Bake prozesuak 8.000ko mendiak dira. Ez dago gailurrik sherparik gabe.
Prozesuaren zein puntutan gaude?
Bake prozesu hau aurreko bake prozesuen emaitza baizik ez da. Orain arteko saiakerek porrot egin arren, bakea sendotzeko indarkeria errefusatu beharraz jabetzeko balio izan dute. Abertzale gogorrenek esklusiboki bide baketsu eta politikoen alde egiteko erabakiak heltze prozesu bat eskatzen zuen, eta nazioarteko komunitatearen esku hartzeak Aieteko bake konferentzia burutzeko baldintzak sortzen lagundu du. Ezinbesteko mugarria da Aietekoa. Handik hiru egunera etorri zen borroka armatuaren atea behin betiko itxitzat ematen zuen ETAren adierazpena. Horrek euskal gizarte osoak, ezker-abertzalearen sektore guztiak barne, indarkeria errefusatzen duela islatzen du, eta ziurrenik, baita Espainiak eta Frantziak eskuz esku eramandako borroka antiterroristak tantoak bereganatu dituela ere. Testuinguru horretan aro berri bat zabaldu da, esperantzaz betea, oraindik ere arazo korapilatsuak konpontzeke dauden arren.
Aieteko adierazpenaren lehen puntua berehala bete zuen ETAk. Bigarrenak Espainiako eta Frantziako estatuei elkarrizketa abiatzea eskatzen zien; bete gabe jarraitzen du.
Egia da, baina azken hilabeteotako jarrera aldaketak azpimarratu nahi nituzke. Batetik, joan den urrian, egun Espainiako gobernu-buru denak pragmatismo handia erakutsi zuen, Alderdi Popularreko goi-arduradun guztiek, Aznar buru, kritika bortitzak egiten zituzten bitartean isiltasunari eutsiz. Bestetik, Espainiako justiziak Sortu legeztatu izana esanguratsua da, mezu zehatz eta jakina igortzen duen konfiantza neurria delako. Azkenik, Espainiako hauteskundeek, gehiengo absolutua duen gobernu berri bat ahalbidetzeaz gain, argi eta garbi utzi dute indarkeria ezaren bideak babes garrantzitsua duela euskal gizartean. Denentzat berria den ingurumarian gaude, eta esango nuke eragile bakoitza bere tokia eta papera zedarritzen ari dela, estrategiak ez daudela oraindik arras finduta. Antzeko zerbait gertatzen da Parisko Gobernuan ere. Ez dago gai honen inguruko erabateko adostasunik, ez doaz denak arrasto berean, ez dira denak Barne ministroaren ustekoak. Espero dut hurrengo hilabeteetan eragile desberdinak Aietek suposatzen duenaz jabetuko direla, eta araberako urratsak emango dituztela.
Zure baikortasunaren kontrapuntu, atxiloketek jarraitzen dute, Espainiak ez dauka Parot doktrina deuseztatzeko asmorik, preso gaixoek kartzelan segitzen dute...
Trantsizio prozesu batean gaude, eta trantsizio prozesuak ez dira inoiz homogeneoak, koherenteak eta aldebakarrekoak izaten. Eragile bakoitza ez da baitezpada homogeneoa bere baitan, sokak aurrera eta atzera egiten du, eta epe luzera aztertu behar dira mugimenduak. Ulertzen dut ezker-abertzalean antsia zabaltzea, baina ez da ahantzi behar aski gatazka zaharra dela, lau hamarkadatik gorako indarkeria bizi izan dugula, eta denbora perspektiba horretatik kudeatu behar dela. Berehalako emaitzak jaso nahi izateak bete ezin diren exijentziak sortzea dakar. Horregatik, emaitzen inguruko itxaropen umila behar dugu, baina aurrera egiteko determinazio irmoa.
Nola ezkontzen dira bake prozesu baten pausokera motela eta gizarte honek denborarekin duen harreman frenetikoa?
