(Gasteiz, 1946). ETAko militantea izan zen frankismo pean. ETAren eta Euskal Herriaren historia berriaren ezagutzaile eta iritzi emaile egokia da. ETAren estrategia armatuaren historiaz liburua plazaratu berri du Maiatz argitaletxearen eskutik: “Ez da ETAren historia, egin dugunak zentzua ukan dezan memoria analisia da” erran digu Angeluko bere etxean.
ETAren estrategia armatuaren historiaz liburuaz jabetzeko egokiena berau irakurtzea da. Emilio Lopez Adanek (Beltza) 1980tik 2011ra idatzitako iritzi-artikuluen memoria da. 212 ohar berri idatzi ditu bilduman. Liburura hurbiltzeko hainbat argibide aurkitu dezakezu elkarrizketa honetan: “Ez dut ETAk egindako guztia onartzen, baina puntu bateraino ETAko kideak gureak dira. Gure historiak eta gure ekintzek zentzu bat ukan dezaten berrosatu dut liburua” diosku Beltzak. ETAren historiak askorako ematen du. Elkarrizketa ulertzeko hona liburuko premisa hau: “ETAri buruz esaten den guztia ez da egia, eta egia guztiak ez dira esateko”. Bada besterik ere: “ETAren estrategiaz hitz egitean bi aukera onartzen dizkizute: apologia edo traizioa”.
“Gure” eta “gureak” zer den argituz hasi beharko genuke, ezta? ETArekin identifikatzen zara?
Hori da problema. Identifikatu? Bai... baina. Gu “independentzia, sozialismoa eta euskalduntasunarekin” identifikatzen garenok gara. ETAren helburu politiko hauek, ETA Zaharraren denboran finkatu ziren, V. Biltzarrean. Erran nahi baita, ezker abertzalekook, zentzu zabalean, horiek identifikatzen gara. Ni helburu horiekin bat nator. Jarrerekin identifikatzea besterik da.
Mintzo gaitezen jarrerez, beraz.
Helburu horiei lotzeko estrategiak kontuan hartu behar dira: ekintza armatuak. ETAk erabilitako teknikak denetarikoak izan dira, eta horiek, funtsean, gure helburu horiek lortzeko borondatearekin lotu behar dira. Teknika desegokiak erabili badira ere, horiek guk partekatzen ditugun helburuak lortzeko erabili dira. Areago, teknika horiek partekatzen ditugun hainbat balore erabiliz egin dira, eta gure jendeak egin du. Guk eginak izan gabe, guk kritikatu ditugun horiek ere gureak dira. Ekintza horiek, ados ez ginenon kritikak eta oposizoak barne, gure historiaren parte dira.
Nola arrazoitu ETAk egin duen guztia, helburuak lortzeko egokitasunaren ikuspegi batetik?
Bada, horietan guztietan arrazionaltasun parte bat egon badagoelako, arrazionaltasuna helburuetan eta tekniketan, desegokitasunean ere baitago arrazionaltasun puntu bat. Kontua da arrazoitzea zergatik onartu diren desegokiak iruditu zaizkigun teknika armatuak. Analisi arrazional horren bidez, horri guztiari zentzua emateko egina dago liburua.
ETAren estrategia armatuaz ari gara, protagonista nagusiak miliak izan direlarik.
Baiki. Estrategia hori 1974 urtealdean onartu zen. Hau da, helburuak lortzeko ekintza militarrak zehaztu ziren, baita helburua Espainiako Estatuarekin negoziatzea zela zehaztu ere. ETAk botere faktikoekin negoziatu nahi zuen hauexek Euskal Herria ezagutu zezaten. Estatuak autodeterminazioa eta lurraldetasuna onartzea nahi zuen. ETA militarra higadurazko gerla luzerako prestatu zen, egiazko demokrazia ezartzeko. Ondorioz, ETAren ustez, amnistia berez etorriko zen.
KAS alternatiba izan zen negoziazioaren funtsa urte luzetan.
Bai. Alternatiba Demokratikoa bera ere, 1995ekoa, KASeko eskemarekin lotu daiteke. Modu ezberdinez deklinatuak dira biak, baina afera nagusia, negoziazioa ETAren eta botere faktikoen artean egitea zen. Anoetako Proposamenean hasi zen hori aldatzen, bi karrilen negoziazioa planteatzen da, alabaina, formulazioa ez da garbi azaltzen.
