Xarmaz

Xarma, Carpinus betulus.
Xarma, Carpinus betulus.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lurrinen xarma... Usainek dugun eta animalienera garamatzatela uste dut. Neu behintzat bai, ametsetara. Zakur ametsetara ote? Eta xarmak xarmara. Xarma, Carpinus betulus, gure zuhaitz ezezagunenetakoa zaigu. Batzuek pago-lizarra ere deitzen diote. Europa freskoko zuhaitza da; kontinentearen erdi aldean hedatua da eta mendi garaiak gustatzen zaizkionez –600 metrotik gora bizitzea gustatzen zaiola esan ohi da– Pirinioei segika sartua da Euskal Herrian. Iberiar penintsula osoan berezko xarmak Bortzirietan, Arantzako mugan bertan Igantziko herri lurretan dagoen San Juan Xar leize-ermitaren inguruan eta Bidasoa ibairako pendizetan bakarrik omen ziren. Gipuzkoan ere, Alegiako Arterrekaren ibarreko toki berexi batean 200 metro inguruko garaieran ere ziento erdiren bat aleko basotxo bat badela jakin da, ordea; horixe berezia, hori baino hegoalderago edo mendebalderago espezie hau ez da aurkitzen. Espezie arraro bihurtua dugu, eta desagertzeko arriskuraino eraman dugunez Nafarroako baso erlikia horri eusteko Natur Erreserba izendatu zuten 1987an eta EAEko Espezie Mehatxatuen katalogoan “galtzeko arriskuan” daudenen zerrenda gorrian dago. Ez da harritzekoa, bere egurra estimu handitan izan baita, sutarako bezala zuretarako. Frantzian ere ez dute saltzeko eta bertako basoen %6 bere du. Iparraldean ezagunxeagoa da, Uztaritzetik harantz behinik behin.

Gaur ezezaguna eta ia galdua badugu ere garai batean, aspaldi, Behe Paleolitoan, duela 150.000 urte baino lehenago, oso ugaria omen zen xarma lurralde honetan. Zestoako Irikaitz leizekoa bezalako garai hartako aztarnategietan egindako indusketetan azaldutako polen arrastoen frogetatik jakin daiteke, nonbait.

Igantzi eta Arantza arteko San Juan Xar izeneko leize-ermitaren aldamenean ur miragarriak ematen dituzten iturriak omen dira.
Miraria xarma bera oraindik ere gure artean izatea, da. Leize eta zuloen inguruetan besterik ez bada ere...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xarma
Eguneraketa berriak daude