argia.eus
INPRIMATU
11 Kantatzeko: Ipuin klasikoak bertsotan

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 0000ko ren 00a

11 Kantatzeko.
Formatua: DVD-a. Egilea: Urko Egaña. Lankideak: Oskar Estanga, Olatz Amozarrain, Antton Iztueta eta Leire Derteano.
2012an atera-berria. Informazio osoa: www.11kantatzeko.com

Gurean 3tik 8 urtera artekoek eskatzen dute DVD hau jartzeko. Eta zer arraio, heldu kalakariok pozik, hondoko musika atsegina zaigu bazkalosteko tertulietarako.

Ipuin klasikoak dira gehienak, eta ez hain ezagunak beste batzuk. Hamaika, denera: Hiru txerritxoak, Mari Errauskin, Txanogorritxo, Txori abeslaria, Sant Jordi eta herensugearen kondaira, Zazpi antxumeak, Pinotxo, Oñatiko jentilak, Txitxirio txiki, Hamelingo txirularia eta Edurnezuri.

Marrazkiak zoragarriak. Oñatiko Leire Derteanok irudi lezake mundutxo bereko egin dituela pertsonaia denak; oso eskuz egindakoak, umoretsuak, kolore ajatu xarmangarrizkoak.

Ez dute marrazki bizidunen abiadurarik. Eta zer nahi duzue esatea, azertu handia iruditu zait. Erritmo pausatu horretan, presarik gabe baina pausak oso ongi neurtuta ditu. Antton Iztuetak, bideoaren muntaia egin duenak, izango zuen horretan parterik. Iztuetak bertsoak ikasteko material oso baliotsua egina du lehenago ere, Power Pointekin. Nabari da eskarmentua, bertsoen erritmora eta isiluneetara egokitzen baitira marrazkien mugimendu eta elementu berriak.

Begien patxadak belarriei ematen die aukera, arreta ulerkorragoa ahalbidetuz. Irudiekin batera, entzuten ari garen bertsoak irakurgai ageri dira pantailan, hizki larriz idatzita (mila esker, irakurtzen ikasten ari direnekin akordatzeagatik!). DVDak ipuin bakoitzaren karaokea dakar, baina modu normalean egongela karaoke bihurtzen da; bertsoak ikasi ahala ikusleek harro kantatzen dute datorrena.

Oskar Estanga eta Olatz Amozarrainen musikak asko jazten du lana. Ipuin bakoitzeko doinu bat, guztira hamaika, neurriz eta moldez bariatuak. Ahots anitz biltzen dituzten ipuinek (Txanogorritxo tarteko) asko irabazten dute.

Urko Egañaren bertsokerak berea duenez, hizkuntza behartu gabe osatutako bertsoak dira, esaldiak berez-berez doaz, lehen entzunaldian ulertzeko samurrak dira, oso narratiboak. Badu margena bertsoak gehiago korapilatzeko. Bertsoak bakarrik ez, hitzaurrean azaltzen duenez, proiektua ere oso berea izan da, seme txikiak akuilatutakoa.

Zur eta lur utzi nauena autoekoizpena da. Boskote honek hasi eta buka, eurek egin dute dena. Salmenta ere eurengain dago: 11kantatzeko webgunean aurkituko dituzu salmenta puntuak.