argia.eus
INPRIMATU
Hautsaren kiratsa
Jakoba Errekondo 0000ko ren 00a
Castanea sativa, gaztainondoa.
Castanea sativa, gaztainondoa.

Urtea joan eta urtea etorri gerran. Urteroko borroka. Solstizioa aitzakia, ateetan naturari gorazarre egiten dieten lizar, elorri zuri, eta lore xortak jartzen diren sasoi honetan, etxe aurreko belazean gudaldi ikaragarria izaten dugu. Alde batetik gu eta gure aitzurrak, aurkariak karduak. Haien gudarostea ia erabat Cirsium generokoek osatzen dute: C. arvense, C. vulgare, C. filipendulum, C. palustre eta C. eriophorum, besteak beste. Sailean, urte osoan etengabe, ardi, behor eta bigantxa azienda bertan larratzen da. Honek, kaka eta kaka medio, nitrogeno gaindosia dakarkio lurrari. Horixe gustuko karduek eta milaka eta milaka hazten dira. Hezetasuna ere gustuko dute eta mugako basoaren, garomenaren eta lahar-tortoen itzalaldetan bapo ugaltzen dira.

Egun luze hauek beroak izaten dira, eta urrutira gabe dugun itsasoaren brisa alferkerietan baldin badabil, zer esanik ez. Bi aitzur dantzan, ez jorran, edo izakitzen, edo... Dantza berezian aitzurraren ahoko alde bat kantoizka, karduak lurpean duen ipurdi lodikote moztaka kolpean ateratzeko. Ipurdi hori atera ezean bertatik berrituko da.

Aitzurra dantzatzen duen batek besteari: hau dek hau kiratsa! Zer dek hau? Ez dago sakon arnastu beharrik, bero sasoietan loratu zaleak diren landareek usain izugarriak-erakargarriak zabaltzen dituzte. Lagunak ezagutu nahi duen usaina ere lore batena da. Castanea sativa, gaztainondoaren lore arrarena. Gaztainondo bakoitzak bi lore ematen ditu: arrak eta emeak. Emeak txikiak eta hostoen azpiko aldean babestuta. Arrak ikusgarriak: gerba laru luzeak multzoka eta hostaiaren gainetik kanpoko haizeetara. Arrak polena zabaldu behar du eta beti haizearen esanetara makurtzeko pronto. Polen edo lorauts horrek zabaltzen du gaztainondoaren kiratsa, berak darama... Beste arbola bateko lore emea ernaltzeko bidean lagunduko dio.

Zorrotz azaldu du lagunak lore horren kiratsa: hazi usaina du. Gizonaren haziarena: semena edo espermarena. Haize handirik ez zebilela eskerrak.