CAN

Nola hil kutxa bat kartzelan amaitu gabe

  • Krimen bat gertatu da Nafarroan. Bertako finantza erakunde sendoena, errotuena, 157 milioi euroren truke hil dute. Apenas bi urtetan, Nafarroako Kutxak bere balioaren %88 galdu du kudeaketa txarraren ondorioz, eta azkenean Caixabank-ek erosi du. Hauek dira hilketaren bost pausoak. Arduradunek libre segitzen dute.

CANeko arduradunek ez dute jazotakoaz inolako azalpenik eman Parlamentuan.
CANeko arduradunek ez dute jazotakoaz inolako azalpenik eman Parlamentuan.

Nafarroak garapenerako finantza tresna garrantzitsua galdu du; aurrezki kutxako langileek berregituraketa prozesu gogorra jasan beharko dute –Caixabanken arabera mila lanpostu galduko dira talde osoan–; Foru Gobernuak eta Iruñeko Udalak ikusi dute nola desagertu diren euren esku publikoetatik 1.100 milioi euro; gizarte ekintzara 55 milioi euro bideratu zituen CANek 2008an, 2012an 17 milioi besterik ez dira izango... Nola gertatu da ekonomizidioa?

Lehen pausoa: Hazi, hazi eta hazi

Enrique Goñi 2000. urtean iritsi zen Nafarroako Kutxara (CAN) Miguel Sanz foru erkidegoko presidentearen eskutik, eta 2002an zuzendari izendatu zuten.

Aurretik CANeko zuzendari ohi Lorenzo Riezuk idatzitako txosten kritiko baten arabera, Goñiren hazkunde politikak eraman du CAN egungo egoerara.

Riezuren testua dinamita hutsa da eta funtsean dio CANek momentu okerrenean hasi zuela hazkunde paregabea, eta okerreko bidetik gainera.

CANek 2005etik 2008ra hamabi aldiz biderkatu zuen higiezinetan eta bulegoetan egindako gastua, hain justu prezioak gorenean zeudenean. Hau da, sekulako inbertsioa egin zuen, gero etekinik eman ez baina balioa galdu zuten eraikinetan.
Bestalde, goi karguak ugaritu egin ziren erakundean eta beste askori erretiro baldintza lotsagarriak eskaini zizkieten –gutxienez horrelako 20 kasu daudela dio Riezuk, izen abizenik eman gabe–.

Urte horietan irabaziak ez ziren produkzioan oinarritu, CANek enpresetan zituen partaidetzak saldu zituen (Auna, Sodena, Planasa, Gesnavarra…) eta diru hori mozkina balitz bezala hartu zuen. Guztira 1.000 milioi eurotik 600 milioi inguru modu horretan lortu zuen erakundeak.

Aldiz, proiektu ez oso fidagarrietako inbertsioa hirukoiztu egin zuen. Aktibo seguruak saldu eta arriskutsuak erosi.
2009an, krisitzarrak harrapatuta zegoenerako, kaudimena %14tik %9ra murriztua zuen kutxak, hau da, eskuan zuen hamar sosetik bat baino ez zen berea. Horrela sartu zioten pozoi hilgarria.

Bigarren pausoa: nabarrismo-krisiak jota

Krisia aitzakia hartuta finantza erakundeen fusio prozesua hasi zen 2009ko hondarretan eta horrekin batera aurrezki kutxen pribatizazioa eta banku bihurtzea.

Ekonomia aditua den Juan Mari Arregi kazetariak behin baino gehiagotan aipatu izan duen gisan, Nafarroako Kutxak Euskal Herriko finantza sistemaren “zati naturala” behar luke izan; Aurrezki Kutxen Federazio Euskal-Nafarra oinarri hartzea besterik ez dago, talde egonkorra eta kaudimentsua lortzeko.

Botika eskuan izan arren, nahiago izan zuten ez ematea. CANek Caja Canarias eta Caja Burgosekin egin zuen bat, eta 2010eko martxoan Banca Cívica sortu zuten. Askorentzat irizpide politikoak –ideia nabarristak– lehenetsi ziren erabaki horrekin.
Egoitza soziala Sevillan paratu zuten eta bidaideen finantza egoera ere ez zen uste bezain ona suertatu. Hala, finantza-ingeniaritza harrigarri baten ondoren, 3.900 milioi euroko baliabideak izatetik, 2.400 milioi izatera igaro zen taldea.

2010eko uztailean Europako 91 bankuri estres testak egin zizkieten; horietako zazpik baino ez zuten suspenditu, tartean Banca Cívicak. Testaren arabera, banku berriak 1.600 milioi gal zitzakeen krisia areagotuz gero; zati handi bat adreilu hutsa zen.

Beraz, kapitala lortzea hil hala bizikoa zuen Banca Cívicak ataka horretatik ateratzeko. AEBetako JC Flowers marrazoak eskaintza egin zion: 450 milioi euro inbertitzea, bankuaren %49 omen zena. Banca Cívicak ezetz esan zuen, baina agerian geratu zen bankuaren benetako balioa.

Hirugarren pausoa: Espainiako Bankuari amen

Ordurako Banca Cívica konpasa galduta zebilen, eta okerreko morroiarengana jo zuen injekzio bila: Espainiako bankuen berregituraketarako funtsari (FROB) 977 milioi euro erregutu zizkion 2011 hasieran. Kopuru hori bost urtean itzuli beharko du bankuak, %7,5eko interesarekin. Inork ez du dirua doan uzten, entzun diegu berrikitan Europako handi-mandiei.

