argia.eus
INPRIMATU
Usainez mozkor
Jakoba Errekondo 2012ko uztailaren 25a

Marrubi usaina duen menda, menda usaina duen geranioa, limoi usaina duen luisa-belarra... Hamaika usaintzeko gaude. Lurrinen soroak oparoak dira. Soroak, soloak edo dena delakoak. Denak latinezko solum ez al dira, bada? Lurra, horixe da soroa. Euskaldunon neolitotik gelditu zaigun ikuskera: soroa da lurra, landu daitekeen lurra, geuk emankorrago egiten dugun lurra. Honelaxe zioen Gernikako Gaztetxea tartean Busturialdea Auzolanean taldeak antolatutako Soloan Berriketan deituriko topaketarako deialdiak: “Udaberria martxan! Ari dira soloak berpizten. Lurraren indarra jaso, elikatu, lagun artean konpartitu, Lurrari jabetasuna eman. Udaberriaz berritu. Usainekin mozkortu. Koloreekin liluratu. Eguzkitan busti, haize finaz garbitu, gogortu, sendotu, elkarren ondoan gozatu, berotu, izerditu, urtu.” Soroa ez den lurrak ere usainak sortzen ditu. Baina Busturiako soloari ere usaina dario, udaberrian bezala urte osoan, ez dago mozkortu beharrik baina, ala bai? Ni baiezkoan...

Mozkin dira gaur egun usain gehienak. Badira naturalak, landu gabe bilduak, baina gehienak soroetan edo fabriketan sortutakoak dira. Lurrin asko eta asko artifizialak dira eta imitazio onak badira ere, ez dira. Marrubi usaineko jogurtak jatearen jatez marrubiaren usaina ez dute ezagutuko gure haurrek etorkizunean.

Soroetan sortzen diren usainak ere badira. Tartean, sona ikaragarria hartua dutenak. Okzitaniako Tolosan galdetu behar! Hango bioletaren usaina hobetuko duenik ez omen da... Historia luzea du bioleta (Viola sp.) langintzak alde horretan eta etekin ederra atera diote. Usaina, perfumea da landareño horren mozkin ezagunena baina azukretan kristalizatutako loreak, ziropak, marmeladak, likoreak, eztiak... zer ez dute egiten bioletaz? Plater ugaritara ere eramaten dute. “Hiri arrosa” deitzen zaio, bere adreiluzko etxeak direla eta; nik “hiri morea” deituko nioke, otsailero egiten duten bioletaren jaialdira azaldu eta zuzen ote nabilen erabaki...

Patxulia aipatu gabe ez diot oporraldiari ekin nahi. Gero eta gehiagotan aditzen dut patxuli usaina, boladan dago. Pogostemon cablin landarearen hostoen esentzia da. Hippyen garaiko lurrina zen, zikin-estalki ona, ez dutxatzearena, drogena eta abar... Lagun baten amonak esaten zuen bezala “badator abuztu nazkagarria” eta egun, egunean bitan dutxatzea derrigorrezkoa dela badirudi ere, izerdi usainak ezkutatzeko: patxulia. Aldamenekoak zer ote dio, baina? Horrek bai mozkortu. Gustatu egin behar!