argia.eus
INPRIMATU
Urdulizko istripuaren biktima guztiak

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko uztailaren 25a
Istripuaren irudia.
Istripuaren irudia.

Urduliz (Bizkaia), 1970eko abuztuak 9, 19:30. Geltoki buruak Plentziara bidaiaririk gabe zihoan tren baten irteera baimendu zuen. Ordurako beste tren bat abiatua zen Plentziatik Bilborantz, hondartzatik zetorren jendez gainezka. Bi trenek bide bakarreko eta ikuseremu urriko zatia igaro behar zuten. Orduko 45 kilometroko abiadura gehiegizkoa izan ez arren, makinistek ezin izan zuten arriskua ikusi. Geltoki burua egindako akatsaz jabetu eta korronte elektrikoa mozten saiatu, baina ez zuen lortu. Garaiko komunikazio teknologia urriak ere ez zion makinistei ohartarazteko aukerarik eman. Talka izugarria izan zen, Euskal Herrian sekula gertatutako tren istripurik larriena: 33 hildako eta 160 zauritu baino gehiago, horietatik 29 larri.

Ingurukoak berehala joan ziren laguntzera, besteak beste, DYAko sortzaile eta presidente Juan Antonio Usparitza: “Iritsi nintzenean nahasmena izugarria zen. Laguntzera hurbildutakoek oso borondate ona zuten, baina borondate ona besterik ez; han ez zen antolakuntzarik, gidaritzarik...”. Beste lekuko batzuen arabera, inguruko landaredia trinkoak asko oztopatu zituen erreskate lanak; “gorpuak aurkitzea eta garraiatzea lan nekeza izan zen”.

Ezbeharraren arrazoi ofiziala “esplikaziorik gabeko giza akatsa” izan zen. Okupatuta zegoen bidea erabiltzeko baimena eman zuen langileak egin zuen akats hori, Urdulizko geltoki buruak, alegia. Hala, Bilboko tren enpresako (Compañía de Ferrocarriles Suburbanos de Bilbao) arduradunek arazo teknikoak baztertu eta erantzukizuna saihestu zuten. Istripua gertatu eta bi egunera, Rafael Martinez epaileak Urdulizko geltoki burua Basauriko espetxean sartzeko agindua eman zuen.

Baina, gerora jakin zenez, “esplikaziorik gabeko akatsak” bazuen esplikazioa. Eta ez nolanahikoa. Langileak hamasei orduko lanaldiak egin zituen aurreko lau egunetan, goizeko 5:00etan hasi eta gaueko 23:00etara arte. Gainera, egun horietan geltoki laguntzailea ez zen lanera joan. Hortaz, geltoki buruak, trenen zirkulazioa kontrolatzeaz gain, leihatilan txartelak saldu behar zituen, langak jaso, orratzak aldatu...
Hainbat hilabete espetxean eman ondoren, istripuaren “erruduna” aske utzi zuten. Eta handik gutxira hil zen, teorian osasun arazoak medio. Haren ingurukoen esanetan: “Atsekabeak jota hil zen. Istripuak bera ere hil zuen”.