Madrilen izan berria da Osasun Publikoaren Arriskuak eta Ingurumena nazioarteko jardunaldietan “Nanopartikulen toxikologia” azaltzen. Vyvyan Howard doktorearen lana erabakiorra izan da Irlandan Rigaskiddy herrian eraiki nahi duten errauste plantari bidea mozteko. Eguneroko bizitzan darabiltzagun kimikoen lanjerrez ohartarazten du.
Liverpooleko unibertsitatean toxikologiako irakasle eta hiri bereko Mozart Orkestran biolontxeloa joaz –bi lanbideotan maila horretara iritsiak ba ote dira Europan dozena bat?– lasai bizi omen zen Howard doktorea, ordurako lau seme-alabaren aita... harik eta ilunabar hartan Communities against Toxics elkartearen hitzaldi batera hurbildu zen arte emaztearekin.
Ralph Ryder zen bilerako protagonista, hondakinen errausketaren arriskuez jendeak ohartaraziz mundua korritutako aktibista. Vyvyan Howard oroitzen denez, “Ralphek amaieran lau agiri eman zizkidan, haiei begiratzen hasi eta goizeko 4etan artean irakurtzen ari nintzen ohean. Horrela esnatu nintzen eguratsean dauden Kutsagai Organiko Iraunkorren mundura”.
Ingelesez Persistent Organic Pollutants (POP) deitu kutsagaiz inguratuta bizi gara eguneroko bizitzan. Gizakiak jarduera industrialean sortuak, oso nekez desegiten dira, pilatu egiten dira elikadura katean eta urak bezala haizeak munduko bazterrik urrutikoenetaraino barreiatzen ditu. POP ezagunenetakoak diren dioxinak, esaterako, Artiko eta Antartikoko animalien organismoetan ere aurkitzen dira.
Ralph Ryderrek begiak ireki zizkionetik Vyvyan Howardek asko ikertu du kutsagai kimikoen alorrean, beti ere segituz sakontzen mikroskopio bidezko irudigintzan, horretan baita irakasle. Azken urteotan Ulsterreko unibertsitatean ari da, Gesa Staats toxikologoarekin familia berria osaturik.
Vyvyan Howarden oihartzuna gurera Gipuzkoako Zubietan errauste planta eraikitzearen kontrako mugimenduen eskutik iritsi zen 2010ean. Orduan ezagutu zen ikerlariak hondakinen errausketaren arriskuez idatzitako agiri bat, aurretik asko sakondu gabeko nanopartikulen alorra jorratzen duena.
Irlandako Cork hiritik hurbil Ringaskiddy herrian Indaver Group enpresak errauskailua eraikitzeko asmoa azaldu zuenean, Gobernuak An Bord Pleanála izeneko aholku batzordea antolatu zuen, ingurumenaren eta gizakien osasunaren gaineko eraginak baloratzeko. Howardek 38 orrialdeko txosten mamitsua aurkeztu zuen 2009an: Statement of Evidence. Particulate Emissions and Healthv (Lekukotza edo peritajea. Partikulen jariaketa eta osasuna).
Partikula txikien eta gizakien heriotzaren arteko loturak, partikula ezberdinen eta hauen arteko nahasketaren eraginak, arnasketa eta partikulak, biriketara iristen diren partikulen bidea, eragin toxikoaren mekanismoa, haurrak herritar bereziki bulnerableak, umekiaren jaio aurretiko arriskuak… ez dauka atal bat bazterrean lagatzekoa.
Grafiko ikusgarri bat ere badakar, zeinetan partikula txikiak alderatzen dituen gizakiaren ile baten lodierarekin. Honek 0,7 milimetro edo 70 mikrometroko lodiera dauka. Arnasten hasita 10 mikrometro baino ale larriagoak sudurrean eta eztarrian geratzen zaizkigu biriketaraino pasa gabe.
10 mikrometro baino txikiagoetan handienak bronkioen hasierara heldu eta karkaxarekin edo eztularekin kanporatzen ditugu. 5 mikrometro baino xeheagoak biriketaraino heltzen zaizkigu. 2,5 mikrometro baino are meheagoak albeoloetaraino barneratuko zaizkigu, biriketan oxigenoak eta odolak bat egiten dutenetaraino.