Kontraesan are handiagoak azaleratu ziren ezker abertzalean orduan. Lurraldetasunaren aferaz ari naiz.
Liburuak puntu hori ere argitzea du xede, ETAren ikuspegi estatalista bereziki. Hots, ETAk Euskal Herria Estatu Batua bihurtzeko borondatea zeukan eta tinko jardun zuen horretan. Alta bada, euskal nazionalismoaren tradizioan badago jarrera asko: federalista, konfederala, baita estatuaren ideiaren kontrakoa ere. ETA militarrak Independentzia eta Estatua lotu eta fronte nagusiaren teoria ezarri zuen: “Borroka leku nagusia Hegoaldea da, Iparraldearen funtzioa “basea” izatea da, eta hala funtzionatu behar da Hegoaldeko lurraldetasuna ezagutarazi arte”. Une horretaz gero, bildutako bulkadarekin Iparraldea integratzea pentsatzen zuen. Formulazio horren ondorioz sortu zen Iparretarrak (IK) erakundea.
Zu kritiko zara izaera estatalistarekin. Kontraesanak kontraesan, noiz arte da ETAren estrategia armatua balekoa, eta zergatik desbideratzen da?
Hor elementu asko dago. Afera ez da norberaren estrategia aztertzea, hau da, estrategia ez da bakarrik guk pentsatu duguna gauzatzea, baizik arerioaren eta egoeraren aldaketaz ohartzea. Beste aldean ematen diren aldaketek elementu berriak sortzen dituztela konturatzea. Hots, gure estrategia egokia edo desegokia den ikusteko errealitatean gertatzen denarekin ere alderatu behar da. Hitz bitan: errealitate soziopolitikoa aldatu zen eta ETAren estrategia ez.
Diktaduraren ondorioz “ETA eta Euskal Herria sinbiosia” bilakatu zen jendartean. Kaltegarria izan ote zen bien arteko identifikazio hori?
Frankismoaren bukaeran ETA eta Euskal Herriaren artean identifikaziorik ote zegoen? Bai. Nire formulazioa beste bat da, ordea: Euskal Herrian zenbat jendek sostengatu zuen ETA? Gure historia ulertzeko horrek daukan garrantzia aztertzea da funtsezkoa. Testuinguru historiko hartan, jende askorentzat biolentzia politikoa haizu, normala eta positiboa zen, naturala zen.
Sostengua aldatuz joan zen, ordea.
Eta afera da sostengua zergatik aldatzen joan den argitzea. Frankismo berantiarrean jada, ETA da abertzaletasunaren ardatza, eta ez bakarrik arlo militarrean, eguneroko bizitzan, kulturan, jendartean garrantzia izugarria zuen. Trantsizio hasieran ere, kapitalismoa eta demokrazia ordezkatzaile hutsaren bilakaera galarazteko ETA erreferente nagusia da alternatiba iraultzaileari eusteko. ETA Euskal Herriko erresistentziaren erreferentea bilakatu zen.
Noiz arte? Tejerok estatu-kolpea jo arte, agian?
Hor nonbait. Estatu-kolpeaz gero ETA marjinazioaren bidean sartzen hasi zen, baina ez da konturatzen. Espainia ez da diktadura harrezkero, Europan normalizatzen ari den demokrazia baizik. Horrek Estatuak Euskal Herriko borroka armatuaz zeukan jarrera aldatu zuen argi eta zeharo. Anartean, EAJk trantsizio ondorengo urteetan marjinala izateari utzi eta bere burua altxatu zuen. Gauzak aldatu ziren EAJn eta Euskal Herriko egoera ere. Hau da: ETAren aukera alde batera, badago normalizazio demokratikoa lortzea, alderdien eta bozken bidez; Gernikako Estatutuaren bidez. Eta hori ere bada gurea. Halaber, errepresio moldea ere aldatu zen: Andrés Cassinelloren garaian [Guardia Zibilaren eta Zerbitzu Sekretuen buru, Tejerazoan inputatua eta GALen inplikatua], errepresio modernoa lantzen hasi ziren Espainian. ETA beste modu batez jazarria da, GAL tarteko. Jazarpenak ETA kolpatu zuen eta ingurua ere bai. Hortik dator arazoa. 1984an ETA konturatzen da negoziatzeko estrategiak ez duela fruiturik emango.
