Oporren usainean gosetzen den horietakoa bazara, irakurtzeko izan ez duzun denbora orain hartuko baduzu, hona hemen Argiako erredakzioko kideek luzatutako gomendio sorta. Irensteko modukoak iruditu zaizkigu denak. Gura bazenu.
Egungo krisiaren azalpena (Saiakera)
Capitalismo Global.
El transfondo económico de la historia
del siglo XX.
Jeffry A. Frieden.
Memoria Crítica,
2006.
726 orrialde.
Egilearen ikuspegi keynesiarra galbahe, XX. mendeko ekonomiaren historia kontatzen da liburuan. Kontaketa moduagatik, oso interesgarria da ekonomia gustuko izan baina ekonomiaren historian sakondu ez duenarentzat. Lau bloke nagusitan banatzen du historia hau: 1914ra arteko lehen globalizazioa, bi mundu gerren arteko garai berezia, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo ongizate estatuaren hamarkadak eta egungo globalizazio edo mundializazio prozesua.
Lerroetan aurrera egin ahala, irakurleak laster harrapatzen du zein garrantzi handia duten ekonomiaren alorreko gertaerek historiaren bilakaeran, eta, zalantzarik gabe, oso lagungarria da egun bizi dugun ekonomi krisia ulertzeko. Krisi garai bakoitzak bere ezaugarriak eta testuingurua badu ere, nekez esan ahal izango du inork herrialde aberatsetan gertatzen ari den finantza krisia berria denik.
Liburuak era samurrean ulertarazten du XX. mendean mundu mailan emandako hazkunde ekonomiko itzela. Autorea globalizazio zale amorratua da, baina ikuspegi kritikoz aztertzen du bere bilakaera eta globalizazioa kontrolatu beharko litzatekeela uste du. Gabezia garrantzitsu batzuk ere baditu liburuak: adibidez, oso lerro gutxi eskaintzen dio ikuspegi militarrak globalizazio horretan izan duen garrantziari, eta ekonomi hazkundearen tamainak planetaren jasangarritasunean dituen ondorio tamalgarriak aipatu ere ez ditu egiten.
Xabier Letona
Nahi gabe idatziak (Lukukotasuna)
Bakarmortuko kronikak
Mikel Antza / Ataramiñe.
Bakarmortuko kronikak Mikel Antza presoaren liburua da. 2004ko urritik 2005eko ekainaren bitartean idatzia. Idatzi nahi ez nituenak da liburuaren azpititulua. Idazle izan gabe, nekez idatziko luke preso dagoen inork tamainako lekukotasunik. Antzak isolamendu erabatekoa jasan zuen, tortura psikologikoa, bakartasuna, baita hainbat gose greben ondoriozko suntsipena ere. Idazleak bizitakoa narratzea erabaki du, baita imajinazioak eskaintzen dion zoria bertsotan paratzea ere. Ezintasunen eta mendekotasunen espazioan, emaztea eta semea bihotzean, herria gogoan, kantu ezagunak buruz ikasteak lagundu dio bizitzen presoari. Espetxeetako hiztegiaren berri ekarri du. Bakarmortua Antzaren hitza da. Kartzela, labirintoaren labirintoa izaki, berau deskribatzen duen hitza da Bakarmortua. Hiztegikoak dira ere Behatxuloa –Sonia Gonzalez idazleari hartutako mailegua– edo bere esperientziako Guantamoulins; Guantanamo gogoan. Herrimina eta maitemina hitz arruntak dira preso dagoenaren hiztegian.
Mikel Asurmendi
Janariaren eskandalua (Saiakera)
Waste. Uncovering the Global Food Scandal.
Tristram Stuart.
Penguin Books, 2009.
Salaketa eta soluzioak. Bietatik du Tristram Stuart Londresko aktibistaren liburuak –gaztelaniazko bertsioa irakurri dut nik, Despilfarro. El escándalo global de la comida–. Zifrak beldurgarriak dira: kontsumitzen dugunaren ia erdia zaborretara doa Europan eta AEBetan; saltoki handi batek 500-600 tona jaki botatzen ditu urtero, harrapaturiko arrainen %40-60 itsasora hila bueltatzen dute arrantzale europarrek, eskola jangeletan zerbitzatutakoaren %30 inguruk zakarrontzian amaitzen du, EBko herritarrok egoera onean dauden jakien ia %20 baztertzen dugu etxean… Baina zenbakien mozkorralditik harago, elikagai katearen panorama argigarria eskaintzen du lanak, hornitzaileek, supermerkatuek, nekazaritza uztek, arrantzak, kontsumitzaileek… atzean ezkutatzen dituzten jarduera zentzugabe eta burugabeak, jana alferrik galtzea eragiten dutenak.