Hortik aurrera, kalteak, segun eta zein materialezkoa den partikula eta zein neurritakoa, 2,5 mikrometro baino gutxiagokoak baitira ultra-meheak, nanopartikula ere deituak.
Araua garbia da, Howarden hitzetan: partikula zenbat eta xeheago, kaltea are larriago. “Ikerketek erakutsi dute masa handietan arriskurik gabeak diren materialak berak ere toxiko bihurtzen direla partikula ultra-xehetan zatitutakoan”. Horrela begiratuta, hondakinen errauskailuek konbustioak sortutako isuri guztiok biltzeko dauzkaten filtroen eraginkortasuna bestela ikusten da. Hala ikusi zuten Irlandako agintariek ere, Rigaskiddyko errauskailu asmoa baztertu baitzuten. Iaz, ordea, enpresak lortua du epaitegietan dossierra berriro irekitzea.
Hondakinen errauskailuak ez dira Howarden kezka iturri bakarrak. Zenbait kosmetikok, zehazki eguzkitarako kremek, daramatzaten nanopartikulek Alzheimerraren eta Parkinsonaren sorrerarekin eduki dezaketen zerikusia aztertzen du Christian Holster neurologoarekin elkarlanean, NeuroNano izeneko proiektuan, Europar Batasunaren finantzaketarekin.
Beste ikerlerro nagusia kantzerrari dagokio. Cancer Active webgunekoei Howardek esan zien: “Bizi itxaropena luzatu egin da, baina kantzerra eragiten duten gaiz osatutako salda batean bizi gara; zenbat eta luzeago bizi zaren, horiek eragiteko aukera handiagoa daukazu. Luzeago bizitzea bera ez da kausa”.
Inguratzen gaituzten kutsagaiek gizakiongan duten eragina aztertzen du, batik bat haurrengan eta sortu gabeko umekietan: “Minbizia epidemia da gaur, umeen arteko zenbait kantzerren kopuruak bikoiztu egin dira 30 urtetan”.
XX. mende erditik aurrera bi kutsagai multzo ugaldu dira denetan: batetik erradioaktibtitatea, zentral nuklearrek eta bonbek barreiatuta; eta bestetik industriak sortu dituen ezin konta ahala kimiko, batzuk sinpleak, baina beste asko, PCB eta POP bezalakoak, konplexuak. “Toxikologia klasikoak arriskugabetzat zeuzkan produktu asko kaltegarriak direla badakigu gaur”.
Ingurumenaren eta giza osasunaren arteko loturak aztertu eta behatzen dituzten erakunde garrantzitsuetako kide da Howard. Cancer Activekoek kontatu dutenez, familia elikadura osasuntsu batekin eta etxean ahalik eta produktu kimiko gutxien erabiliz zaintzen du, lanera bizikletaz doa, eta bizitza umorez gozatzen ahalegintzen da.
Kantzerraren ikerlanei dagokienez, honen sorrerako mekanismoak argitzeko oraindik dozenaka urte beharko direla seguru dagoen arren, zenbait puntu frogatutzat dauzka. Horietako bat, askotan arriskurik gabetzat dauzkagun kimikoek nahasten dituztela gure hormonen prozesuak, estrogenoarenak eta testosteronarenak.
Horregatik dira bereziki kaltegarriak amaren barruan doan umekiarentzako. Anekdota honekin azaldu du Howardek. 2003an Europako politikariek odolean zeramatzaten toxikoez ikerketan ari zirela, testa egin zioten Margot Wallstrom ordezkari suediarrari. “Kopuru handia ematen zuen, baina esan nion handiagoa edukiko zukeela baldin eta ez balitu bi haur eduki, kimiko asko haiei pasa zizkielako”. Tamalez amak edoskitzean esnearekin pasatzen dio pozoia umeari.
EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]
UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.
Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.
Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]
HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.
Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]
“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]
Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]
Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.