Konturatzen da? Bada, ez zuen estrategia egokitzen jakin izan.
Hala ere, teknika armatuak aldatu zituen. 1982-84ra arte graduazio altuko militarrak, indar polizial errepresiboak eta txibatoak zituen helburu. Txibatoen inguruan arazo bat baino gehiago dago, diskutitzekoak. ETAk ekintza gogorrak egiten ditu helburu nahiko garbiekin, “alboko kalte-ondorio” oso gutxirekin, baina estrategiak ez du deus ematen. ETA horretaz konturatzen da. ETAko sektore batek beste estrategi bat sartu zuen: atentatu masiboak egitea. Hasieran ekintzen helburua errepresiatzaileak jotzea zen, ondoren, atentatu masiboak egitean, jendarte zibila bilakatzen da helburu. ETAk dio ez dela bere nahia. “Behartuak gara”, dio nolabait. ETAk argudio moralak, etikoak eta politikoak darabiltza: “Ez da gure erruz. Estatuak behartu gaitu. Horren adibide nagusia Hipercorreko atentatua izan zen. Masakrea.
Orduan ematen da lehen lerratzea estrategia armatuan.
Nik desbiratze terrorista deitzen dudana.
Nola arrazoitzen da desbideratzea?
Efikazia bilatzen du ETAk.
Baina hori efikazia eza da.
Bai, baina hori gero ikusten da. Hori erabakitzen dutenek unean- unean ez dute ikusten. “Estatuaren puntu gorenetan jotzea ezina bilakatu zaigu, ez du deus eman gainera, orduan, espainiar herria mehatxatuko dugu, horrek behartuko du Gobernua politikoki amore ematera” da ETAren arrazoinamendua.
Duda-mudak are gehiago handitzen dira, haatik.
Noski. Lehenengo atentatu masiboak egiten direnean, populazio zibila inplikatuz, protestak areagotzen dira, eta areago ETAk “Estatu” moduko diziplina ezartzeko asmoa argi erakusten duelako. Txibatoen kasua adibidez: kasu askotan ez da garbi txibatoak ote ziren. Jotzeko modu hori erabili zuen populazioan genituen etsaiak beldurrarazteko. Kontrol soziala inposatzeko nolabaiteko eskusartzea egin zuen ETAk: “Herriaren babesleak gu gara” adierazten du, nolabait. Zentzugabeko biktima asko egin zuen ETAk.
ETA Estatu bilakatu zela esan duzu.
Bai. Horren agerbide gorena ETAk Yoyes garbitzean ikusi zen. Populazioa kontrolatzeaz gain “bere populazioa” kontrolatzeko era autoritario eta bortitza izan zen. Halaber, garai hartan negoziatzeko lehen aukera historikoa eman zen: Aljerreko negoziazioa. Aljerren soluzio teknikoa delakoa gauzatzeko posibilitatea bazegoen. ETAren inguruan aipatua zen soluzio hori: armak utzi, presoak kalera, hots, amnistia. ETAk, artean, bazeukan nahiko indar, propioa, soluzio teknikoa erdiesteko, ez helburuak inposatzeko, baina bai Estatuak lasai antzean “ea, bukatu da”, esateko; arindu moduko bat hartzeko. Baina ETAk ez du hori negoziatu nahi, ETAk insistitzen du negoziazio politikoa gure helburuetan dagoela, eta ez da konturatzen talde militar bezala ez duela indarrik hori negoziatzeko. Poli-miliek izan ez zuten bezala, poli-milien afera baina, artean, zabalik zegoen trantsizioan trenkatu zen.
Baina zein da arrazoia, jarrera hori nagusitzeko ETAn? Belaunaldien gorabeherak aipatu izan ohi dira.
Belaunaldi afera ere bada, geroago. Lehenago ordea, estrategia militarra milien inguruan ondu zen, besteak beste, Argala, Txominen inguruan. Argala hil zuten. Geroago, Txomin hil zen ere. Jendeak dioenez, errepresioaren ondorioz, ETA poli-milietako Bereziak lehenik eta ETA VIII. Biltzarrekoak gero nagusitu ziren ETAn. Militante horiek beste mentalitate eta borondate bat ekarri zuten erakundera. Espainiako Estatuari, baita herriari berari ere, irtenbide iraultzailea inposatzeko indarra zeukatela pentsatu zuten. ETAn joera estatalista eta autoritarioa guztiz nagusitu zen, antza.
