argia.eus
INPRIMATU
Arrasateko Azoka

Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2012ko ekainaren 20a

Dimentsio handia daukan proiektua logika komunitario autoeratutik abiarazi dute Arrasaten. Une honek daukan alternatiba egarriari alternatiba batek eman nahi dio edaten, pentsamendu eta praktikaren iturritik. Kontua da Arrasateko azoka birpentsatzeko ekimena martxan jarri dutela Arrasateko Udalak eta Bagarak, hainbat eragilerekin batera. Azoka biziberritzeko eta kontsumo ohiturak eraldatzen laguntzeko espazio bat irudikatu nahi dute kolektiboki. Horrez gain, beste hauek ere lortu nahi dira: eragileak egitasmoaren subjektu bihurtzea (50 eragilek baino gehiagok egin dituzte ekarpenak); udalgintzan esperientzia berritzailea aktibatzea (udal teknikariak, zinegotziak, herri-eragileak eta Bagarakoak elkarrekin lanean jarriz); eragile eta herritarren arteko harremanak harilkatzea; eta azkenik, estrategikoak izanik ere, bigarren mailan geratzen diren arloei (tokiko eta bidezko merkataritza, elikadura, hurbileko nekazaritza, produktu ekologikoak, jolasgune eredu berriak…) ikusgarritasuna ematea. Zorionak Arrasate, eta Debagoiena, beste behin ere gizarte berrikuntza laborategia izateagatik.