argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel eta Natura 2000 Sarea
Gestio planik gabe, zer babes?
  • Natura 2000 sarearen barruan, Jaizkibelgo labarrek babestuak izateko behar duten gestio plana geldirik dago, Eusko Jaurlaritzak ez dio datarik jarri bere onarpenari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2012ko uztailaren 18a
Gestio plana onartzeko Europako epe legalak agortu dira jadanik.
Gestio plana onartzeko Europako epe legalak agortu dira jadanik.

Zortzi urte dira Jaizkibel eta Uliako labarrak Europako Natura 2000 Sarean sartu zituztela. Europar Batasunean mehatxatuta dauden espezieak eta habitatak epe luzera babesteko tresna nagusia da sare hori –Jaizkibelgo itsasertzak 15 kilometroko luzera du eta euskal kostaldeko eremu birjin handiena da–. Izendapenak baina, ez du ziurtatzen helburuak betetzea, beharrezko neurriak ez badira aplikatzen.
Jaizkibel-Uliak urteak daramatza gestio planik gabe, eta dirudienez, horren eskumena duen Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusten plana onartzeko data zehatzik. Halaxe salatu du Jaizkibel Bizirik taldeak. Eusko Legebiltzarraren bidez egindako galderari Ingurumen Sailak zera erantzun dio: “Alegazio txostena amaitzeko eperik ez da ezarri, ezta agiriak aztertu eta aldatzeko ere”.

Denbora luzez dokumentua Eusko Jaurlaritzako “tiraderaren batean” gordeta egon eta gero –Leire Beteta ingurumen teknikariak Argiari azaldu zion gisan (2286 zk.)–, planak geldirik segitzen du. 2012ko urtarrilean esposizio publikoan jarri zen eta 118 alegazio jaso ditu. Jaizkibel Biziriken esanetan, alegazioa aurkeztu dutenen zerrenda begiratzea nahikoa da “lobby anti-Jaizkibel” bat sortu dela ikusteko.
Natura 2000 Sareko babesa aurrera eramanik, ateak gero eta itxiako dauzkan Pasaiako kanpo portuak ez luke inolako aukerarik izango. Dokumentu hori da, gaur egun, kanpo portuak duen oztopo nagusietakoa. Portuak, labarrari erantsitako plataforma erraldoi bat eta mendia zulatuko luketen bi tunel eraikitzea lekarke, besteak beste.

Ekologisten aburuz Eusko Jaurlaritzak “men egin die” Pasaiako Portuko Agintaritzaren presioei, eta gestio plana onartzeko luzapenetan ari da kanpo portuaren bideragarritasuna kinkan ez jartzeko. Areago, dokumentuaren bertsio berriak egiten joan da “gero eta murritzagoak eta babesarekin konpromiso gutxiago dutenak”.

Europako araudiak dio Natura 2000 Sarearen izendapena jaso eta sei urtera behar duela gestio planak onartua egon. Bada epe hori duela 20 hilabete amaitu zen. EBk malgutasunez jokatzen du, eta europar erakundeetan kexatzeko aukera ere badago; baina horrela segituz gero, Jaizkibel-Ulia babesteko egitasmoak ahiturik hiltzeko arriskua du.