argia.eus
INPRIMATU
Saramagoren hirugarren saiakera

Unai Brea @unaibrea2 2012ko irailaren 05a
As intermitências da morte. Jose Saramago. Caminho (2005).
As intermitências da morte. Jose Saramago. Caminho (2005).

Nobela honek, bere bizitzan idatzi zituen azkenetakoak, zabaldu zizkidan Jose Saramagoren (1922-2010) unibertsoaren ateak, orain oso aspaldikoa iruditzen zaidan garai batean. Ez dakit eta ez dut inoiz jakingo zer gertatuko zen Saramago beste obra baten bitartez ezagutu izan banu; dakidana da As intermitências da morte-k sukar halako bat eragin zidala, hilabete gutxian Azinhagakoaren ia nobela guztiak erosi eta irenstera bultzatu ninduena. Betekada haren ondotik oso gutxitan itzuli naiz harengana. Hau da, hain zuzen, berriz irekitzeko adorea eduki dudan Saramagoren eleberri bakanetakoa.    

Beste zenbaitetan bezala (Ensaio sobre a cegueira, Ensaio sobre a lucidez), Saramagok egoera ez-erreal bat erabiltzen  du errealitatearen analisi gupidagabea egiteko. Kasu honetan, abiapuntua da izena aipatzen ez den baina Portugal izan daitekeen herrialde batean –beste konstante bat Saramagoren bibliografian–, halako batean jendeak hiltzeari uzten diola. Eleberriaren lehen erdian, egileak maisutasunez darabil abiapuntu hori mendebaldeko gizartearen miseria guztiak agerian uzteko. Analisi soziologiko gordina eskaintzen zaigu pasarte horietan, idazlearen trebetasunari esker eleberri izaera kontserbatzen duena. Ez zatekeen oso harritzekoa izango izenburua Ensaio sobre a morte ipini izan balio. Edo Ensaio sobre a velhice. Zeren, heriotzaz bainoago, zahartzaroari –zahartzaro eterno bati– buruzko hausnarketa egiten du hau idazterako 80 urteak beteak zituen Saramagok.

Aipatutako beste nobela bietan legez, lehen zati hori suertatu zitzaidan gustukoena. Izan ere, emandako beste adibideetan nola –Ensaio sobre a lucidez-en, batik bat–  kontakizunaren hariak biraketa bortitza egiten du As intermitências da morte-ren erdian. Heriotzak bueltatzea erabakitzen duen momentuan, hain zuzen. Une horretatik aurrera, ordura arteko gizarte osoaren ikuspegi panoramikotik jaitsi eta pertsonaia biren gainean jarriko du lupa Saramagok; batetik, heriotza bera, emakume batengan haragituta. Bestetik, hil behar lukeen baina hiltzen ez den gizona, izenik gabekoa portugaldarraren narratiban ohikoa denez. Ezin esan eleberriak kalitatea galtzen duenik bigarren zati horretan; baina niri, ez jakin zergatik, ezinegona eragin zidan bat-bateko ikuspuntu aldaketak.

Aldiz, oso erakargarri egin zitzaizkidan deserosotzat jotzen diren prosa saramagotarraren ezaugarri bitxi horiek: paragrafo eta esaldi amaiezinak, puntuazio arau konbentzionalenganako mespretxua... Lagun alemaniar batek, behin, etxeko apalategian zeukan Saramagoren eleberria erakutsi zidan, bere ama hizkuntzara itzulita. Portugaldarraren idazteko era berezi hori alemanaren gramatikara eramatea zein zaila den esplikatu zidan, pasarte batzuk  zein latzak gertatzen zitzaizkion... Portugaldarren obratik hain gutxi euskaratu izanaren zergatiak antzeman nituela iruditu zitzaidan orduan. Espero dut, hori bai, noizbait eleberri hau euskaraz argitaratzekotan, izenburua ez izatea Interneteko pare bat gunetan aurkitu dudan bera: Heriotzaren aldizkakotasunak.