argia.eus
INPRIMATU
Sare sozialak
Twitter euskaraz, hurrengoa zer?
  • Duela urtebete pasatxo #twittereuskaraz kanpaina abiatu zenetik atxikipen ugari jaso du eskaerak. Otsailean, AEBetako enpresa erraldoiak euskaratzeko baimena eman zuen, eta abuztuan, ondo bidean, itzulpena prest egongo da. Batzuk hurrengo kanpaina zein izan daitekeen pentsatzen hasiak dira.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2012ko uztailaren 25
Munduan 34 hizkuntzak lortu dute Twitter itzultzeko baimena, tartean euskarak.
Munduan 34 hizkuntzak lortu dute Twitter itzultzeko baimena, tartean euskarak.

Twitter sare sozialaren euskarria itzultzeak esan nahi du, gutxi-asko, 3.000 hitz, esaldi edo termino euskaratu behar direla, beti ere ingelesetik. Hiru hilabete dira euskal erabiltzaileak itzulpen lanetan hasi zirela eta uztailaren 5erako dena eginda egongo zela aurreikusi bazen ere, opor betean bukatzeko asmotan dira. Aldizkaria itxi genuenean %91 zegoen euskaratuta. Bide batez esan, edozein hiztun komunitatek musutruk itzultzen duela tresna, alegia, enpresak hiztunen esku uzten duela itzulpen lana. Twitter enpresak ingelesez sortu zuen Interneteko sarea, eta ondoren, hainbat hizkuntza hautatzen joan da bere tresna itzultzeko. Zenbait hiztun komunitatek eskaerak egin dituzte eta Internet bidezko kanpainekin babestu dituzte. Baimena lortutakoan sareko erabiltzaileak lanean hasten dira.

Enpresa multzoka aritu da tresna itzultzeko baimenak ematen. Euskara baino lehen, Twitter 28 hizkuntzatan zegoen. Katalana, ukrainiera, greziera, txekiera, afrikaansa eta euskara izan dira trenera igo diren azken sei hizkuntzak. Beraz, euskara lehen 34tan sartu da.

“We would like to translate Twitter to Basque”

Lander Arbelaitz Argiako kazetariak eta #twittereuskaraz kanpainaren bultzatzaileetakoak, 2010ean ikusi zuen nola katalanak hasi ziren enpresari itzultzeko baimena eskatzeko kanpainarekin. Urtebetera, plataforma lehen zazpi hizkuntzetara zabaldu zutenean (gaztelaniara eta frantsesera, tartean), katalanei esan zieten entzun zietela eta hurrengoak haiek izango zirela. Ideia gustatu, eta euskarak ere hor egon behar zuela pentsatuta, gauza bera egitea erabaki zuen Arbelaitzek, "bi aldiz pentsatu gabe". Besteren artean Twitter enpresako kudeatzaileak, mezu hau jasoko zuen: We would like to translate Twitter to Basque, alegia, “Twitter euskarara itzuli nahi dugu”. Twitter tresna bera erabiliz egindako kanpainak kolpeko erantzuna izan zuen. Bi egunetan kudeatzaileak 1.200 txio edo mezu jaso zituen; gero abiada makaldu zen. Pertsonaia ezagunei ere, mezua zabaltzeko laguntza eskatu zitzaien eta batzuek kanpainari atxikimendua eman zioten berehala, hala nola Patxi López Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Xabi Alonso futbolariari eta Fermin Muguruza musikariak. Beste askok ondoren ere bat egin dute eskaerarekin. Arazo teknikoen erruz, sei hilabetez atxikipenak egiteko aukerarik ez zen izan.  Joseba Kamio erabiltzaileak beste bultzada bat eman zion eskaerari, Guk maite zaitugu, maita gaitzazu zuk ere lelopean mezuak bidaltzera animatuz twitterlariak denbora batez.

Tuit ala txio?

Enpresak itzultzeko baimena emanda, Itzulpen Zentroa eskura jartzen die itzultzaileei. Orri bat irekitzen du sarean eta pantailaren ezkerraldean sare sozialak daukan eduki guztia eskaintzen du ingelesez; esaldika, terminoka... Eskuinean euskarazko baliokidea jartzen joan dira erabiltzaileak. Boluntarioa sartu eta ordurako itzulita baldin badago –itzulpen aukera bat baino gehiago egon daitezke–, gustukoena bozka dezake edo bestela norberaren proposamena egin. Itzulpenak onartua izateko bozka kopuru gutxienekoa behar du.

Osasungarria denez, eztabaidak izan dira hainbat termino nola itzuli erabakitzerakoan. Horren lekuko da sustatu.com-en Abuztura arte itxaron beharko ‘Twitter euskaraz’ ikusteko artikuluko iruzkinetan sortutako eztabaida: tuit ala txio, zein erabili? Gaiari lotuta, Gorka Julio sare sozialen erabiltzaile beteranoak, Berrian itzulpengintza-lokalizazioaz idatzi zuen artikulua. Hark Twitter itzultzeaz baino, euskarara lokalizatzeaz hitz egin zuen. Hala zioen: “Aukeran txio nahiago. Arrazoi batzuk: T-z hasten da eta ongi ulertzen da, berezkoaren esanahi bera du eta gure hiztegian dago, TT Trending Topic gehien aipatutako gaiei TxorroTxio deitzea dibertigarria iruditzen zait, haurretako kanta bat ekartzen dit gogora... Beste hitz batzuk ere asmatu izan ditugu, arroba (abildua), feed (jario) hashtag (traola)... Zergatik ez oraingoan? Kasu ezberdina? Hauek ere, erabiltzen hasi ginenean inork erabiltzen ez zituela gogoratu beharko genuke”.

Azkenean, Tweet hitzaren euskarazko ordaina Txio izango da. Ondoko pasartea argigarria da lokalizazioaren alde egindako ahalegina ikusteko. Twitterren Itzulpen Zentrotik baliokidea baina aldi berean ezberdina den ideia baten ordaina da, euskal erabiltzaileren batek egina, eta gainontzekoek babestua: "Twitterren egunero hamaika gauza gertatzen da, azken orduan pintxo-poteoan kroketak atera dituztela, Orion berriro balea agertu dela, Gaintxurizketan kontrola...”.

Twitter euskaraz izatearen balioa

Munduko webgunerik garrantzitsuenetakoak pixkanaka euskaraz izatea lortu da: Google, Youtube, Facebook eta Wordpress, gutxi batzuk aipatzearren. Twitter talde horretan sartuko da aurki. Lander Arbelaitzen ustez, Twitterrekin gertatu denak erakutsi du Internet bidezko kanpainetan zarata ateratzea lortzen dela: “Begira zer lortu dugun 2.000 inguru atxikipenekin. Oraindik euskaratuak ez dauden euskarriak enpresa handiei eskatzen asmatzen baldin badugu emaitzak lor daitezke. Sareak kanpainak antolatzeko bideak ematen ditu. Pena eman eta hizkuntza salbatzeko laguntza behar dugula esan beharrean, beren erabiltzaileak garela eta errespetuz tratatu nahi bagaituzte, euskara kontuan hartu behar dutela erakutsi behar diegu. Helburu onenak aukeratu eta Interneten kanpainak egiten hasi beharko genuke. Zergatik ez Androidak eta Apple etxearen iPhoneak eta Mac ordenagailuak hurrengo? Hori ere iritsiko da”.