argia.eus
INPRIMATU
Hazigintza
Jakoba Errekondo 2012ko irailaren 05a
Pagoa, Fagus sylvatica; lauzpasei urtez behin ematen du fruitua.
Pagoa, Fagus sylvatica; lauzpasei urtez behin ematen du fruitua.

Zuhaitzek eta arbolek fruitua eta hazia urtero ematen dutenaren ustea oso zabaldua da. Landareok urrun xamar dituenaren ustea. Ezagun dituenak badaki oso gutxik ematen dutela fruitua urte batean bai eta hurrengoan ere bai. Batzuetan bai eta beste batzuetan ez, ulertu ezinezkoa zaio askori; batez ere landareari mozkina, probetxua, etekina, irabazia, emaria, errenta eta onuraren hobariaren emaitza besterik ikusi ezin dionari. Nolatan, diote, jokamolde hori? Landare maltzurra! Urtero-urtero berdin antzera zaindu eta bizitzeko aukera eman eta noizbehinka, berak nahi duenean bakarrik ematen “dit” fruitua. Hortik abiatzen da arazoa, landareak fruitua guretzat ematen duela ustetik, fruitu-ekarria eta uzta nahastetik... Sagarrondo batek ez du sagarra guk jateko ematen. Bere espeziearen etorkizuna bermatzea besterik ez du adaburuan fruitua ekartzen duen landareak. Eta fruiturako bidean baldintza ugarik topo egin behar dute: landarea heldutasunera heldua, nahikoa jaki gorde eta pilatua izan, udaberriko loretik fruiturako tartean izotza edo antzeko ezer txarrik ez gertatzea eta, garrantzitsuena, landareak fruiturako gogoa izatea.

Pagatxa eta ezkurra, Fagus sylvatica, pagoaren eta haritzaren, Quercus sp., haziak bildu nahi eta urte batetik besterako gorabeherak eta joerak ulertu ezinik galdezka etorri zait sukaldari bat. Hasteko, ehunka urte biziko den zuhaitzak ez du fruiturako inolako presarik: 35-60 urterekin hasiko dira, pagoa lehentxeago hazi antzuak emanez. Sakabanatuta edo bakar antzera bizi den aleak pagadian edo hariztian bizi denak baino gazteago ekingo dio; jaki gehiago du sustrai erara eta espeziean gehiago pentsatuko du... Sagarrondo batzuk biz behin ematen duten eran, pagoak lauzpasei urtez behin emango du pagatxa eta haritzak bi-hiruz behin ezkurra. Bere gaitasuna ezagutu, indarrak neurtu eta aukerak egoki kudeatzearen ondorio da fruitualdia. Fruitua berandu heltzen duten landareak ahituta iristen dira neguaren atarira. Fruitu asko badu, udaberrian bertan badaki zer negu datorkion eta hurrengo urtean alerik ez hartzea erabakitzen du. Eta erabakia non edo han jaso eta bete. Nahikoa indar baduenean emateko erabakiarekin egingo duen gauza bera. Fruitua goiz ematen duten arbolekin ez da horrelakorik gertatzen. Goiz-sagarra, gerezia eta antzekoek udaren hasieran fruitua botata dute, eta negura artekoa indarrak berritu eta jaki erreserbak osatzeko badutenez, urtero fruitua emateko joera izango dute.

Aurtengoa bezalako uda bero eta agorren ondorengo urtean izaten omen du pagoak lauzpaseikako pagatxa urte hori.