argia.eus
INPRIMATU
Sarean eta lanean

Castillo Suárez @casti_suarez 2012ko uztailaren 18a

Inoiz ez duzu sakelako modernorik izan. Beti esan izan diozu dendakoari merkeena nahi zenuela. Horrela, gainontzekoek telefono arina eta txikia zutenean zuk astuna; eta besteek kamera eta irratia zutenean zurearekin deiak besterik ezin zenitzakeen egin. Lagunak berehala hasi zitzaizkizun kexatzen Internetik ez zenuelako telefonoan: testu-mezuak bidaltzea garestia zen eta, jakina, gauza desfasatua. Twiterrean puri-purian zeuden gaiei buruz ezer ez zenekiela aitortzeak lotsa ematen zizun. Edo QR kode bat ezin deskodifikatzeak. Orduan erosi zenuen Interneta zeukan telefonoa. Orduan, ia ohartu gabe, luzatu zen zure lanaldia. Laneko mezuak desordutan erantzuten hasi zinen, baita larunbat eta igandeetan ere. Eta mesanotxean jartzen hasi zinen lotara joaterakoan, badaezpada. Oporretara ere zurekin eraman zenuen eta mezuak begiratzen zenituen, badaezpada hori ere. Eta ezabatu egin zenuen aisia eta lanaren arteko aldea. Egun batean, tiraderatan telefono zahar baten bila hasi zinen arte: ezer egiten ez duen horietakoa; deiak egin eta jaso, besterik ez.