argia.eus
INPRIMATU
Buenawixta eskolako punk-rockaren lekukoa
  • 11 y media a más tardar.

    Desastrozombies.

    Autoekoizpena.

    Iraupena:11'05''.

    10 euro.

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko uztailaren 18a
Nuevo Catecismo Catolico, Señor No eta Discipulos de Dionisos taldekoen anaia txikiek osatu zuten Altzako Astrozombies, Buenawixta eskolako punk-rock soinuaren lekukoa hartu zuen talde gazteenetarikoak. 1990eko hamarkada bukaeran sortu zen taldea baina bimilurtekoaren lehen urteetan taldea lurperatu zuten. Ordura arte maketa kaleratu eta hainbat bildumatan parte hartu zuten. Zombieak diren heinean bueltan datoz berriro, hainbat partaide aldaketekin baina inork gutxik bezala betiko esentziari eta soinuari eutsiz, orain arte izoztuta egon balira bezala. Punk-rock gitarrero eta amorratua da, Australian eta Detroiten hanka bana dituena eta, esaterako, honako taldeak gogora ekartzen dituena: La Perrera, NCC, Lazy Cowgirls, Vomito eta Motörhead. Iraupen ertaineko LPak CDa eta bideoa dakartza berarekin.

www.myspace.com/desastrozombies
"Desastre samarrak garenez taldearen etapa berrirako izen aproposa iruditu zitzaigun"

Astrozombies izatetik Desastrozombies izatera pasa zarete.

Bai, Patxik taldea utzi zuen eta luzaroan geldi egon ginen. Gerora, Aitor gehitu ahala berriro entseatzen hasi eta izena aldatzea erabaki genuen. Eta diskoa grabatu ostean, beste gitarra jotzaile bat batu zaigu jada, zuzenekoetan gurekin aritzen dena. Manu eta biok desastre samarrak gara eta lagun batek hala deitu zigunean etapa berri honetarako izen aproposa iruditu zitzaigun.

Gaur egun Buenawixta eskolako soinuari eusten diozuen talde bakarrenetakoa zarete: punk-rock gitarreroa, landua eta ostia txarrekoa.

Hala da. Etxe horretan hazi eta asko ikasi genuen eta oso harro gaude. Soinu horri eusten badiogu hala sentitzen dugulako da.

“Hamaika t´erdiak gehienez jota”. Zer gertatzen zaizue gauerdian?

Astrozombies sortu zenetik bateria jotzaile kopuru hori izan dugu; hortik izenburua. Eta erdia, Aitorrengatik, berriro sartu delako. Are gehiago, entsegua bukatzeko muga ere bada, beti luzatzen garelako. Dena dela, bateria jotzaileena nekagarria izan da; ea behingoz behin betikoa den!

Diskoa zuen kabuz kaleratu duzue. Ezinbestean edo aurrez hala erabakita?

Ez dugu aterik jo inongo diskoetxetan. Nahiago dugu lana gure kabuz egin, eta posible bada hala jarraituko dugu. Dena den, jende askok lagundu digu. 500 kopia kaleratu ditugu eta zuzenean jotzeko irrikaz geundenez ez dugu behar den promozioa eta zabalkundea egiteko denbora nahikorik hartu. Uztailean egingo ditugu lan horiek.

Zergatik aukeratu duzue Avengers taldea bertsioetarako? Zer izan da talde hori zuentzat?

Oso gustuko izan dugu beti, eta berau errebindikatzea nahi genuen, baina borobiltzeko ahotsa falta zitzaigun. Horregatik, Yolanda Riobok abesteko aukera suertatu zenean ez genuen birritan pentsatu. Emaitzarekin oso gustura gaude.