Gainera, operazioaren beste aurpegia ere nozitu zuen: Espainiako Bankuak CajaSol hartzera derrigortu zuen taldea.

CajaSol-ek berankortasun tasa handia zuen eta Cívica taldean sartu zenean FROBek emandako dirutik 500 milioi euro erabili behar izan ziren Andaluziako kutxaren etorkizuneko galerak konpentsatzeko.

Taldean kutxa bat gehiago izateak, CANen erabakitzeko ahalmena ahuldu zuen. Hortik aurrera Enrique Goñik CajaSoleko Antonio Pulidorekin erdibana eduki zuen presidentzia.

Laugarren pausoa: Burtsara datu “hipotetikoekin”

Bankiaren eskandaluaren harira gertaera ilun baten berri jakin dugu orain gutxi. Bai Bankiak eta bai Banca Cívicak, burtsara irten aurretik ez zituzten euren finantza egoerak ikuskatu, legeak exijitzen duen bezala.

Banca Cívicak, Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) informazio txostena eman zion eta bertan garbi dio 2008 eta 2009ko datuak “ilustratiboak eta hipotetikoak” direla, urte horietan bankua oraindik sortu gabe zegoelako.

Kapitala hil ala bizi. Banca Cívica burtsara korrika eta presaka irten zen 2011ko uztailean. Akzioak 2,7 euroan saldu zituen estreinakoz –bere balio teorikoaren %60 baino ez–, eta hala ere, geroztik beherantz egin du etengabe; egun 1,4 euro inguruan eros liteke entitatearen akzioa, hau da, bankuak %40 galdu du.

Bosgarren eta azken pausoa: Goian bego

Hilabeteotan, Banca Cívicak lan erreforma baliatu du pertsonaleko “gastuak” murriztuz –150 milioi euro– balantzea berdintzeko, baina 1.248 milioi euro behar zituen Gobernuaren probisio baldintza berriak betetzeko, kapitalaz gain. Ezinezkoa.

Iragan martxoaren 26an eman zuten akordioaren berri Banca Cívicak eta Caixabank-ek. Azkenekoak 1.000 milioi euroren truke erosi du lehena eta CANen jabeek 157 milioi euro jasoko dute.

Maiatzean CANeko administrazio kontseiluak egin duen bileran, erabaki dute Caixabank-ek Nafarroako finantza entitate historikoa irenstea. CAN banku erraldoiaren %1,4 baino ez da izango eta eragiteko ahalmena ezerezean geratu da.

Azken labankada izan da.

Goian bego.

CANen ardura berezia izan dutenak

Jose A. Asiain: CANeko presidente. 150.000 euro kobratzen ditu urtean.

Alvaro Miranda: Administrazio kontseiluko kide. Dietak kobratzea “etikoa” dela uste du.

Jose L. Sánchez de Muniain: Barcinaren eskuin eskua. “CAN pribatua da” esan du.

Ricardo Marti Fluxa: 2010ean 56.000 euro jaso zituen batzordeetako dietetan.

Jose Luis Erro: 2004tik da CANeko kontseilu ezberdinetako kide. 48.500 euro jaso zituen 2010ean.

Yolanda Barcina: Kontrol batzordean egon da urteetan eta ezkutuko batzordeetan ere bai. Ez dakigu zer erabaki hartu dituen, baina milaka euro jaso ditu dietetan.

Miguel Sanz: CANeko lehendakari 2010 arte. Administrazio kontseilua “despolitizatu” zuen ardurak sahieste aldera, baina dietak jasotzen segi zuen.

Enrique Goñi: CANeko eta Banca Cívicako zuzendari izan da. Hondamendiaren erantzule nagusitzat dute. 1,2 milioi euroko soldata izan du.

Bautista Bazterretxeren bila

UPNk eta PSNk, hala nola CANen erantzunkizunak izan dituztenek, behin eta berriz uko egin diote Legebiltzarrean azalpenak emateari eta ikerketa batzorde bat sortzea ere eragotzi dute. Nafarroako Gobernuak dio “kutxa pribatua” dela eta jada ez duela zerikusirik berarekin. Ahaztu zaio esatea Gobernuko buruak CANeko buru ere izan direla urte luzez, eta kontrol batzordeetan eta bestelako batzorde ezkutuetan parte hartu dutela gaur arte, oraindik oso argi ez dauden dieta astronomikoak kobratuz gainera.

“Detaile guztiak ezagutu nahi ditugu” esan dute Kontuz! plataformako bozeramaileek. Bere garaian Urralburu eta Otanoren kontra jardundako elkartea berriz agertu da Nafarroako Kutxaren afera dela-eta. Abokatuak, kazetariak eta finantza adituak bilduko ditu ahalik eta sakonen ikertzeko: batzordeetara joateagatik kobratzen ziren dietak, bileren aktak, batzordeetako kideak, egindako operazioak, deliturik izan ote den... Dirua non dagoen jakin arte ez direla geratuko agindu dute, Nafarroari gurdi-ardatza lapurtu dioten pijoak zein izan diren argitu arte.


Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude