argia.eus
INPRIMATU
Gora diru beltzaren zuriketa!

Juan Mari Arregi 2012ko uztailaren 18a
Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa.
Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa.

Joan den astean, amnistia fiskalari heltzeko Espainiako Gobernuak emandako erraztasun gehiagoren berri izan dugu. Aberastasun handiak, bankariak eta enpresariak, eta oro har, paradisu fiskalak elikatzen dituztenak dira Espainiako Gobernuak onartu dituen lan, finantza eta gizarte erreformen onuradun; eta orain, amnistia fiskalaz ere gozatu ahal izango dute. Exekutiboak mimatzen dituen talde pribilegiatu horien parte direnek soilik saihestu dezakete –ingeniaritza finantzarioa eginez– kontrol fiskala, eta euren kapitalak paradisu fiskaletara bidaltzen dituzte. PPren Gobernuko senide eta lagunak dira, eta eskuina zein eskuin muturra ordezkatzen dute.

Espainiako Gobernuak langileen, herritarren eta gizartearen kontrako neurriak hartu ditu, eta eskubide sozialak eta laboralak murriztu, patronalaren mesedetan. Bitartean, bankuei milaka milioi euro injektatu dizkie, eta orain, amnistia fiskala atera du zorrotik. Amnistiak aitortu gabeko errentak azaleratuko ditu %10eko karga baino askoz gutxiagorekin. Zergadunek azaroaren 30a arte dute euren egoera erregularizatzeko eta bermea dute ez dituztela zigortuko, ez auzi penal edo fiskaletan sartuko. Gisa horretan, nahikoa izango da kontu bat irekitzea esku-diru beltza erregularizatzeko. Zergadunek funtsak bankuko kontu batean sartu beharko dituzte “ezkutuko izaera izango duen zerga-aitorpen berezia” aurkeztu aurretik. Ez da inongo neurririk hartuko funts horien jatorria kontrolatzeko, kapitalen zuriketari ateak irekiz, diru beltzari, alegia. Beraz, Espainiako Gobernuari berdin zaizkio armen trafikoa, drogena, emakumeena… Trafikanteek eta narkotrafikanteek, aberastasun handiek, enpresariek, bankariek… Guztiek “salbatu” ahal izango dituzte diru beltzak. Lasai asko. Eta nomina duenari  ezta hurrik eman ere. Soldatekin zergak ordain ditzatela. Gora kapitalen zuriketa! Gora diru beltza!