Nork ez ditu maite Pussy Riot (PR) taldeko neskak? Ikuspegi kritikoa duen edonork seguru atsegin dituela. Protesta urratzaile eta baketsua da beraiena eta gainera, ez esan punk feminista hauen dantzek ez dutela antzekotasunik japoniar marrazki bizidunek egiten dituzten mugimenduen mekanikarekin? Horiei erantsi jantzi koloretsuak eta hortxe ditugu XXI. mendeko heroi berriak. Egia esan ez oso konprenituak errusiarren artean, baina maitatuak “munduan” (munduan=mendebaldean, nazioarteko politikan, sinonimoak baitira).
Nire lagun errusiar gehienek ez dute begi onez ikusi PRk erabilitako protesta modua, halere, badut bat aldeko jarrera irmoa duena. Berak, haserre, onartzen zuen gaiak kezka handiagoa sortu duela bere atzerriko lagunen artean etxekoen artean baino. Nik ere, nire punk talde gogoenak bezala, azkar jarri nuen nire Facebook-eko horman PRren argazkia “Punk rock is not a crime! Free Pussy Riot!” esaldiarekin.
Halere, ez dira punk, libertario eta ezker erradikalekoek bere elkartasuna eta epaiketaren aurkako kritikak ozenen helarazi dituztenak munduko txoko desberdinetara; ez, lan hori mendebaldeko hedabideek egin dute. Beraiek berria behin eta berriro errepikatu ahala, PRren aldeko milaka elkartasun adierazpen etorri dira. Bitxia izan da ikustea erabateko adostasuna zentro-ezkerreko hedabideetatik eskuin muturrekoetara, salbuespenak salbuespen. Izan ere, erraza izaten da beste herrialdeetako injustiziak salatzea, are gehiago horrekin zurea demokratikoa eta askeago egingo duenaren ilusioa sortuko badu. Horregatik, PRren aurkako epaiketa salatu dutenen artean gutxi dira beraien herrialdeetako adierazpen askatasunaren kontrako urraketak salatzen dituztenak. Askok, ordea, argi eta garbi jarrera hipokrita mantendu dute.
Baina hitz egin dezagun elizez, norbaitek imajina ditzake Varsovia, Vilnius edo Sevillako katedraletan antzeko protestak musu truk? Nekez. Adibidez, PRren aurkako epaia jakin ostean, Kolonian hiru pertsona katedralean sartu eta istant batean atera zituzten. Orain hiru urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin beharko diote epaiketan, baina mundu komunikatiboari bost axola. Ez da gauza berria isiltasun hori, esate baterako, Espainiako Estatuan raperoak atxilotzea edota itauntzea azkeneko modetako bat da, eta punkiez ari garela, orain hilabete batzuk Indonesian kontzertu batean 65 punk atxilotu zituzten beraien itxura eta gustu musikalengatik. Ondoren ilea moztu zieten eta kontzentrazio-esparru (“Polizia akademia”) baten antzeko zerbaitetan sartu zituzten beraien portaerak “berbideratzeko”, baina ez dira berrien artean mainstream izan munduan.
Nazioarteko politika sinplea eta miserablea da. Garrantzitsuena ez da berria, baizik eta non gertatu den eta zein diren mendebaldeak bertan dituen interesak. Horren arabera osatzen da agenda mediatikoa eta kontakizuna. Jakina da eskubide urraketa berberak ez daukala atentzio mediatiko berdina Errusian edo AEBetan gertatu bada, Kolonbian edo Venezuelan, Saudi Arabian edo Sirian, Dominikar Errepublikan edo Kuban, eta abar. Horregatik, mendebaldar zaleentzat PRren aurkako epaiketa aukera polita izan da Errusiako sistema politikoa jipoitzeko. Atzetik ez dago inolako interes altruistarik adierazpen askatasunaren alde edo Errusia demokratikoago bat eraikitzearen alde. Atzetik betikoa dago, etsaiaren legitimitatea ahultzea baino ez.