argia.eus
INPRIMATU
Barrenekoarekin jolastu
  • Pleistozenoko astelehenak.

    Jupiter Jon.

    Bidehuts.

    Iraupena:42'.

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko uztailaren 10
Ez nuen Gabon Caligula entzuteko aukerarik izan, baina haren errautsetatik dator taldea. Taldekide gehienek ibilbide luzea izan dute talde bereizgarrietan, hala nola, Akauzazte, Bukaera, Lisabö, Mau Mau, Mar de Cristal eta Dollmen, besteak beste.

Oraingoan primitiboenetik, primarioenetik abiatzen dira kultura zaharrenen erraietatik datorren erritmika taupada dutela post apendizeak izan ditzakeen bideetatik aske abiatzeko, melodien dekonstrukzioak eginez, ahots ilunez errezitatuz, distortsioa erabiliz eta hitz batean musikarekin jolastuz. Post-hardcorearen irmotasunetik urrun daude, giroak ere ez dira itogarriak eta iluntasuna tamainan dago. Zerrenda luzeagoa bada ere, freskotasun eta iluntasun arteko jokoak The Ex, Antietam, King Loser eta AEBetako no-wave taldeak ekarri dizkidate gogora.

http://www.myspace.com/jonjupiterjon
"Egin dizkiguten kritikak onak dira baina ez dugu piperrik saltzen"

Kantu gehienak ia instrumentalak dira eta ahotsa beste instrumentu bat... Hitzei garrantzia txikia ematen diezue?

Baxi. Hitzek garrantzia dute, baina abestiaren giroa sortu eta gero iristen dira. Abesti bakoitzak bere gaia du eta izenburuetan ideia nagusia laburtzen dugu.

Nolakoak dira zuen entseguak?

Aida. Beti ez gaude laurok elkarrekin, hori da errealitatea. Gehienetan inprobisazioetatik abiatzen gara; adibidez Mazedonian abestia gitarra batetik sortu zen eta Jonfelix boeing erritmo batetik.

Tribala da zuen kantuak entzuterakoan etortzen zaidan lehenengo irudia. Hala da Jupiter Jon, barru-barrukoa, pulitu gabekoa?

B. Entsaioetan ludikotasunak lekua hartzen duenean, Aidaren erritmoak bidea irekitzen hasten dira Himalayako xerpak bezala, atzetik goaz besteok oinarri horren gainetik jolasteko. Barru-barrukoa da bai, hasieran pulitu gabea baina gero denon artean landutakoa.

Nor da Jupiter Jon?

B. Lunatiko xamarra izan daitekeen edonor.

Hain urrun ikusten dituzue astelehenak?

B. Pleistozenoko astelehenak diskoaren izenburua jolas bat da, gizakiak natura bereganatzeko joerarekin du zerikusia.

Ohiko melodia eta erritmo egiturekin apurtzen duzue. Eraikitzeko deseraikitzetik hasi behar?

B. Hala bada, nahi gabe izan da. Musika intuizioz egiten dugu, ez dugu helburu finkorik.

400 edo 500 gau kantu pop-rockeroena da eta ederra aldi berean. Ez da, bada, kontzesio bat izango?

B. Diskoko kanta ezberdinena Lady Chatterly dela uste dut, doinuarengatik, seguru aski. Baina ez da kontzesio bat, horrela atera zitzaigun.

Jupiter Jonen danborra bihotzarena ibilbide zirkularrak egiten dituen in crescendoko zaldi trostarekin parekatu daiteke?

B. Bai adibidez, edo bihotzak danborra astintzearekin ere…

Zer harrera izaten ari da diskoa?

A. Egin dizkiguten kritikak onak dira baina ez dugu piperrik saltzen.