Egia da twitt-aren aroan bake prozesu bat ez dela oso sexia. Bake prozesu bat geldoa da, kaotikoa, zaila. Bi bake prozesutik batek porrot egiten du lehen bost urteetan. Horixe da errealitatea, ez makilatxo magikoaren berehalakotasuna. Hori pragmatismo handiz kudeatu behar da, arrazionaltasunez. Bakoitzak ulertarazi behar die bere jarraitzaileei nahikeria handia beharko dela, pazientzia izugarria, eta oztopoak gainditzeko egoskorkeria. Eragileek ezin dute gauetik goizera dena konponduta egongo dela saltzen ibili. Bake prozesuen logika ez da hori. Erdibideko konpromiso asko egongo dira, batzuk oso mingarriak, eta bidea ez da batere samurra izango. Presoen gaia, edo ETAk armak entregatzea zein egitura desmantelatzea oso gai konplexuak dira. Eragile bakoitzak bere interesak dauzka, eta bakerako urratsak ez dira inorentzat kanpotik diruditen bezain errazak izaten. Jokoan dagoenak hori eta gehiago merezi du, ordea.
Orain arte ez bezala, gatazkaren konponbidean lehen mailako protagonistatzat seinalatu duzue Frantzia. Estatu batek bestea mugiarazi dezake?
Frantziak beti esan du euskal auzia Espainiari zegokiola, baina Aieteko adierazpenak zuzenean jotzen du Eliseoko aldaba, eta espero dut atea irekiko dutela. Oso gai labainkorrak daude bideratzeke. Horietariko bat, Frantzian zehar, euren sorterritik urrun dauden 150 euskal preso politikoen hurbiltzea. Guk oso baikorki baloratuko genuke preso horiek Euskal Herritik ahal bezain bat gerturatzea, eta Frantziako Estatua soberanoa izaki, sinetsi nahi dut une egokia dela iruditzen zaionean gisa horretako konfiantza neurri bati bide emango diola. Horrek dinamika bertutetsuak ekar ditzake, gatazkaren xake-taulan pieza bat mugitzen duen orok nahitaez eragiten baitie beste guztiei.
EAEko legebiltzarrerako hauteskundeek zenbateraino mugitu dezakete xake taula?
Hauteskunde giroa ez da onuragarriena bake prozesuetarako. Alderdi bakoitzak, izatez eta ekitez, bozka ehizarako bokazioa du eta karta oportunistak jokatzeko tentazioa gailendu daiteke. Alabaina, parez pare izan ditudan Euskal Herriko eragile politiko gehienek oso garbi dute exijentzia elektoralak zeintzuk diren, baina era berean, badakite pragmatikoak eta arrazionalak izan behar dutela geroz eta bake prozesu sendoagorantz doan norabideari eusteko. Hurrengo EAEko hauteskundeek paisaia politikoa berriz marraztuko dute, Espainian dinamika berria sortzeko aukerak zabalduz. Hori hala, eta Sorturen legeztatzeak zabaldutako bideari jarraiki, garrantzitsuena alderdi guztien arteko elkarrizketa abiatzea izango da.
Hala balitz, biktimen gaia gai-ordenean egongo litzateke.
Biktimak beti dira talde esanguratsua munduko edozein gatazkaren konponbidean. Alta, ez dute sekula talde homogeneoa osatzen, eta euskal gatazka ez da salbuespena horretan. Ez da egia biktima guztiak alderdi politiko baten estoldetan daudenik, nahiz eta alderdi politiko guztientzat biktimen instrumentalizazioa oso tentagarria izan. Biktima bakoitzak dauka bere historia, bere ideologia, bere ingurua, eta pertsonak diren neurrian, garapen bat izan dezakete. Horregatik, oso garrantzitsua da biktima guztien sufrimendua onartzea. Ezin dugu ETAren atentatuetan ia mila lagun hil ez balira bezala segi. Ezin dugu Espainiako Estatuak urratutako giza-eskubideen aurrean begirik itxi. Demokrazia aurretik zein demokrazian, jende askok galdu du bizia. Horiek oro errealitate ukaezinak dira, baina biktimak egoteak ez du esan nahi bake prozesua bertan behera laga behar dugunik. Iraganaren dimentsioa aintzat hartu behar da, baina etorkizunera begiratzeko, orainaldian bizitzen ikasteko. Ulertu dezaket biktima batzuentzat oso mingarria izan daitekeela, jasangaitza, baina beste biktima asko prest daude euren sufrimendu pertsonalaz gaindiko aurrerabideak urratzeko.
