Bost doikuntza plan gogorren ondoren eta 42.000 milioi eurorekin oso larri zorpeturik, Kataluniako Generalitat-ak joan den astean erabaki zuen Espainiako Gobernuari erreskatea eskatzea. Autonomientzako Likidezia Funtsera jo du, 5.063 milioi eurorekin urte bukaera arte kitatu beharreko zorrari aurre egiteko.
Generalitateko bozeramaileak ohartarazi du ez dutela “baldintza politikorik onartuko”, doikuntza programek exijitzen duten baldintza “teknikoetatik” harago. Diotenez, kopuru milioidun hori katalanek zergen bidez ordaindu dute eta ez da Katalunian inbertitu.
Politikari katalanek ordea, badakite dirua uzten duenak baldintzak jartzen dituela, Europak bankuen erreskatearekin egiten duen gisan eta laster etorriko den Espainiako Estatuko ekonomiaren erreskate orokorrarekin gertatuko den moduan. Ondorioz, erreskate horren ondoren, politikariek nahi dutena esango dute, baina Katalunia botere zentralaren eskurago egongo da. Madrilekin are dependentzia handiagoa izango du. Jadanik mugaturik dagoen autonomia katalanean esku hartuko du gobernu zentralak eta autonomiaren nahiz burujabetzaren kontrako filosofia inposatzeko aprobetxatuko du. Espainiako Ogasunak Kataluniako mugimendu guztiak kontrolatuko ditu.
Kataluniako erreskateak mahai gainean jarri du burujabetzaren inguruko eztabaida, bai Kataluniako nazioarena eta baita Euskal Herrikoa ere. Autonomiaren bidetik segitzeak dependentzia gehiago edo gutxiago izatera garamatza, egoeraren larritasunaren arabera. Aldiz, herri bakoitzaren zerbitzura dagoen fiskalitatea erabaki eta kontrolatuz gero, gure ekonomia eta finantzazioa antolatzeko atea ireki dezakegu. Espainiako Estatuaren egungo ereduari lotuta segitzea gure nazioentzat egiazko zama larria da. Gaur egun independentzian pentsatzea eta lortzea, jada ez luke fikzioa izan behar. Beharra da. Kataluniak duen beharra, eta Euskal Herriak ere bai.