SORTU-REN legeztatzeak ez du ekarriko ondorio politiko handirik epe motzean, esate baterako Bilduren legeztatzeak ekarri zuen moduan, orduan epaiak hauteskundeetako atea zabaldu edo ixten zuelako. Sortu Batasunaren oinordekoa da, eta honen ordezkaritza politiko-instituzionala Bildun eta Amaiurren ordezkatua dago egun. Eta EAEko hauteskundeetan EBHn izango da, orain Sortu moduan jada.
Une honetako bere ondorio politiko nagusia sinbolikoa da, Euskal Herrira begira eraikitako ilegalizazio harresiaren erorketa irudikatzen du. Eta hori gertaera handia da, bai herritarren multzo handi batek bere oinarrizko eskubideak gauzatu ahal izango dituelako, bai apurka gauzatu beharreko bake prozesuan beste urrats sendo bat dakarrelako.
Egunerokoan, ondorio politiko zehatzenak Batasunako militanteek nozituko dituzte, dagoeneko beren jarduera politikoagatik espetxeratuak izateko arriskurik gabe aritu ahal izango direlako, edota beren ekimen politikoak etengabe kamuflatu beharrik gabe, aurrez aurre agertzeko debeku edo kutsatze beldurrik gabe.
Bai, ohartarazi dituzte adi ibili daitezen, eta horretarako Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ohar-hesi zorrotzez jantzi du bere epaia. Baina naftalina usaina darie mehatxu-oharrei, joan den hamarkadako testuinguru gatazkatsuaren kiratsa, Espainiako iritzi publiko atzerakoienari botatako bazka.
Epaiak, Bateragune auzia desegin eta Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jazinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez askatzeko giltza jarri du haien ziegetako ateetan. Argudio juridiko korapilatsuetan sartu gabe, argi da Sortu legezkoa bada, bere sorrera bultzatu zutenak kartzelan mantentzeak ez duela zentzu politikorik.
Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak frogarik gabe utzi zuela legez kanpo Sortu, susmoa egi bihurtuz, baina batetik besterako egitateen bidea ondo finkatu barik. Argudio juridiko berdintsuekin, nekez froga daiteke Otegi eta beste lauak ETAren tresna edo etakide zirenik. Bestela esanda, epai hori emateko Auzitegi Nazionalak eta Gorenak frogarik ez zutenez, zigorrarekin errugabetasun printzipioa urratu dela ondorioztatu daiteke, eta beraz, libre utzi beharko lituzkete.
Horrek badu logika, baina ez da bihar-etzi gertatuko, bistan da Espainiako iritzi publikoa bere onera ekartzeak denbora behar duela. Lehenik epaia aztertzeko erabakia onartu behar du Konstituzionalak eta gero ekin. Sorturen epaiak Espainian ekarri duen zalaparta mediatikoarekin, ez dirudi helegitea onartzekotan ere, berau laster batean landuko litzatekeenik. Gainera, ezin da ahaztu Konstituzionala berritzear dela eta Sorturen epaian ere sei epaile alde agertu direla eta bost aurka.
Edonola, etorkizunak ateak parez pare zabaldu dizkio Sorturi. Hiruzpalau urte atzera eginez, baikorrenak ere nekez irudikatuko zuen orduko Batasuna setiatuak horren etorkizun oparoa izan zezakeenik. Iraganeko molde abanguardiazaleak atzean utzi eta bere jarduna gizarte mugimenduekin uztartzen asmatzen badu, Sortuk potentzial handiko mugimendu eraldatzailea osa dezake.