argia.eus
INPRIMATU
Gutxinaka baina beti gehituz
  • FAKTORE KOMUNAK

    ENKORE

    Baga-Biga

    iraupena :33´01´´

    prezioa :11€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko irailaren 12a
Azken urteotan Bilboko Errekalde auzoa oso ezaguna egin da hainbat arrazoiengatik; horien artean Kukutza Gaztetxe enblematikoa han zegoelako eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat musika lehiaketa irabazi dituen taldea, hauxe, bertakoa delako. Enkorek disko txikiak kaleratu izan ditu orain arte, portzioka erakutsi dizkigu emaitzak; eta orain bai, disko luzea atera du bere ibilbideko eta gaur egungo kantuen bilduma osatuz. Hardcore melodikoa edo punk-popa, hau da, abiadura, indarra (gaztetasuna) eta melodia borobilak oso presente daude, baina post-hardcorearen intentsitatea, U2 edo Ken 7ren pop-rocka eta doinu dantzagarriagoak zein metalaren arrastoa ere aurki daitezke. Eta horien artean Aitor Uriartek (zeinek bestela?) apaindutako balada ederra. Diseinua, soila eta oso dotorea.

www.myspace.com/enkore09
"Hobe hil, beti gazte ez izan baino"

Broadway gauaren paradisua bada, zeren paradisua da Euskal Herria?

Kresal usain gozoarena baliteke, ondo jatearena, herritar jatorrena, mendi ederrena? Egunez politagoa da gure herria.

Orain arteko lanak autoekoiztu dituzue. Hauxe, aldiz, diskoetxearekin atera da.

Aurreko lanak EPak izan dira, “Faktore Komunak”, berriz, luzea da. Lehenengo pausoak guk kontrolatzeko autoekoiztu genituen lan laburrak, gure ibilbidearen jabe izateko. Baina jabetu ginen iaz izandako oihartzunaz bakarrik ezin genuela aurrera egin.

“Zure ahotik ihesi doazen garrasien jabea nauzu”. Bazen ordua Gatibuz gain, beste batzuek ere kantetan poesia erotikoa idazteko.

Oso Gatibu zaleak gara! Eta baliteke oharkabean pentsatzen genuena baino gehiago eragin izana gugan. Gure bizitzako momentu jakin batean idatzitako letra da, sentimendu handiz egina. Ez dugu aldez aurretik pentsatzen zertaz idatziko dugun.

“Bizi bizitza... ez begiratu atzera”. Gaurkotasun handiko hitzak.

Bai, krisi puta hau guztion etxeetara heldu da eta Enkorek inoiz baino gertuago bizi izan du azken boladan. Negar eginez, deprimituz, galdu dugunaz ohartuz ez gara zulotik irtengo.

Zer lortuko zenukete “beti gazte” izanda?

Daukagun bizitzeko gogoa betiko mantendu. Hil arte, egunero jaikitzeko gogoa izan nahi dugu, maite dugunagatik borrokatzeko indarraz. Hobe hil beti gazte ez izan baino!

Hainbat lehiaketa irabazi eta taldea zabaltzeko sare sozial dezente erabiltzen dituzue. Zerk eman du taldea ezagutzera?

Lehiaketek ate asko zabaldu dizkigute. Gaur egun sare sozialak ezinbestekoak dira jarraitzaileekin kontaktuan egoteko. Kontzertuetara joaten direnei faborea bueltan emateko bada ere.

Zeintzuk dira taldekideon “faktore komunak”?

Adiskidetasuna, gaztetasuna, musikarekiko obsesioa, aurrera egin nahia, indarra, m.k.t., Z.K.H., Zer Garen? Enkore, Errekaldetik.