argia.eus
INPRIMATU
Tximisten aurrean zer egin

Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko irailaren 05

Tximistak jotzen bagaitu egin behar denaz teoria bat baino gehiago dago. Ez dakit Euskal Herrian zein den tximista gehien dagoen bolada, baina uda honetan maiz samar irakurri ditut zauritu larriak eragin dituzten tximisten inguruko berriak.

Ekaitzek sortutako lainoek karga positiboa izaten dute goialdean eta negatiboa beheko aldean. Lurreko karga positiboek goranzko joera dute lainoetako karga negatiboek erakarrita, eta horiek, noski, beheranzko bidea egiten dute. Karga elektriko negatiboek lurreko bidea hartzean, airea isolatzailea denez, lurrera ailegatzeko ahalik eta erresistentziarik txikiena duen edozer topatzea, zuhaitz bat adibidez, tximista sortzeko bideetako bat da. Tximistak jotzen duen puntuan 30.000º C-ko tenperatura lor daiteke. Ekaitzaren erdian, hondartza batean zutik eta bustita dagoen pertsona batek arrisku handia du tximistak bere gorputza zeharkatzeko. Pertsona horrek korronteak gorputza zeharkatzeko hartzen duen bidearen araberako kalteak jasan ditzake; bihotza zeharkatuz gero, hura gera daiteke. Nerbioak zeharkatuz gero, koma gerta daiteke. Batzuetan oso garbi ikusi izan da nondik sartu den gorputzean tximista, gerritik gora normalean,  eta nondik atera den, oinen inguruan maiz.

Tximistak dauden ekaitz baten erdian egokituz gero, badaude jarraitu beharreko aholku batzuk. Egoeraren araberakoak izan arren, egiteko orokor batzuk aipatuko ditugu.

Zuhaitzetatik urrun egon behar da; automobilean egonez gero bertan geratu zati metalikoak ukitu gabe; eremu zabalean egokituz gero txarrena zutik egotea eta korrika egiten hastea da, onena plastiko baten gainean edo isolatzaile baten gainean etzanda jartzea da, hankak elkartuta eta tolestuta daudelarik; lagun multzo bat izanez gero, onena bata bestearengandik hiru metroko distantziara, gutxienez, sakabanatzea da.