argia.eus
INPRIMATU
Usainen memoria
Jakoba Errekondo 2012ko uztailaren 10a
Viola reichenbachiana, bioleten espeziekoa.
Viola reichenbachiana, bioleten espeziekoa.

Aitzurra dantzatzeari utzi eta neroni dantzatzera jaitsi naiz jaietara. Eta giroak bero direnetan usainak are eta nabarmenago. Aspaldi ikusi gabe eta hurbiltzen zaizunarena eta, zer esanik ez, dantzarako heltzen dizun horrena... Beroak usainak ere harrotu egiten ditu.

Landare usainzaleak urteko luzeenak diren egun hauetan du bere aintza beteko une gorena. Geranio eta zaingorri basak, ezkaiak, mendak, erromeroak... puri-purian daude, gailurrean. Arrats beroetan nabarmena da: egun-argia pattaltzean sudurrarekin ikusten da.

Edertasuna handitasunarekin nahasten duen kultura batekoak izaki, aspaldi galduak ditugu gure amonen amonen sudurrek ikusitako makina bat landare. Gure herrian sekula izan den txerri-hiltzaile ezagunenak, Gazatañagako Demetrio “Zerri” zenak, ahoan tabakoa ibiltzen omen zuen. Mingaina loak har ez zezan, seguru asko. Baina belarri gainean beti krabelina. Belarritik sudurrerako zubi, krabelina (Dianthus caryophyllus). Beti. Etengabe lurrinetan.

Edertasunaren tamaina alde batera utzi eta sudur haienak bizitzeko asmotan, gero eta atari eta lore baratze gehiagotan ari naiz usaina ardatz nagusi duten lore-joko eta bilduma bereziak sumatzen. Zaingorri basek, Geranium eta Pelargonium generoetakoak, eta mendek, Mentha-tarrek, bolada alde dute. Bolada gorabehera bizi beharra ere ez da samurra izango.

Lurrinak ere holaxe ibiltzen dira, boladen arabera. Haize-boladak errenditzen ditu jendearen lepo aldeetako lurrinak sudurretara. Baina lepoan izateko boladan behar. Boladaka zaharra berritu egiten da. Etsita, ahaztu ezinaren ezinez memoriaren sekula betiko zokora baztertuak nituen usainetako lurrinak berritu zaizkit dantzan. Aspaldiko partez, bioletarena (Viola sp.) edota patxuliarena (Pogostemon cablin) bezalako usain bortitzen laino trinkoetan ibiltzea tokatu zait. Berrituta, besteak halako bi gaztetuta zebiltzan gure edadeko neskak eta mutilak: haien boladako lurrinak boladara ekarriz eta dantzan.