argia.eus
INPRIMATU
Nork erreskatatutako ditu herritarrak?

Juan Mari Arregi 2012ko ekainaren 20a

Espainiako bankuen erreskatearen eztabaidan murgilduta gaude; Europar Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtseko 100.000 milioi euro erabili nahi dira horretarako. Erreskatea ez da doan izango. Diru hori uzten dutenek, dirua itzultzeaz gain, interesak ere eskatzen baitituzte. Era berean, murrizketa sozial gehiago eskatu dituzte, herritarrek ordaindu beharrekoak, “mailegua” kobratuko dutela bermatzeko. Administrazioek, Euskal Herrikoek barne, enpresa handiak ere erreskatatzen dituzte, ordaindu beharreko zergak murriztuz eta kenkari gehiago eskainiz. Iberdrolarekin horixe egin dute. Ez da lehenengoa, ezta azkena izango ere. Bankuek, aurrezki kutxek –haien kudeatzaileek kiebrara eramanak, kasu batzuetan–, baita enpresa handiek ere, “erreskateez” gozatu dezakete.

Nork erreskatatuko ditu herritarrak? Zeinek erreskatatuko du langabezian dagoen gazteriaren %50a? Zeinek erreskatatuko ditu huskeria batekin bizi diren milaka jubilatuak? Zeinek erreskatatuko ditu menpekotasuna duten pertsonak, askotan familiaren sakrifizioari esker bizi badira? Pobreziaren mailaren azpitik bizi direnak zeinek erreskatatuko ditu? Sistema kapitalistarengandik langabezia, pobrezia, indibidualismoa, berekoikeria, eta injustizia baino ez dugu espero behar. Beharrezkoa da beste sistema justu, solidario eta alternatibo bat, herri bakoitzaren langileriak eta herri-klaseek sortutakoa. Jakina da Frantzia eta Espainia, euren politika ekonomikoekin, Euskal Herria zamatzen ari direla. Besteak beste, euskal banku publiko bat behar dugu, inbertsioa sektore estrategikoetara bideratuko duena, enplegua eta ongizate estatua segurtatzeko. Kutxabank ez doa norabide horretan. Gure ongizatea eta subiranotasuna errespetatzen dituztenek baino ez gaituzte erreskatatuko euskal herritarrok.