argia.eus
INPRIMATU
Finantza entitateak garbitzea

Juan Mari Arregi 2012ko uztailaren 04a

Funts milioidunekin salbatu nahi den Bankiaren kiebrak –PPren finantza ikurra– mahai gainean jarri du berriz ere zer egin behar ote den kaudimenik ez duten erakunde finantzarioekin, Espainiako Estatuko beste entitate ugari egoera berean egon baitaitezke. PPren Gobernuak proposatzen duen irtenbidea da entitateak funts publikoekin salbatzea, hau da, zergadunen diruarekin. Baina zergadunek ez dute zerikusirik entitateen gestio kaskarrarekin, ezta politikari askok izan duten arduragabekeria larriarekin ere. Politikari horiek “kolokatuak” izan ziren euren alderdien eskutik –batez ere aurrezki kutxetan– eta probetxua atera zioten egoerari, indemnizazio eta pentsio milioidunak segurtatuz. Batzuetan nazionalizatu egin nahi dira, galerak sozializatzeko, eta etorkizunean etekinak dituztenean, berriz ere jarduera pribatura eramateko. Ohiko kapitalisten filosofia da, eta euren gobernuena ere bai: interbentzio ekonomikoaren kontra daude, baina euren entitate finantzarioak salbatzearen alde dira, zergadunen diruarekin noski.

Irtenbidea, kaudimenik gabeko finantza entitate horiek garbitzea behar luke izan, eta kudeaketa horren arduradunak depuratzea, berdin politikoak nola penalak. Akzionistek eta inbertitzaileek galerak onartu beharko lituzkete, entitateen kudeaketa negargarria zergadunek ordaintzea saihesteko. Badaude nazioarteko erakundeak, Nazioarteko Ordainketa Bankua kasu (BIS), esaten dutenak finantza sistemaren egituran funtsezko aurrerapena egingo dela baldin eta “entitate handiei kiebra jotzen uzten bazaie zergadunek ondorioak jasan behar izan gabe”. Ikuspegi antikapitalistatik begiratuta hobe litzateke banku horien guztien eta sektore estrategikoen nazionalizazioa. Hori, ordea, beste kontu bat da!