Onena, saihestu dezakegun errealitatea dela. Hartu beharko liratekeen neurriez eta geure esku dagoenaz mintzo da Stuart. Aholku burutsuak biltzen ditu, eta jakin badakigu ez dela erraza egoerari buelta ematea, baina guk geuk egin dezakeguna ez da gutxi. Stuartek berak supermerkatu inguruetako kontainerretatik arrantzatutakoaz elikatzen eman ditu urteak eta harrigarria da zein otordu aberatsak egin daitezkeen baztertu den janaria berreskuratuz. Bere esperientzia baliatuta, ekintza ugari erakusten dizkigu, teoriatik praktikara egiten du salto, eta batez ere horrek egiten du interesgarri eta sinesgarri liburua.
Mikel Garcia Idiakez
La sal de los cerros (Saiakera)
La sal de los cerros
Stefano Varese.
Casa de las Américas, 2011.
Kubara badoakizu lagunen bat, ekar diezazula sinfalta. Bestela, saiatu Perun 2006an argitaratu edizioa eskuratzen; besterik ezinean, ingelesezko Salt of the mountain daukazu Amazonen. Stefano Vareseren klasiko gure artean ia ezezaguna irakurritakoan, lehen edizioa argitaratu 1973 hartan gaztea zinen horrek madarikatuko duzu lehenago leitu ez izana. Gaur baldin bazara gazte, garaiz zaude historiagile eta antropologo ezkertiar konprometitu handi horren eskutik ezagutzeko bost mendez inbaditzaile europar zuriei –tartean fusilez bezala ebanjelioz armaturik hurbilutako euskaldunei– aurre eginez bizirautea lortu duen etnia txiki amazoniar baten historia eta izatea. Atzeritarrek campa deitzen dieten Ashaninka jendeen epopeia. 1966-1968an egindako ikerlanaren lehen bertsioari liburuaren bigarren zatian Varesek erantsi dio geroztik Ashaninkez plazaratu artikuluen bilduma. Marcos komandantea edo Evo Morales nola ulertu Varese gabe?
Pello Zubiria Kamino
Demokraziaren alde (Saiakera)
La haine de la démocratie.
J. Rancière. La Fabrique, 2005.
Zabaltzen ari den usteak dio, herritar arruntok ahal genuenaren gainetik bizi izan garela eta horregatik datozela orain estutasunak poltsiko eta aurrekontuetara. Modu aski bitxia da bizi dugun hondoratze ekonomikoa esplikatzeko, urtetan aberats eta famatuen bizimodua eduki dugula pentsarazten baitu eta gainera, ez du galdetzen zein arraio, kristo eta demonioko erantzukizuna izan duten benetako aberats eta famatuek 2008tik honako ziskoan.
Ez da, dena den, pentsamendu ildo berri-berria ere, Jacques Rancièrek duela zazpi urte eskribitutako liburu hau leitu ondoren konturatu naizenez. Kendu gehiegizko luxuak eta jarri gehiegi erabakitzeko gaitasuna, utzi gainontzeko argumentazio guztia bere horretan: hara hor beste krisi bat, Mendebaldearen baloreek bizi dutena esplikatzeko zenbaitek bilatu duten formula, dagokiguna baino gehiago erabaki omen dugula eta horrek berekoi eta indibidualista bihurtu ei gaituela, kontsumoan besterik ez pentsatzeraino.
Intelektual eta agintari batzuek demokrazia gehiegikeria gisa ulertzen dutela dio Rancièrek saiakera labur eta zorrotz honetan; herriaren boterea deserosoa eta are, eskandalagarria gertatzen zaiela gaur egungo demokraziaren kritikariei.
