argia.eus
INPRIMATU
ALEX SARDUI
"Rock and rolla eszena eta jarrera da: potroak eta obarioak"
  • Beti Gatibu eta beti libre.

Sustrai Colina 2012ko irailaren 05
Iñigo Azkona

Arrakastaren aparretan zabiltza. Oker begiratu behar nizuke.

Karramarrotan ari direla, estatubatuarrak mexikarrari: “Txo, taparik barik, ospa egingo dizute!”. Mexikarrak: “Bai zera, gurean behean daudenak berehala jaisten dute gorantz doana!”. Euskal Herrian, gauza bera.

Euskal Herriaz ari garela, hemen lehengoa beti da hobea.

Nostalgia. Jendeak sasoi onak gogoratzen ditu. Hori bai, “guk hau eta hura egiten genuen” esaten hastean belaunaldi berriei txanda uzteko garaia da.

Hemen lehengoa beti da hobea, eta kanpokoa ere bai!

Bruce Springsteeni jakina ordaindu behar zaiola, baina jakin dezatela muntaia hori nik ere egingo nukeela nigatik ordainduko balute! Zergatik iruditzen zaigu garrantzitsuagoa Mick Jaggerrek Euskal Herriaz inpresio ona eramatea euskal musika zaintzea baino?

Aizu, su artifizialak ikusteko ez dago kanpokorik ekarri beharrik, e.

Rock and rolla eszena eta jarrera da: potroak eta obarioak. Txarto egiten duenak potroak badauzka ikasiko du, baina ez badauzka eta su artifizialak jartzen baditu oholtzari su emango dio!

Zergatik ez dituzue irudi batzuk jartzen eszena janzteko?

Gu dena ematen ari garen bitartean jendea pantailari begira geratzeko? Horretarako pantaila jarri eta etxean geratzen naiz. Rock and rollean ez dago irudirik, rock and rolla rock and rolla da eta kito!

Telebistako aurkezle izatea ere ez da oso rock and roll, baina...

Ez daukat ezeren damurik. Asko ikasi nuen eta interesa pizten didan zerbait eskainiz gero berriz egingo nuke. Hori bai, arratsaldeetako tertulia programa frikietan ez nauzu sekula ikusiko, ez zaizkit piperrik gustatzen.

Edozer gauza, koruan elizaz eliza abesten hasi zinela jakin nuenetik...

Lehenbizi koadrilako neskak apuntatu ziren eta gero mutilak engainatu gintuzten. Tabernatxo bat zegoen, garagardoa merke, eta negua kalean baino epelago pasatzen zenez hiru urte egin nituen bertan.

Akabo rockero zaharraren mitoa.

Jendeak gure lanbidearen aurpegi ona soilik ikusten du: kontzertuak, diskoak, arreta mediatikoa, neskak... Behar txar eta esklaboa dela, familiak hausten dituela, oreka topatzea asko kostatzen dela ez da ikusten, eta ikusten ez dena ahaztu egiten da.

Rockero zaharra nioenean, adinaz ere ari nintzen.

Hirugarren entzule belaunaldiari ari natzaio kantari. Ez dakizu zer garrantzitsu eta zer ederra den niretzat 18 urteko neska edo mutil bati zer esana edukitzea.