argia.eus
INPRIMATU
Birziklatzea ardatz balitz...

Xabier Letona Biteri @xletona 2012ko uztailaren 11

EAJ-K badaki Juan Carlos Alduntzinen ordez beste diputatu bat jarriko dela eta listo, Bilduk argi iragarri du hori egingo duela. Alduntzin aferari dagokionez, koxkak baditu bi ertz, bata, Martin Garitanoren Gobernua higatzea da, eta bestea errauskailua. EAJren PSEren eta PPren oposizioak, edozeren aurretik erakutsi nahi du Garitanoren gobernua gutxiengoan dagoela. Eta hala da, baina hori hasieratik ezaguna zen eta koalizio soberanistak berak ere bazekien agintaldia oso gaitza izango zela. Hori da logikoena gainera, Bilduk bere hautesleriari eutsi nahi badio, orain arteko instituzioen politiketatik nabarmen aldendu behar delako.

Ez da samurra gaiak nola bukatuko duen iragartzea, dena baita posible, baina beti ere EAEko hauteskundeen ondorenera arte itxaron beharko da. Bilduren Gipuzkoako emaitzak ikusi beharko dira eta baita Eusko Jaurlaritza nola osatzen den ere.

Bitartean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioak bere lanarekin jarraituko du: hurrengo saioa Bilduri San Marko Mankomunitateko agintea kentzea izango da, Bilduri Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan estutzeko. Baina ez du samurra izango, kudeaketa gune horretan Aldundiak %33ko ordezkaritza duelako, eta beraz, Bilduk gehiengoa ziurtaturik dauka. Edonola ere, kolpe latza litzateke Bildurentzat, mankomunitatearen eta Batzar Nagusien sostenguarekin oposizioak bere gehiengoa erakutsiko lukeelako gai horretan.

Horrek egoera estuagoan jarriko luke Garitanoren Gobernua, baina ezin da ahaztu hondakinen gaia ez dela Aldundi osoa, eta azkenean Garitano ez dela joango konfiantza mozio baten bidez, zentsura mozioarekin baizik.

Aferaren bigarren atal handia errauskailuarena da, eta hor jarrerak hurbiltzeko aukerak hutsalak dira. Bilduk errauskailu txiki bat onartzeak –hori nahiko luke oposizioak– barne arazo larriak ekarriko lizkioke, eta bide hori baztertua dagoela esan liteke.

Hondakinen arazoaren muinean, oposizioak errauskailua baino birziklatzearen gaia jarriko balu, pentsa liteke negoziazio tartea asko handituko litzatekeela. Atez ateko bilketak erakutsi du sistema ona dela birziklatzeko, orain arte Euskal Herrian izan den onena, baina sistema zehatz hori balitz arazorik handiena –eta ez Zubietako errauskailua– akordio bide zabalak ireki ahalko lirateke. Bilketa moldeaz harago, baldintza bakar bat litzateke ezinbestekoa: birziklatzea derrigorrezko bihurtzea eta ez norberaren borondatearen arabera, gizarteko beste hainbat alorretan gertatzen den moduan. Era horretan bakarrik egin liteke aurrera mundu jasangarri baterantz, gainerakoak kapitalismo berdearen sasi bideak besterik ez dira.

SOZIOLINGUISTIKA Klusterraren azken azterketak datu entzutetsu bat utzi du kalearen erdian: euskararen kale erabileraren datua duela 10 urte bezala dago, %13an. Eta, zalantza barik, hori kezkagarria da etorkizun proiektua izan nahi duen hiztun komunitatearentzat. Horrek balio dezake Bermeon, Arrasaten, Zarautzen edo Elizondon euskal komunitate osasuntsuak izateko, baina etorkizun beltza iragartzen du Gasteiz, Bilbo edo Iruñekoentzat, hizkuntza pertsonari moduan baitago lotua lurraldeari ere.

Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, bere eskubide linguistikoak daude arazoaren oinarrian. EAEn, erabileraren estrategia zehatz berriak finkatzea, besteak beste, hezkuntza, administrazioa, aisia, hedabideak eta lan mundua sendoago jorratuko dituena, azken hiru esparruak bereziki.