argia.eus
INPRIMATU
Sudurretik urrunago
Jakoba Errekondo 2012ko ekainaren 20a
Vitis vinifera.
Vitis vinifera.

Beren bizitza, besteak beste, usain berezi bat asmatu, sortu eta garatzera ematen dutenak miresgarriak zaizkit. Landareez ari naiz, jakina...

Usaina duten landareek badute, animalion sudurretik, aparteko xarma. Kolorea, eitea, izaera eta forma erakargarri gutxi balitz, usaina.

Usaina nonahi: hazian, fruituan, lorean, hostoan, azalean, egurrean... Landare batek hurbiltzea eskatuko digu, beste batek gu uxatzeko bere bizikoak eta bi kino egingo ditu. Gure sudurra baino urrunago ikusten du landareak...

Neuk ere, aspalditxoan, okasioetarako, usain berezia daramat azalean: ez neurea, landare nahasketa xelebre baten usaina. Frantzian (Quercy, Touraine...) jaio baina Argentinako Euskal Herrian, Mendozan, garatu eta heldu den mahatsondo, Vitis vinifera, bat du oinarri: Malbec aldaera. Haren ardoak, kolore beltz eta tanino artean, fruitu gorrien usainak oroitarazten dizkigu. Tangoaren herriari ez zaio alferrik Malbecaren herria ere deitzen. Frantzian halako hogei lur eskaini diote han. Argentinan adina ez baina, auzoko Brasilen ere mahats hori lantzen dute. Ardo edontzitik harantzago joan dira sanbaren herrian: lurrin bat egina dute. Malbec mahatsa sudurrerako soilik. Ardoa destilatuta bereizitako alkohola haritzezko barriketan ontzen dute. Frantziar haritzezko barriketan. Ardo alkohola erabiliz sortu den lehen lurrina da. Ardoaren lurrina deitzen diote. Arana, haritza eta banilla lurringaiak ditu oinarri eta gizonezkoentzat omen da... Alain de Mourgues ospetsuak sortutako ardo botila itxurako ontzi aproposean datorren Malbec hau Napoleão Bastos lurringileak asmatua da. Eta honela zehazten du: usain familia: zurkara; muinean: musketa, goroldioa, anbara eta benjoia; gorputza: Virginiako zedroa, patxulia eta Malbec; abieran: Pertsiako lima, andere-mahats beltza, bioleta hostoak, Bergamota udarea, limoia, mandarina, kardamomoa, piperbeltza eta Libanoko zedroaren hostoak.

Nahasketan izango du xarma. Harrapazan/k atzeko hankatik lepoan hori dena daramana... Jendea zerk limurtzen, zerk liluratzen, zerk seduzitzen du gehien: ardoak ala lurrinak? Euskalduna ere bai?