Baita ezker abertzalean gorabeherak areagotu ere.
Bai, eztabaida publikoak azaleratu ziren “ez gaude ados” esanez. Aljerreko saioaren ondoren hautsak harrotu ziren ezker abertzalean. Ezker abertzalean kritikak agertzen dira. Iñaki Esnaola baztertua izan zen. Esnaola ez zen nornahi. HBko Mahai Nazionaleko kidea, eskuin muturrak kolpatu zuen Madrilgo atentatuan. Esnaolak egunen batean kontatzen badu zer gertatu zen ETAren eta ezker abertzalearen artean, argipen gehiago izango dira. Badira bestelako pertsonak ere. Nik atea irekitzen dut liburuaren bidez.
Zein zen ETAren funtzionamendua?
Gutxiengo batek hartzen bide ditu erabakiak. Gero erabakia zabaldua da mugimendu osoari asanbladen bidez, eta oinarriek barneratzen dute goitik datorrena. ETAn diziplina baloratua da sorkuntzaren gainetik. Halere, batzuek herria inplikatzen duen terrorismoaren estrategiak ez duela deus emango pentsatzen dute, eta hortik heldu zen Alternatiba Demokratikoa.
Sufrimenduaren sozializazioa estrategia areago indartu zen hartara.
Sufrimenduaren sozializazioa deitu bada ere, termino hori ez da zehatza, eufemismoak sortu ziren horren inguruan. Ezker abertzaleak “konfliktoaren ondorioen sozializatzea” erabili zuen. Gatazkaren ondorioak sozializatu behar omen ziren, funtsean, etsaiek amore eman zezaten. ETAk demokraziaren funtzionamenduan diharduen jendearen kontra jotzen du, demokraziaren hautetsiak izan edo gure kontra iritzia sortzen dutenak izan, hau da, kazetarien aurka.
Gatazka egoera zailera iritsi zen, inoiz irtenbidea lortzekotan. Nolatan?
Arrazionaltasunaz galdetu didazu arestian. Nahiz eta ETAk ikaragarrizko hanka sartzeak egin dituen ezker abertzalean beti izan da harekiko enpatia. Zergatik? Azken helburuekin bat egiten dugulako. ETAk halako erabakiak hartu dituenean –politikoak eta kazetariak garbitzea ETArentzat erabaki arrazionalak dira–, azken helburuak lortzeko eginak dira, eta horien egileak “gureak” dira. Militanteak gure haurrak, gure familiakoak edo gure lagunen haurrak dira. Enpatia hori tarteko, bigarren arazoa Estatuaren erantzuna da: ezin da ETAren historia ulertu, Estatuak ETAren kontra egin duena ulertu gabe. Demokratikoak ez diren bitartekoak erabili ditu: estatu terrorismoa, bere legeak eta tortura. Estatuak ETAren inguruan zegoen jende asko inplikatu gaitu, nahiz eta kritikoak izan. Kritiko izan zaitezke ETArekin, baina Estatuak kartzelara eramaten zaitu. Ikaragarria da. Jendeak sentitu du Estatuak ETAren kontra egitean, euskaldunon kontrako politika egin duela. Orduan, ETA gure helburuen partaide izaki, ezker abertzaleko jendea Estatuaren –eta ETAren– biktimak bilakatu gara aldi berean. Horrela sortzen da enpatia. Enpatia horrek ETAri lurrartzeko modua prestatzea ekarri zuen: Lizarra-Garaziko Akordioa da lehen ahalegina. Abertzale guztiek lurrartze politikoa prestatu zioten ETAri, baina hura ere kareletik bota zuen ETAk.
Aldez edo moldez, ETAk Bietan jarrai lemari atxikia segitzen du tinko. Gauza asko ezezagun dira, betiere.
