argia.eus
INPRIMATU
27koen klubeko lehen bazkidea
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko uztailaren 04a
Brian Jonesek (1942-1969) zera esan omen zuen behin:
Brian Jonesek (1942-1969) zera esan omen zuen behin: "Bai, ospetsua izan nahi dut. Eta ez, ez dut 30 urte bete nahi". Haren nahiak bete egin ziren.

Hartfield (Ingalaterra), 1969ko uztailaren 3a. Brian Jones rock musikariaren gorpua aurkitu zuten Cotchford etxaldeko igerilekuan. The Rolling Stones taldeko sortzaile eta kide ohiak 27 urte eta 125 egun zituen. Auzitegiko medikuaren esanetan “ezbeharrezko heriotza” izan zen, eta haren gorpuan alkohol eta droga gehiegikerien zantzuak topatu zituen. Gerora, hainbat teoria konspiranoiko sortu dira, Jones hil egin zutela diotenak, baina ez dute lortu haren kasua berriro zabaltzea.

Hilabete eskas lehenago Jonesek The Rolling Stones utziko zuela iragarri zuen, talde ezaguneko gainerako kideek hala eskatuta. Taldekide batzuk haren hiletara ere ez ziren joan, baina garaiko beste rock musikari ezagun askok omenaldiak egin zizkioten hil zenean. Esaterako, The Doors taldeko Jim Morrisonek Ode to L.A. While Thinking of Brian Jones, Deceased poema idatzi zion, eta Jimmy Hendrixek abesti bat eskaini zion telebista saio batean.

Bizirik zela inoizko rock bandarik garrantzitsuenetakoa sortu zuen, eta hil ondoren, ezustean, beste talde baten sortzaile izan zen. Bera hil eta urtebete pasatxora, 1970eko irailaren 18an, Hendrix hil zen. Handik bi astera, Janis Joplin, eta Jonesen heriotzatik bi urte pasa zirenean, 1971ko uztailaren 3an, haren beste lagun bat hil zen, Jim Morrison. Denek 27 urte zituzten, eta, horrenbestez, 27koen kluba sortu zen. Baina hildakoak adin bera izatea azaleko aipamena baino ez zen izan garai hartan. Bi hamarkada baino gehiago igaro ziren klubak egun duen indar mediatikoa lortu arte, eta Kurt Cobain Nirvanako abeslariak eman zion bultzada hori, 1994an bere buruaz beste egin zuenean. 27 urte zituen, jakina. 27koen Klubaren kontzeptua etengabe aipatzen hasi ziren prentsan, musika aldizkarietan eta ikus-entzunezko komunikabideetan. Merchandising objektu bihurtu zen, liburuak eta filmak egin ziren talde bitxiaren inguruan eta bazkideen lan zaharren salmentak sustatzeko aitzakia paregabea izan zen.

Oraindik ez da urtebete igaro Amy Winehouse abeslaria klubera ate joka hurbildu zela. Handik gutxira, 2011ko abenduan, ikerlari talde batek gaia aztertu eta ondorioak British Medical Journal aldizkarian argitaratu zituen: rock musikariek, beren bizimodua dela eta, gazte hiltzeko aukera handiagoa dute, baina 27 urterekin hiltzea halabehar hutsa da eta berdin hil daitezke 26rekin edo 28rekin. Hilotz eder eta gazte horiek errentagarriak diren bitartean, 27koen klubaren madarikazioa bedeinkapena izango da zenbaitentzat.