Ikuspegi horiei aurre egin nahi die Aljerian jaiotako filosofo frantsesak eta horretarako, demokraziaren definizio baterako gakoak ematen ditu, politika, errepublika eta ordezkaritza bezalako kontzeptuekin lotuz eta kapitalismo monolitikoaren postulatuekin batera, ikuspegi marxista klasikoaren hainbat ideia ere auzitan jarriz, kontingentziaren mesedetan. “Demokrazia da, beste ezeren gainetik, politikaren kondizio paradoxiko hori, zilegitasun orok azken zilegitasunaren faltarekin topo egiten duen puntua” dio, liburuko pasarte batean.
Berritzaile eta subertsibo izaten jarraitzen du demokraziaren ideiak Rancièren azalpenak irakurri ostean. Ez da batere liburu txarra, geroz era erabaki gutxiago har ditzakegun garai hauetarako.
Gorka Bereziartua
Iraultza sakristian (Saiakera)
Zamorako apaiz-kartzela.
Hainbaten artean.
Txalaparta, 2011.
1960ko hamarkadan Francoren errejimena jokoz kanpo harrapatu zuten seminarista eta apaiz gazteek. Hiruzpalau urtetan apaiztegiak irauli zituzten, itxialdiak egin, errepresioa salatu, manifestuak kaleratu, ETArekin kolaboratu... Euskal Herri osoan gertatzen ari zen aldaketarekin bat egin zuten apaiz ugarik, eta horietako askok Zamorako kartzelan amaitu zuten.
Liburu honetan testuinguru hori guztia ederki asko azaltzen zaigu. Zamorako kartzelan egondako hamaika pertsonaren testigantzek utzitako zapore bibentziala dute orriok, lurpean egindako egiazko tunelen eta ihesaldi saiakeren suspensea, lapiko itogarri baten leherketaren bolbora usaina... Liburuak mugak gainditu ditu, eta kartzela hartan izan ziren Espainiako Estatuko beste herrialdeetako askok ere estimatu dute halako bilduma.
Gertakizun haiek bertatik bertara bizi izan zituzten 25 lagunek egina da liburua –tartean Juan Mari Arregi Argiako kolaboratzailea–, eta Angel Zelaietak eta Edorta Jimenezek koordinatu dute.
Urko Apaolaza
Jean Baptiste Baigorri: ingelesez jaio den euskal abenturazalea (Komikia)
Jean Baptiste Baigorri 1: Cramond Island.
Irkus M. Zeberio.
Nobrow, 2012.
Urtea galdera honekin zabaldu zuen Hitzen Uberan blogak: Komikia, loraldi baten atarian? Jakina da komikia ez dagoela batere sustraituta Euskal Herrian (batez ere Hegoaldean) eta oso album gutxi argitaratzen dela. Ez da harritzekoa, beraz, iaz zortzi liburu kaleratu izana loralditzat hartzea. Eta panorama eskas honen erdian, aurkeztu nahi dizuedana bezalako “lore” bat aurkitzea, basamortuan oasi bat topatzea bezalakoa da.
Duela gutxi Londresera egindako bidaia batean, Design Museo-ra (Diseinuaren museoa) sartu nintzen. Bertako liburudendako aleei begiradatxoa botatzen ari nintzela, komiki sorta bat ikusi eta bat-batean sekulako ezustekoa berauetako baten izenburua irakurtzean: Jean Baptiste Baigorri 1: Cramond Island. Izenari erreparatuta, egilea euskalduna zen, dudarik gabe: Irkus M. Zeberio. Komikia ingelesez, baina tartean euskarazko esaldi eta erreferentziekin! “Euskal egile ezezagun baten komikia ingelesez eta horrelako leku berezi batean! Ez da hasiera txarra!” nire artean. Hurrengo egunetan, beste liburudenda batzuetan ere ikusi nuen komikia. Ikusten zen ondo banatuta zegoela.
Interneti esker jakin dut egilea donostiarra dela eta duela 9 urte joan zela Bartzelonara. Hain zuzen ere, bertako Euskal Etxean aurkeztu zuen komikia maiatzean. Bere webgunean, orden berriaren aldeko ilustratzaile eta komikilaritzat definitzen du bere burua, ez dela narrasti humanoidea erantsiz. Eta goiburutzat duen Jaun gabe eta legerik ez leloak, bat egiten du Baigorri protagonistaren pentsaera paramarxista libertarioarekin.
