argia.eus
INPRIMATU
Esku zuriak kanpora Hegoafrikatik

Amaia Lasa Alegria 2012ko irailaren 18a

Joan zen abuztuaren 16an albiste izugarri bat zabaldu zuten albistegi guztiek, gupidarik gabeko eguzki ahaltsu batek mantentzen gintuen lozorrotik esnaraziz: Hegoafrikako poliziak bertako 34 meatzari hil zituela aipatzen zuen berri izugarri hark. Albistearekin batera eskaini ziguten bideoan garbi-garbi ikus genezakeen poliziak, zuriak gehienak, greban zeuden meatzariak nola hiltzen zituzten banan-banan ehizean baleude bezala.

Langileek bi aste zeramatzaten platinoa lurreko erraietatik atera gabe, haizetan, meategiko inguruko lurraldeetan eserita jornal igoera eskatzen, ez baitzaie jateko ere iristen, bada, tiroz isildu nahi izan zituzten.

Apartheid –bazterketa afrikaner hizkuntzan– garaiko legea berrezarriz –hilketaren lekuan zegoen edonor hiltzailea zela leporatuz– poliziak 260 meatzari espetxeratu zituen beren lankideen heriotzaren erantzule bezala harturik.

Horrela bat-batean ohartu gara XX. mendeko erreboltarik justuenetako bat ez dela amaitu oraindik. Hala ere, irailaren zortzian ehun bat preso aske utzi zituen kargurik gabe Hegoafrikako Gobernuaren presidenteak. Orain,  Zuma presidenteak meatzariak espetxeratzeko agindua eman zuen fiskala auzipetzeko eskaera egin beharko du, akaso.

Bere 100. urteurrena ospatu duen ANCek –Afrikako Kongresu Nazionalak– apartheida une gogorrenean zegoenean nahitaezko jokabide historikoa izan zuen Nelson Mandelaren zuzendaritzapean, baina ez du jakin izan bazterketaren aurkako helburuak azkenetaraino eramaten, oraingoz behintzat. Azken hemezortzi urte hauetan aginte ekonomikoa zurien eskuetan geratu baita.

Gogoratu ANCen baitan alderdi politiko bat baino gehiago batzen direla, joera desberdinetako pentsaerak elkarturik.

Nire ustez memento odoltsu haietan Nelson Mandelaren lehentasun garrantsitzuena Hegoafrikako gehiengoentzat botere politikoa lortzea izan zen, joera desberdinak, zauri ikaragarriak areagotu ez zitezen.

Hala ere, hemezortzi urte hauetan apartheid ekonomiko eta soziala ukitu gabe geratu da, errekurtso gehienak, aberastasunak, gutxiengoak diren zurien esku ilunpetsu, madarikatu, krudeletan geratu dira.

Winnie Madikizela-Mandelak, Nelson Mandelaren emazte ohiak, 2010eko ekainean argi esan zuen botere ekonomikorik gabe ez zegoela askatasun politikorik.

Madikizelak Soweton –Johannesburgoko langile auzoa– bizitzen jarraitzen du. Bera izan zen, Nelson Mandela eta ANCko beste buruak espetxeratuta edo erbesteratuta zeudela, apartheiden aurkako borroka aurrera eraman zuena, askotan bere bizitza eta alabena arriskuan ipiniz. Guztiz txundigarria da, Nelson Mandelaren irudia begirune handiarekin erakusten diguten bitartean, emakume ausart, borrokalari honen etxura aldiz, deabrutua ezagutarazi nahi dutela, mendebaldeko komunikabideek behintzat.

Hegoafrikarrek bazterketaren beste erronka bat daukate orain aurrez aurre. Ekonomia neoliberal hau errotik aldatzea.

Platino meategiaren jabe den Britainia Handiko Lonmin enpresak sua piztu du, grebalariak erail eta bizirik geratzen direnei eguneroko bizitza duina ukatuta.

Bakoitzari berea ematea da bake guztien oinarri.