Joseba Irazoki. Ziburuko La Factory taberna (2012ko uztailaren 8a). Sarrera doan.
Etortzen da gitarra pare bat, bonboa, pedalak, txistua, platera eta nik al dakit zenbat tramankulu gehiagorekin eta berak bakar-bakarrik egiten dizu kontzertu bat, gustura joko luketena sei eta zazpi taldekide dituzten banda askok. Joseba Irazoki orkestra-gizonak saio aparta eskaini zuen uztailaren 8an Ziburuko La Factory tabernan.
Bat gehiago. Ikusia nuen bakarka akustikoan baina ez one man band formatu honetan. Kontzertuak bi parte izan zituela esango nuke, Bidasoatik Mississipira. Jaguarra eskuetan egin zituen hasierako kantak, loopak baliatuz eta zaratatsu, esperimental. Gero hamabi sokako Eastwoodari atera zion distira eta AEBetako sustraiak geratu ziren bistan.
Folk amerikarra, bluesa, rocka eta euskal tradizioa elkar gurutzatzeko lotsarik gabe eta guztiari bere ukendua ematen, Hiru Trukuk ezagun egin zuen Zazpi nobioren bertsio sui generis bat egiteraino iritsi zen –sui generis diogu, kantaren hitzak gogoratzen ez eta ikusleek laguntzerik ez zutenez, momentuan asmatu baitzituen–; jo bitartean imintzioak eta barreak, publikoarekin konplizitatea.
Gitarrarekin ikusten duzu eta erraza dirudi, “ez saiatu horrelakorik etxean egiten” abisatu beharko luke.
Inoiz haren kontzertu batean egonak zarete? Nik ez dut horrelako gauza askorik ikusi inguru hauetan, harrituta nago nola, zergatik, zeren kausaz, zer dela eta ez diogun eskaintzen beste batzuek merezimendu gutxiagorekin jasotzen duten arreta.
Agian musika egiten gozatzen duen tipo bat delako eta ez hainbeste “musikariarena” egiten?