Komikiaren estiloa ere libertarioa da. Neurri batean, Estatu Batuetako underground estiloa, El Víbora bezalako komikiak edo TMEOren inguruko egile batzuk ekarri dizkit gogora. Kolore lauak darabiltza. Txuri beltzari kolore bakarra –gorria edo horia– eransten dio orri askotan, beste orri edo binetetan kolore horiek edota berdea konbinatzen dituelarik.
Nobrow argitaletxearen orrian irakur dezakegunez, Baigorri, poeta, askatasunaren aldeko borrokalaria eta superheroi existentzialista da. Ama hilzorian duela jakitean, sasiesklabutzan lan egiten duen sandwich lantegitik ihes egiten du. Orduan, berarekin erdi maiteminduta dagoen ugazaba haragi-jario gizenegiak, bere morroi zatar beldurgarriak bidaliko ditu bere bila. Tartean Karl Marxen berraragiztatze bat ere ezagutuko dugu.
Bere abentura epiko eta zentzugabe honetan, talde antikapitalista batean sartuko da, iraultza pizteko asmotan eta helburu nagusi batekin: Eskoziako kutxazain automatikoak, masak ekintzara bultzatuko dituzten era honetako olerkiz betetzea: buru bat koroatua izan daitekeeno, moztu ahal izango zaizkie buruak koroei. Liburuan ez da aipatzen, baina apustu egingo nuke Baigorrik Lucio Urtubiari buruzko filma eta liburuak irakurri dituela!
Komikian ugariak dira ikur anarkistak. Bakuninen izena ere ikusiko dugu paretetan margotuta eta txalupa batek, Marc Legasse eta Jakue Pascualen liburu mitikoaren izena darama: Anarkerria.
Istorioan erreferentzia geografiko gehiegirik ez badago ere, Cramond Island Eskozian kokatzen da. “Free Scotland” irakurriko dugu pareta batean eta Ingalaterrako erregina burua moztuta ageri da Bank of Scotland-eko billeteetan. Han-hemenka, Euskal Herriari buruzko erreferentziak ere ageri dira: Baigorri eta Etchegaray protagonisten deiturak, Nafarroako kateak –erdian A anarkista dutela–, edo euskarazko bi esaldi: “Zelako krisi, halako bizi” etxe baten atarian irakurriko dugu eta Baigorriren amak hilzorian “Bihotza banoa. Amaia da hasiera” esango du.
Zoro kuadrilla zoragarri honen abenturen jarraipenaren zain geratuko gara, euskarara ere itzuliko duten esperantzan.
Kike Amonarriz
Siestak festa (Haur literatura)
batbirulau!
Anjel Lertxundi, Antton Olariaga.
Galtzagorri elkartea, Alberdania, Erein, Igela, 2011.
Izebak festa bat dira. Eskaintzen dizkizuten ordu horietan esprimitzen dute jolaserako gogoa, zerbait diferentea egiteko indarra, iloben erreakzioak tentatzeko pikardia... Batbirulau! izan liteke izeba rockeroen albuma, orri bakoitzean sorpresa bat zabaltzen duena, dena hitz-jolas, dena irudimentsu... Umeek eskutik kentzen dizuten horietako bat, “hurrengoa nik aukeratuko dut” tirabiran jartzen dituen horietakoa. Orriz orriko eta lerroz lerroko irakurketa militarra puskatzen duena, orri eta lerro denak hankaz gora ditu eta. Dela liburuko izeba-ilobak sutondo giroan daudenean, dela kanpinera joaten direnean, dela mapa mundira murgiltzean, dela mozorroekin trabestitzean, jolaserako bide ematen digu etengabe liburuak: kantu bat kantatzeko, esaera zaharrak bertsionatzen aritzeko, antzerkia egiteko, marrazteko...
Estitxu Eizagirre
Egarri egunak Martutenen (Nobela)
Egarri egunak portualdean.
Koldo Izagirre.
Susa, 2012.
