argia.eus
INPRIMATU
Groenlandiako marrazoa, harrapari mantsoa baina eraginkorra

Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko uztailaren 04a

Groenlandiako marrazoek zazpi metroko luzera izaten dute, eta 500 metroko sakoneran bizi dira. Oso mantso mugitzen dira, ez baitute 0,34 m/s-ko abiadura gainditzen, baina euren sabeletan txipiroiak eta fokak topatu dituzte. Zientzialariek ez dute ulertzen hain mantso mugitzen den animaliak nola harrapatzen dituen harrapakinak.

Susmoa bazegoen harrapakinak atzemateko unean marrazoak abiadura azkartzen zuela. Baina hainbat aleri bizkarrean jarritako abiadura-neurgailuek ezeztatu egin dute hipotesi hori. Nola harrapatzen ditu, orduan, harrapakinak? Oraingoz frogatu gabeko hipotesi bakarra dago: lotan daudela ehizatzen dituela. Fokek, adibidez, uretan egiten dute lo sarritan, hartz zuriek harrapatu ez ditzaten.