Artikulu honen irakurlea harritu egingo da izenburuarekin, elkarrengandik oso urrun dauden hiriak lotzen baititu: Washington AEBetan, Marikana Hegoafrikan eta Gasteiz Euskal Herrian. Hain urrunekoak eta aldi berean hain igoalak, agintean dagoen sistema kapitalistak eta bere poliziek hiru hirietan izan duten ekintza asasinoagatik. Azken egunetan langile masakrea gertatu da Marikanan, poliziak platino enpresa bateko 34 meatzari beltz hil ditu. Multinazional ingelesa Lonmin da, zuriek kudeatua. Arrazoia, soldatak hobetzearren egindako greba. Meatzariek 400 euro irabazten dituzte eta 1.250 euro eskatzen zituzten, egungo soldataren hirukoitza, euren txabolak abandonatu ahal izateko. Lanera itzultzen ez baziren despedituak izango zirela esan zieten, baina hala ere grebari eutsi zioten: “Jendea hilda dago eta oso haserre gaude; lanera itzuliko bagina alferrik hil izan balira bezala izango litzateke”, esan du grebalarien bozeramaile batek.
Historia errepikatu egiten da. 1886an ehunka langile jipoitu zituzten, 14-16 orduko lan-eguna murriztea eskatu zutelako. Salatzeko hiri ugaritan manifestazioak egin zituzten eta horren ondorioz sei langile urkan hiltzera kondenatu zituzten. Geroztik ospatzen da Maiatzaren Lehena mundu osoan. Gure artean, 1976an, polizia frankistak Gasteizko langileak masakratu zituen. Lan hitzarmenen alde greba orokorra egiten ari ziren eta haietako bost langile poliziaren balek hil zituzten. Ondorioa: gaur, atzo bezala, kapitalismoak boterea eta etekinak izaten jarraitu nahi du, eta prest dago polizia eta kudeatzaile politikoen bidez jendea hiltzeko. AEBetan, Hegoafrikan, Euskal Herrian eta mundu osoan. Jakin behar da hori, eta prestatuta egon.