Iraganaren dimentsioaz ari garela, nola ulertzen duzu kontakizuna berehala egiteko alde guztien antsia? Ez al dira aurreragoko lanak?
Gizarte batek bere iraganaren jabe izatea erabaki dezake, baina gizarte bat elementu desberdinen arteko aniztasunak ezaugarritzen du beti. Horregatik, alde guztiak saiatzen dira sendo agertu eta euren errelatoari indarra ematen, berau gailendu dadin. Hori oso sanoa iruditzen zait, dagoeneko ez baikaude konfrontazio armatu batean, konfrontazio ideologiko eta memorial batean baizik. Apurka-apurka hitzak artikulatzen ari dira, eta kontakizun bakarra ez harilkatzeak ez nau batere kezkatzen. Alderantziz, osasungarria iruditzen zait memoria desberdinak agertzea. Amerikako Estatu Batuetako XIX. mendeko gerra zibilak aztertzen baditugu, oraindik ere oso errelato desberdinak egiten dira Estatu Batuen iparraldean ala hegoaldean. Demokrazia baten baitan alta, ideia desberdinak adierazi daitezke, eta aniztasun horrek ez luke arazo izan behar. Funtsean, bata bestearen ondoan bizi ahal izatea da kontua, indarkeriarik gabe, elkar errespetatuz. Horregatik, berradiskidetzeaz baino nahiago dut normalizazioaz hitz egin, eta bakoitzak bere posturak mantendu arren, sanoa iruditzen zait memoria eta enpatia lan hori. Bidearen parte da.
Zein da bide horretan justiziak bete beharreko papera?
Justizia penalaren arloan, aterabidearen atarian, krimenen errudunen aurkako ekinbide judizialek jarraitu behar dutenentz galdetzen da amnistiaren mozorropean. Galdera juridikoa izan arren izugarrizko mami politikoa dauka, eta eragile politikoei dagokie auzia trenkatzea. Ez dago formula matematikorik, hari mutur anitzek baldintza dezaketen deliberoa da, eta eragile politiko desberdinen arteko jokoak ekarriko du justizia penalak hartu beharreko bide egokienari buruzko adostasuna. Justizia restauratiboari dagokionez, aldiz, iraganaren narraziora itzultzen gara, eta hor niretzat erlijio bat osatzetik oso urrun dauden eredu andana dago. Egun, munduan, Egia eta Berradiskidetzearen inguruko 40 bat batzorde daude. Hamar baino gutxiagok eman dituzte emaitza asebetegarriak, asko bidean desegin edo porrot entzutetsuak izan dira, baina horrek ez du esan nahi baliagarriak ez direnik. Batzorde horiek, eta justizia trantsizionalak oro har, urteetako gatazkaren ondorioz pitzatutako konfiantza berreskuratzea dute xede, azken hau, justizia penala, egiaren bilaketa, konponketa, eta ez errepikatzeko bermeen inguruan ardazten delarik. Baina berriz diot, bakoitzak urratu behar du bere eredua, ez dago makilatxo magikorik.
Ez ote da iraganari buruz hitz egitea bezain garrantzitsua etorkizuna ehuntzen hastea?
