argia.eus
INPRIMATU
Elkarbizitza, aztertu sei puntu hauekin

Xabier Letona Biteri @xletona 2012ko uztailaren 04a

BIKTIMEN gaia gero eta sendotasun handiagoz dago agenda politikoan, eta gero eta modu orekatuagoan gainera. Glencreeko esperientzia da orain arteko iparrorratza, eta herritar arruntoi ikasgai itzela eman diguna: haiek gai badira elkarren artean enpatiaz jardun, elkar ulertu eta elkarrekin ondorio oso argiak gizarteratzeko, horrek erakusten du horrenbeste sufritu ez duten gainerako herritarren arteko elkarbizitza eskura dagoela. Horretarako borondaterik badago behintzat.

Garrantzitsuena da biktimen gaia dagokion lekua hartzen ari dela apurka. Bi esparru garrantzitsutan mugimendu interesgarriak izan dira: batetik, ezker abertzaleko hainbat alorretan onartzen ari da bere esparrutik egindako mina, eta honek aitortza eta erreparazioa behar dituela; bestetik, Estatuaren gehiegikerien biktima batzuei ere onarpen maila bat ematen ari zaie, batez ere EAEko instituzioen aldetik.

Eremu batean zein bestean asko geratzen da oraindik, zalantza barik. Ezker abertzaleak denbora gehiago eta jarrera sakonagoa beharko du, ETAren biktimek bere aitortza egiazkoa dela sinets dezaten. Estatuak, biktima mota askorekiko aitortzaren atea ireki ere ez du egin oraindik: torturatuak, hainbat koloretako poliziek urte luzez zauritutakoak, presoak eta haien senitartekoak, ETAren aurkako borrokan egindakoak... Areago, gaur egun, euskal gatazkaren parametroetan, Estatua da giza eskubideak zanpatzen dituen bakarra, batez ere presoen esparruan.

Orain hobeto uler litezke Jonan Fernandezek 2011ko urtarrileko Larrunen idatzitako “Berradiskidetzea: baldintza etikoak” artikuluko osagaiak, besteak beste, aipatutakoak indarrean jartzen ari diren kontzeptuak direlako eta horietako asko, poliki bada ere, gauzatzen ari direlako. Gatazken konponbidea eta biktimen gaiari sendotasunez heltzeko sei oinarriz hitz egiten da lerro haietan:

1. Oinarria elkarrenganako errespetuan eta aitortzan dago.
2. Subjektua gizartea da, garrantzitsuena berradiskidetzea eta bizikidetza dira, eta biktimak prozesu horren onuradun dira.
3. Zeintzuk dira helburuak? Biktimen erreparazioa, humanizazioa eta adiskidetzea.
4. Nola lortu? Estrategia: begirada berri bat iraganari, orainari eta geroari.
5. Iraganeko begirada, printzipio nagusi batzuk: sufrimendu guztiak aintzat hartu behar dira, iraganarekiko begiradak zorrotza izan behar du, baina hainbat interpretazio egongo dira; halakorik “inoiz gehiago ez” ideia nagusitu behar da.
6. Oraina begirada eraikitzailez eta enpatiaz landu behar da. Errespetua eta onespena giltzarri dira, barkamenak borondatezkoa izan behar du eta berriro halakorik ez gertatzeko konpromisoa sendoa.

Puntu horiek izaten dira edozelako gatazketan biktima eta bizikidetza kontuak bideratzeko oinarriak. Biktimen inguruan izaten ari diren hainbat ekimen edo etorkizuneko bizikidetzari begira zer ari garen egiten aztertzeko, interesgarriak izan daitezke aipatutako sei puntuak. Egin froga eta ekin ariketari.