Garai batean, bizikletak ziren udako. Orain, liburuak. Idazten dutenak irakurtzen dutenak baino gehiago diren garaian, desagertzeko zorian dagoen espezie horretakoa zaitugu. Bejondeizula. Honezkero badakizu zein plazer den bidea, urre bila abiatzea. Poza eta ilusioa daramatzazu aldean. Zoaz, bada, honako edo harako denda edo liburutegira. Hartu eskuan halako eta halako liburua, irakurri kontrazalak, kontuz eta kasu emanez irakurri ere, eta abiatu irakurketa espedizioan. Norberak aukeratutako liburua duzu biderik ederrena. Aurkikuntzaren poza! Dena dela, gainerako arloetan ez ezik liburuetan ere zalantza orokorrak bizi zaituen zozoetakoa bazara, noragabe bizi bazara, tori mapa: Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean, artelan hutsa, irakur ezazu Gernikan dituzun Carmelo Ortiz de Elgearen margolanak gozatzen dituzun jarreran. Eta tori mapa, bis. Martutene, Ramon Saizarbitoria. Horra literaturaren bi arkitekto. Esan beharra ote zegoen?
Miel A. Elustondo
Zer da maitasuna? (Saiakera)
Crítica del pensamiento amoroso.
Mari Luz Esteban.
Edicions Bellaterra, 2011.
Urteak igaro ditu Mari Luz Esteban antropologo eta feminista basauriarrak maitasuna aztertzen. Azken mendeetan mendebaldeko gizartean gaina hartu duen “maitasun pentsamenduaz” idatzi nahi zuen liburua; teoria, sinbolo eta ildo multzoa kritikatzeko. Maitasuna eraiki eta bizitzeko modu horrek, genero, klase eta etnia harreman desorekatuak eragiten ditu. Desioa, nortasuna eta subjektua bera ulertzeko modu zehatz eta heterosexuala azpimarratzen du. Lehen zatian teoria daukazue, eta bigarrenean, hamabi emakume feministari eta bi gizoni egindako elkarrizketak; maitasunaz haien hausnarketak eta bizipenak. Baita kontraesanak ere.
Onintza Irureta Azkune
Komunako gogoetak (Saiakera)
Heldu den matxinada.
Batzorde ikusezina.
Itzultzaileak: Oier Gonzalez, Zigor Garro. Txalaparta, 2011.
Poliziak deuseztatu zuen komuna autogestionatu batean, Frantziako Estatuko Tarnac herrixkan, idatzi zen liburu hau, irudipenezko kolektibo baten izenean sinatuta. 2005ean Paris inguruko auzune marjinatuetan pizturiko oldarraldia oinarri, azken bi mendeetan kapitalismoak moldatutako gizarte honi errotiko kritika egiten dio. “Gizartearen hitzekin deskribatzen diren arazoek konponbiderik ez dutelako” etsipenezko amorru ekintzailez idatzitakoa da ezker eta eskuinaren dikotomia tradizional antzutik haragoko eztabaida pizteko aldarri hau.
Axier Lopez
Beste inperio hori (Saiakera)
The people of the abyss.
Jack London.
1903.
Kazetaritzaren maisulanetako hau euskaraz ez, baina irakurleak inguruko erdaretara itzulita erraz aurkituko du. Britaniar Inperioaren urrezko garaietan, 1902. urtean, progresoaren izenean munduko bazterrak nahastuz era neurrigabean aberasten ari zenean amaitu zuen Jack London kazetari estatubatuarrak Londres eredugarrian. Lehen egunetan ikusitakoak eraginda, metropoliaren aurpegi iluna munduari erakustea erabaki zuen. Zazpi aste egin zituen hiriburuko auzorik txiroenean langabezian zegoen marinelaren paperean. Lehen pertsonan, estilo azkarrean eta aho bizarrik gabe kritika latza eta analisi politikoak tartekatzen ditu autoreak. Giza miseriari duintasunez egindako argazkia eskaintzen du Londonek, injustizia sozial erraldoiaren lekuko eginez irakurlea. Inongo zalatzarik gabe kazetaritzaren lanbideari duintasuna maten dion lan horietako bat.
Lander Arbelaitz
Baztertutako haurrak, eta amak
Fraisoroko amak. Fraisoroko haurrak.
Eva Garcia Magriñá.
Larramendi Kultur Bazkuna, 2011.