Denok dakigu bakoitzak etorkizun desberdin bat amesten duela. Batzuek autodeterminazioa nahi dute, beste batzuek orain arteko egitura politikoa, baina hortaz bertako eragile politikoek eztabaidatu beharko dute, ez ni bezalako kanpoko eragileek. Jendeak uste baino askoz paper xumeagoa da gurea. Bake prozesu bat hamar sarrailako atea baldin bada, bederatzi bertakoek irekitzen dituzte, eta gure esperientziak eta savoir-faire-ak ertzeko hamargarrena zabaltzen laguntzeko baizik ez dute balio. Bertakoek egiten dute gerra eta bertakoek bakea. Eurak dira bake prozesurako baldintzak sortu ditzaketenak, eta eurak eurentzat balio duen bakea eraikitzeko indarra dutenak. Ez dut inposatutako bakean sinesten. Horregatik, bertakoek Euskal Herriaren etorkizuneko egiturari eta izateari buruz eztabaidatzeko bidea erraztea baizik ez da gure lana. Zentzu horretan, espero dut Aieteko adierazpen arrakastatsuaren lehen urtebetetzeak aukera emango digula bake prozesuari beste bultzada bat emango dioten eta etorkizun berri bati begira jarriko gaituzten urrats gehiago agertzeko.
Zerk bultzatzen zaitu zu halako ur arreetan sartzeko urratsa ematera?
Azken 25 urteetan gatazka anitz jarraitu ditut, kazetari bezala lehenik, eta bake prozesuetako eragile bezala gero. Azken lau hilabeteetan Kolonbian, Ekialde Hurbilean, Burundin, Nepalen eta Balkanetan izan naiz, eta jabetzen naiz ze gaitza den bakea, jendeak zenbaterainoko itxaropenak dituen eta eragile politikoen maltzurkeriak nola zapuzten duen guztia. Euskal Herrian ez dago Bosnian gailentzen ari den etorkizun ezaren sentimendurik, ez dago Burundin dagoen pobrezia eta ustelkeriarik, edo Nepaleko diskriminazio inpunerik. Hemen aurre-baldintza positiboak daude, beste errealitate batzuekin alderatuta baikor izateko motiboak, eta ni bezala berradiskidetze edo normalizazioaren gaia bizi duen batentzat liluragarria da hori, ur arreenetan igeri egiteko bezain liluragarria.
1956ko uztailaren 15ean Alexandrian (Egipto) sortu zen suitzarra. Egun, Genevako unibertsitatean eta Parisko Sciences Po-n justizia trantsizionaleko irakaslea da. Aurrez, NBEko berriemaile izan zen Libération eta Temps egunkarientzat, AEBetako bakearen institutuko kolaboratzaile nagusi zein Harvardeko zuzenbideko irakasle, eta baita NBEn giza-eskubideen goi komisarioaren aholkulari politiko ere. Liburu anitzen egile izateaz gain, bake prozesu askotan hartu du parte, eta Brian Currin buru duen gatazka konpontzeko Nazioarteko Harremanetarako Taldeko sei kideetako bat da.
“Arazoa baino gehiago, soluzioa da prentsa. Normala da kazetariek gehiago jakin nahi izatea, espekulatzen ibiltzea, eta eragileak presionatzea gauzak azkarrago joan daitezen. Hala ere, prentsak gizartearen normalizazio nahia islatzen badu, eta horrek eragile politikoak ernatu eta trabak gainditzeko jarreran jartzen baditu, ni pozik”.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.
Tennessee (AEB), 1820. Nathan Green esklaboa jaio zen, Uncle Nearest edo Osaba Nearest ezizenez ezaguna. Ez dakigu zehazki zein egunetan jaio zen eta, oro har, hari buruzko oso datu gutxi dauzkagu 1863. urtea arte, orduan lortu baitzuen emantzipazioa. Dakiguna da 1850eko... [+]
Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.
Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.
Hizkuntza gutxituei begira Frantziaren jarrera salatzeko prentsaurreko bat egin dute Parisen hainbat diputatuk. Frantziako hizkuntza gutxituen kontrako azken erasoek protestak eragin dituzte Korsikan, Katalunian eta Martinikan. Régions et Peuples Solidaires mugimenduak... [+]
Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]