argia.eus
INPRIMATU
Ikusmen ahulduak badu konponbiderik

Jabier Agirre 2012ko ekainaren 20a
www.alohalaservision.com
www.alohalaservision.com

45 edo 50 urtetik aurrera denok dugu presbizia edo ikusmen ahuldua, maila handiagoan edo txikiagoan. Baina medikuntzaren aurrerapenei esker gero eta irtenbide hobeak daude arazo hori zuzentzeko.

Espainiako oftalmologoek iaz egin zuten kongresuan iragarri zutenez, pare bat urtean ikusmen ahuldua zuzentzeko gaur egun erabiltzen diren laserrak baino askoz ere zehatzagoak lortuko dira, eta horrek teknikaren eraginkortasuna handituko du kasuen %99,9an. Albiste ona da hori, 50 urtetik aurrera guztiok okerrago ikusten hasten garela kontuan hartzen badugu.

Zergatik gertatzen da?

Ondo ikusteko, objektuak, hizkiak batez ere, urruntzeko premia duzunean, presbiziaren prozesua hasia dela konturatuko zara. Urteek aurrera egin ahala, begiko kristalinoa gero eta lodiago bihurtzen da eta elastikotasuna galtzen du; ondorioz, ikusten dugun distantziara egokitu eta moldatzeko gaitasuna galtzen du begiak. Bestela esanda, fokatzea kosta egiten zaio. Baina zahartzearekin batera agertzen den prozesu horretan urteak ez dira faktore eragile bakarra. Diabetesa eta anemia bezalako trastornoek ere erasaten diote kristalinoaren osasunari. Bi gaitz horien aurka prebentzio egokia eginez gero, presbizia agertzea atzeratu edo prozesuak aurrera egitea saihestuko duzu.

Bestalde, gertuko ikusmena etengabe erabiltzea eskatzen duten jardunak (irakurtzen denbora luzea ematea, lanaldi osoa ordenagailuaren aurrean egitea...) kaltegarriak dira. Egin itzazu atsedenaldiak tarteka, begietako tentsioa arintzeko.

Honela konpontzen da

Metodo tradizionala lenteak erabiltzea da: lente horiek monofokalak izan daitezke –gertukoa ikusteko–, bifokalak –gertutik irakurtzeko eta urrutira ikusteko, adibidez– edo progresiboak –tarteko ikusmena ere hobetzen dute–. Antiojoez gain, lentilla zuzentzaileak erabili ohi dira.
Gaur egun badira antiojoak eta ukipen-lentillak alde batera uzteko modua ematen duten teknika kirurgikoak. Kristalino artifiziala edo begi barruko lente multifokala izeneko teknika, kristalinoa bere funtzioak egiten dituen lente batekin ordeztean datza, garunari kasu bakoitzean fokatzerik egokiena aukeratu edo hautatzeko modua eskainiz. Teknika horrekin ikusmenaren beste akats batzuk ere konpon daitezke, miopia, hipermetropia edo astigmatismoa kasu. Teknika sinplea da, 10-15 minutu irauten duen ebakuntza kirurgikoa, eta emaitzak oso onak izaten dira behar bezala hautatutako pazienteetan.

Zein faktorek errazten dute presbizia agertzea?

Adina, begirada gehiegi behartzea edo anemia nahiz diabetesa bezalako trastornoez gain, ikusi da badirela presbizia agertzea erraztu dezaketen beste faktore batzuk. Esaterako, elikadura desorekatua edo kaloria gutxiko dieta hainbat hilabetez mantentzen badira, ikusmenean akatsak ager daitezke. Estres gogorreko aldiek ere trastornoa agertzea edo areagotzea ekar dezakete.

Botika batzuek presbizia bizkortu dezakete

Badira kristalinoaren malgutasuna murrizten duten medikamentuak. Horrelakoak dira antidepresiboak, antihistaminikoak –alergien kontra erabiltzen dira–, diuretikoak –hipertentsioaren kontra–, antiespasmodikoak –zenbait kasutan eztularen kontra–, baita kortikoideak ere –hanturaren kontra oso erabiliak–. Horietakoren bat hartzen ari bazara galdetu zure medikuari ea dosia egokitzea komenigarria den.