Makina bat aiekatik kosk egin eta tiratu daiteke usainen soroan. Eta erabaki ezinik nabil: udako usain festari eutsi eta azaharra edo laranja lorea (Citrus sinensis), ezkia (Tilia sp.), sasi-azaharra (Philadelphus coronarius) eta antzekoen kontuei heltzea da aieketako bat. Gure etxeetako eta baserrietako atari ugaritan usaindu diren landareak, udako solstizioetako lurrinak: batzuen ustez basatzen gaituzten instintuen suaren pospolo direnak, nire iritziz naturaltzen eta geurekotzen gaituzte. Laranjondoa ez beste guztiak desagertzen ari dira, batere surik pizten ez duen estetikaren mesedetan.
Belarri gainean, ezpain xokoan, atorraren begitean, bular erretenean edo hor konpon bakoitzak non, soinean loreak eta landare puskak eramateko ohitura galdua da beste aieka. Usainak eta lore deigarriak. Pottotxo garestietako lurrinen lana, merke asko hazitako landareekin. Luisa belarra edo berbena limoiusaina (Lippia triphylla) hosto batzuk bular erretenean sartu dituen emakume batek baltsera ateratzen zaituenean, deskuiduan estu antzera heltzen badiozu azkar asko antzemango diozu diodanari.
Menda-belar jendea gonapeko izan dugu eta bere usainak teilatu hegalpeko. Animaliak garen eta ditugun artean ere hala izango da. Mendak, Mentha sp., nitrogenozale porrokatuak dira eta animaliak pilatzen garen tokietan, animalien gorotzak pilatzen diren tokietan, animalien gorotzen nitrogenoa pilatzen den tokietan, menda-belar jendartea ugaritu egiten da. Euskal Herrian berezko zortzi-hamar bat menda topatu izan dira. Orain, baina, mundu osoko mendak datozkigu, dakarzkigu. 25 espezie inguru ezagutzen dira, baina beraien arteko hibridoak ezin konta ahala dira. Menda beraren usaina gutxitxo, nonbait, eta beste usainen konkistan abiatuak dira landare sortzaile berritzaileenak. Etxeratuak ditut limoi usaina (Mentha x citrodorus) eta marrubi usaina (Mentha spicata) duten menda landare bana. Usainen bildumak egiten dituzten horien aieka ere bai baita. Menda-belar jendarteak ezagunak dira bilduma horietan. Geranio usaintsuak (Pelargonium sp.) dira bildumetako bolada berrienetakoa. Eukaliptoa, pinua, limoia, arrosa... usain askotakoak dira. Menda usaina du, adibidez, Pelargonium tomentosum-ek. Memorian hor izango dugu usain bilduma, baina laster bakoitza zerena den ez dugu berehalakoan asmatuko.