Hala zioen bai gure lagun baten amonak: hemen dala abuztu nazkagarri hau! Aurten behintzat halakoxea izan da. Eskerrak joan den. Joate horretan, ordea, garuna urtze bidean ere jarri zait eta memorian galdutako artxiboak, orbela askan bezala, ur gainera azaleratu...
Beroa lama, urtero udak dakarkidan luxu bakanetakoa zuzeneko pilota-jokoak bizitzeko gozamena da. Errebotea eta laxoa, gehienetan. Eskuz baino zestoa, xixtera edo guantearekin jokatzen direnak ditut gustukoago. Joko horiek plaza luzetan eta ordu luzez jokatzen dira. Udaren nazkagarrienekoak direnez, ikuslearentzat itzala behar eta ia denetan platanoa (Platanus x hispanica) topatuko duzu plazaren txapel.
Umetatik gozatu izan dut errebotea. Aita eta osabak zestoa eskuan, kirola ez den kirol bakarra jokatzen itzaletik ikustea, memorian sekula galduko ez diren artxiboen baheak jasotzen du. Markatutako artxiboa, markatutako gorputzaren memorian... Jokoa ikasteko toki onena, beti bezala, arriskutsuena da. Behin baino gehiagotan jasoa dut pilotakada. Bat, ederra, berna-hezurrean danba. Kankatekoa jaso eta segituan izotza hankan banuen ere, egun osoa behar izan nuen nire onera inguratzen hasteko. Ni hara bueltatzen, ordea...
Errebotea bizi duten plazen artean dotoreenetakoa den Beterriko Zubietakoan herrikoen arteko final bikaina ikusi nuen, gustura asko! Handik lau egunera Arraiotzen jokatu zen Baztan-Erreka izena duen XXXIII. laxo txapelketaren finala. Doneztebeko talde gazte kementsua emeki menperatu zuen (9-3) Iruritako talde eskarmentudunak.
Apreta izaten dut urte sasoi horretan oinetako, baina txarolezko zapata berriekin baino gusturako izaten naiz horrelakoetan. Zubietakoan bezala Iruritako plazan bada platanoen gerizpea. Nik, baina, batean eta bestean Hibiscus siriacus, Siriako hibiskoaren itzala nahiago.
Hantxe daude toki arriskutsuenetan siriarrak: Zubietan Kale-berriko baratzean eta Arraiotzen Harotzeneako atarian. Urtetan itxura ederrari eta uda osoko lore emanari eusten dietenez, taxuz loratzeko nahitaezko dituzten burdina eta kobrea eskura behar dituzte izan. Ingelesek oinetakoen lorea deitzen diote; itxura denez, garai batean oinetakoak garbitu eta distira berezia emateko erabiltzen zuten lorearen aterakina. Distira horren koloreari ere “hibisko beltza” deitzen zaio, nire apreten kolore bera.