Hipotesi bat bota daiteke, halere: Lizarra-Garazi denboran Herri Batasuneko jende askok ere ikusten du argi eta garbi estrategia horrek ez duela deus emango, baztertu egin behar dela. Kritika anitz egiten zaio borroka armatuari, eta argudio nagusia da: gure gaitasunari indarra kentzen dio. Garzon epailearen “dena da ETA” garaitu da egoera aldatuz. Estatuak estrategia poliziala aplikatzen du ETArekin bukatzeko, oso gogorra. Batasuneko Mahai Nazionala 1997an kartzelaratzen du. Batasunean ere jende askok jada kritikook pentsatu duguna bere egiten du: estrategia politiko-militarrekin bukatu beharra. Hamabi urte joan dira harrezkero. Eta harrezkero –Loioalako negoziazioak tarteko– astakeria are ulergaitzagoak ezagutu ditugu.
Ezker abertzaleko sektore askorentzat ere ulergaitzak. Nola ulertu, ordea?
Batetik, esan bezala, ETAren sentimenduak eta ekintzak ulertzeko, Estatuaren jokaera ulertu behar da. Jende askok ispiluaren mentalitatearekin funtzionatu du: “Estatuak egin dituen astakerien aldean guk egin duguna huskeria da”. Bestetik, ETAren inguruan ez da pentsamendu ideologikoaren eskasiarik, baina ETAren eta ezker abertzaleko militanteen formazioan gabeziak izan dira. Errelatibismo morala hau erabili dute: “Irabazteko balio duen guztia ongi dago”. Hori aztertu eta azaldu behar da, horren erantzuleak baitaude egon.
Zergatik nagusitzen da estrategia politiko-militarra?
Estrategia hori mantendu zutenek, hipotesia baino ez da, Batasuneko kritikoak ere isilarazteko eta baztertzeko erabili zuten. Galdera hau da: “Zergatik Resistir es vencer lema mantendu da herenegun arte, inolako autokritikarik gabe? Arazoa, niretzat, “orain bide demokratiko ordezkatzaileetan sartu behar dugu” lema nagusitu izana da. Zergatik?
Zergatik? Edo zer gertatu da?
Batasuneko kritikoek indarra eta konfiantza irabazi dituzte herrian eta ezker abertzalean sostengu gero eta handiago lortu dute. ETAk sostengua galdu du egoera berezian.
Zein da egoera berezi hori?
Hipotesiak betiere: ETAren zuzendaritza egoera babestu batean egon da joan den hamabost urteetan, poliziarengandik urrun, ziur aski, Resistir es vencer delakoan sinesten duten erregimen autoritarioen babespean. Orain gauzak aldatu dira, erregimen horien kontestua aldatu baita. Espainiako diplomazia aldatu da, egoera ekonomikoa ere, eta nonbait, babesgune horretan egon den ETAko buruzagitzari “aski” esan zaio. Adibide baterako, Fidel Castro bitartekari da FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziazioetan. ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziaketak ere horrelako testuinguruan eman zitezkeela esan ohi da. Hau da, amets iraultzailea zabaldu zen tokietan. Horiek hipotesiak dira, halere. Esamesak. Esan dezakegun bakarra da, ETAren eta Batasunaren arteko indar harremanak aldatu direla. Baina hor arazoa ere badago, ETA urtuz baitoa, artean, oraindik ere autokritikarik egin gabe.
ETAren estrategia politiko-militarra bukatu da, alabaina.
ETAren estrategia politiko-militarra bukatu da, eta porrota da. ETAk borroka armatua eta 700 preso utzi ditu, askatzeko negoziazioaren itxaropenik gabe: lurraldetasuna zegoen puntuan, eta autodeterminazioa eskubidea –Espainiako Estatuari dagokionean– zegoen ezagutza mailan utzirik. ETAk ez du helbururik lortu. Alta, autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia gure helburuak dira betiere. Batasunak helburuak salbatu ditu, nolabait. Bira egin du eta indarra kapitalizatu ere –sostengu elektoral handiarekin– ezker abertzalearen helburuei jarraipena emateko, delirio politiko-militarretik aldentzeko gauza izan da. Baina, zer politika egiteko? Politika sozialdemokrata. Beraz, ez du politika modu berria ekarri, fruituak erreformatzaileak dira, kontrairaultzaileak, mugimenduaren sorreraren eta sortzaileen kontrakoak. Asmo onak ez ditut ukatuko, baina politika sozialdemokrata Batasuneko garai beltzaren ondorioa da. Agindu eta agintzen dutenek jarrera piramidala eta autoritarioa ezarri dute eta horren erantzuleak dira. Geratu zaigun problema handia da.
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]
Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.
Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.