeko bat ibilbide sano pertsonal eta beti libre batean. Orduan zenbait forma iruditu zitzaizkidan apur bat antigualekoak. Baita oraingo liburu honetan ere. Funtsean Kortak bilatzen duena erritmo diskurtsibo jakin bat da, gauzak, sentimenduak, bizipenak zehatz eta fidelki adierazi ahal izateko. Bai orduan eta bai orain ere, dena dela, uneka atsegina da bakarrizketa: zuria eta beltza, argia eta itzala, justizia eta ilunpea aztertzen ditu idazleak.

Zer da poeta izatea, beraz? Misterio bat iruditzen zaio idazleari poeta izate hori. Batzuetan artista, beste batzuetan filosofo, kontzeptu indartsuak maneiatzen dituen bide-erakuslea begitandu zait Korta, ezaugarrietako bat izanik galdera handiak egiteko darabilen aisetasuna. Elurra galtza motzetan, ia osorik, bakardadearen inguruan dabil. Bakardadean idatzia dago, bakardadean autoreak berak ilustratua. Iñaki Bastarrika adiskidearen laguntza aitortu eta eskertzen du, eta pentsatzekoa da haren aholkua izango zuela handik kendu, hortik gehitu, eta buelta bat emateko guztiz findurik geratu ez denari. Zentzu horretan, nabarmena da liburuaren eskulangintza isil, pazientziaduna. Gogor zizelatuak geratu dira ardura unibertsal batzuk, eta poetikoki definituak, euren izaera erlatiboa gora-behera, maitasuna eta libertatea: “Askatasuna neurri batean, bakardadea da./ Eta gorrotoa gaizki doakio bakartiari./ Askatasuna erantzunkizun eder bat iruditzen zait”. “Eroaren hitzak/ ez du balio./ Ospe txarra dut,/ baina aske naiz./ Maite dudalako nire burua;/ erotu egin nintzen,/ hori da guztia”.

Lirikak nekatuz gero akaso babesa bila dezakegu era honetako poesian, eta mundua aldatzeko asmoarekin idatzitako hitz hutsaletan. Dena dela, Elurra galtza motzetan irakurri ahala otu zait pentsamenduaren poesia honen funtsa beharbada ez, baina formak bai, formak astunegiak egiten zaizkidala. Gustu jakin batzuetara egiten da azkenean norbere gustua bera: beste modu ez hain serio batzuk ditut nik nahiago, baita meditaziorako ere.