argia.eus
INPRIMATU
Hunkitzeko eta hunkitua izateko zortea
  • Rock&Ron.

    Ze esatek.

    CD-DVD. Oihuka.

    Iraupena: 48’48’.

    14 euro.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko ekainaren 26a
Azken urteotan sona handia hartu duen talde parrandero hau Trikizio, Skunk, Harlax, Nuke, The Txortains eta beste talde batzuetan aritutako lagunek osatutakoa da. Euskal Herrian serioak garela dioten arren, ska eta rocka nahasten duten taldeek jarraitzaile ugari izan ohi dute. Hala izan da iraganean eta halaxe da gaur egun ere. Ze Esatek taldea horren adibide garbia da. Erritmo biziko punk-popa oinarri, haizezko instrumentuek lagunduta eta egunerokotasunezko hitz garratz edo alaiek hauspotuta, kantu sorta freskoa batu dute lan honetan, tartean Azpeitiako KMK, 2010eko Ikasle Eguna eta Txori Barroteren alde idatzitako kantuak ere. Kantu itsaskorrak eta biziak dira ia guztiak. CDarekin batera, Kubako biran bizitakoarekin egindako DVD xume bezain hunkigarria, biraren zenbait pasarte eta Kuba zatitxo bat ekarri dizkigute.

www.zeesatek.com
"Musikatik bizitzea posible da, noski, musikaria ez bazara"

Zer dauka ska-rockak lehen eta orain hala erakartzeko? Zein da sekretua?

Musika estilo guztiek dute erakartzeko ahalmena eta denek dituzte aldekoak eta kontrakoak. Gu dantzarako, parrandarako eta ondo pasatzeko abestiak egiten saiatzen gara, eta horretarako, akorde nagusietan eta erritmo azkarretan oinarritzen gara gehienbat. Hitzetan egunerokoari egiten diogu erreferentzia. Edozeinek presta dezake koktel hau, ez dugu esango kalimotxoa asmatu dugunik!

“Lanetik etxera itzultzen naizenean ‘zer egin dezu gaur’ galdetzen didatenean ez dut gezurrik esan behar”. Eta bada musikaz bizitzerik?
Jendea jipoitzen edo komisaldegietan torturatzen duten polizia horiei abesten diegu hori. Horiek ere guraso dira, senar, emazte, seme, alaba... Harrigarria da nola izan dezaketen kontzientzia hain lasai! Iñigo Cabacas edo Rosa Zarra hil zutenek, adibidez, etxera iritsi eta bikotekideari zer esango zioten? Baina zuk esandakoari jarraituz, musikatik bizitzea posible da, noski, musikaria ez bazara! Gure kasuan ezinezkoa da, taldean bederatzi izanik.

“Aurpegian irria, bihotza gorria, badator musikaren iraultza berria”. Ezinbesteko osagaiak?

Ateratzen zaiguna egiten dugu, nahi duguna. Estereotipo gutxi betetzen ditugu eta harro gaude: ez gara auzoko gaiztoenak, mozkorrenak, guapoenak, ezta militanteenak ere... Lehengo pringauak gara.

“Ezer ez da doakoa, larrosak arantzak dauzka”. Bide luzea egiteko?

Garbi dago baietz, luzea eta gogorra izan den moduan, oraindik ere aurrean dagoena hala izango da ziur. Baina baikorrak gara, bai. Irribarre egin, irabaziko dugu eta!

“Katia“. Kuba poesia hutsa da? Zergatik?

Abestia kontzertuetan kubatarrei eskaintzeko idatzi genuen eta harrera ezin-hobea izan zuen. Kuba poesia hori baino gehiago da, bihotza, duintasuna, poza, eskuzabaltasuna... baina hara joan behar da ezagutzeko.