Sasikumeak, tornuko umeak, abandonuak, expositoak… 1903tik 1980ra Zizurkilgo Fraisoro etxean bazterrean utzitako milaka haur hartu zituzten, eta Eva Garcíak bi urtetan bildutako datuen bidez azaltzen du Fraisororen sorrera eta bilakaera. Baina protagonisten ahotsa ere erabili du, Fraisoron lanean aritutakoen eta haurren idatziak eta testigantzak jasota, baita amenak ere. Egileak, azalean, amak aurretik jarri ditu, eta, mamian, haurrekin batera (eta maiz haurra izan aurretik) Fraisoron amak ere hartzen zituztela azaldu du, gizarteak haurrak eta amak baztertzen zituela. Hala, Fraisoro etxean ezkutatu eta isildu nahi zen errealitate gordin deserosoa argitara eman du.
Nagore Irazustabarrena
Errealitatearen peskizan
Quantum.
Manjit Kumar.
Elhuyar, 2011.
Higgsen bosoia aurkitu izanak –behin betiko baieztapenaren faltan– kapitulu bat itxi du mekanika kuantikoaren historian. Manjit Kumar filosofo eta fisikariak idatzitako Quantum-ek historia horren hasieraren berri ematen du. Joan den mendeko lehen herenean gertatutako zientzia-iraultza deskribatzeko, protagonisten biografiak erabili ditu Kumarrek hari gisa. Hala, egin zuten lana ez ezik, hobeto ezagutuko ditugu Einstein, Bohr, Planck eta beste askoren nortasunak. Azalak salatzen duenez, Albert Einstein eta Niels Bohren arteko eztabaidaz luze jardun du egileak liburuan; ez da ahaztu behar Einsteinek ez zituela inoiz onartu mekanika kuantikoaren hainbat alderdi, haren garapenetako funtsezko lana egin bazuen ere. Ez da liburu samurra, baina bai oso interesgarria. Eta oso egokia zientzialari handi haiek ere pertsonak zirela gogorarazteko, beren ahuldade eta guzti.
Unai Brea
Azaroaren 11tik 24ra bitarte “literatura eta feminismoaren binomioa jaialdiko ardatz nagusia” izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Baditu –besteren artean– bi gabezia euskal literaturak: liburu elektronikoen urritasuna eta literatur lanen ibilbide laburra. Aritz Brantonek Booktegi ataria sortu du joera horiek aldatzeko. Euskarazko lanak formatu digital zainduan eta doan eskaintzen ditu bertan... [+]
Donostiaren eta Otzetaren artean, gure garaiaren eta 36ko Gerraren artean, idazle heldu endekatu baten eta ikasle nerabe buru argi baten artean, hor dago Lili eta biok (Erein, 2015) Ramon Saizarbitoriak argitaratu duen azken nobela. 2012an Martutenerekin bere ibilbidean mugarria... [+]
Nobela mardul batekin itzuli da Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Lili eta biok eleberriak Faustino Iturbe psikologo ohi eta idazlearen eta Lili izeneko hamabost urteko neskaren istorioa kontatzen du.
“Ekintzetarako beharrezkoa duk erokeria gramo bat” irakurtzen da Ehun metroren lehenbiziko orrietan. Horixe, erokeria txiki berri bat da, Xabier Olarrak proposatu duena, egingarria akaso.
Ramon Saizarbitoria idazle donostiarraren Martutene nobelak irabazi du Literaturako Euskadi Saria. Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek irabazi dute itzulpenekoa Mark Twainen Tom Sawyer-en abenturak euskaratzeagatik.
Ramon Saizarbitoria donostiarraren Martutenek (Erein, 2012) jasoko du 2012ko 111 Akademiaren Saria. Orain arte ‘Beterriko Liburua’ izenez ezagutzen zen aipamen honek urteko euskal libururik onena saritzen du.
Etxe dotore bat, higatutako harremanak eta halako lasaitasun estu bat giroan. Donostia. Martutene. Ramon Saizarbitoriaren azken nobela da jarraian datorren elkarrizketako gai nagusia. Hariari tiraka ordea, idazleak beste hainbat gairi buruz dauzkan iritziak azaldu dizkigu.
Laurehun lagun erreleboka Arriagan; hitza hitzari segika. Deskribapenak eta elkarrizketak; orrialdeak eta kapituluak, nobela bat, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso oso-osorik errezitatu arte. Badator klasikoen IV. irakurraldia Bilbora.