Herria inguratzen duten mendien eta paisaien edertasunagatik da agian ezaguna Urretxu, baina badauka historiaz beteriko herrigune dotorea ere, hainbat altxor biltzen dituena. Mendeen joanak zenbait eraikin antzaldatu dituen arren, erdiguneko kaleetan barrena osteratxoa egiteak antzinako garaietara eramango gaitu.
1383ko ‘karta puebla’ delakoa da Urretxuren aurreneko erreferentzia dokumentatua. Horren aurretik, Santa Barbara baselizaren inguruan barreiatutako baserriek auzo bat osatzen zuten, elizate moduko bat. Herria sortzeak nolabaiteko babesa eta egonkortasuna eman zien, baita zenbait eskubide ere, merkataritza areagotzeaz gain. Erregeak sortu zuen Urretxu, eta hortik datorkio Villa Real, garai bateko izena.
Herritarrek eurek diseinatu zuten Urretxu erregeak emandako lur eremuaren mugen barruan; laukizuzen formakoa zen erdigunea, bi kale nagusik zeharkatua: Goikokale eta Barrenkale, egungo Iparragirre. Mugetatik kanpo, Errebala, Areizaga eta Nekolalde kaleak (aldiriak), eta Santa Barbara auzunea, izen bereko baseliza buru, herrigunetik bi kilometrora. Gaur egun Erdi Aroko egitura hori argi ikus daiteke Urretxun.
Herrigunean ibilian goazela eraikin esanguratsu ugarirekin egingo dugu topo; Goikokalean, esaterako, etxe askok Erdi Aroko orubeari eusten diote, eraikuntza aztarnarik zaharrenak XVII. mendekoak diren arren. Gaur egun Kultur Etxea den Aizpurunea etxeak, orain dela hiru bat hamarkada eraberritua izan zenak, garai bateko itxura gordetzen du. Urrelur, Urretxuko mineralen eta fosilen museo ezagunaren egoitza ere bada Aizpurunea gaur egun.
Iparragirre kalean Faktorekoa, Bikariokoa, Galdosenea eta Barrenetxea dira eraikin esanguratsuetako batzuk. Ezin aipatu gabe utzi Corral-Ipeñarrieta jauregia, egungo udaletxea. Eraikin ikusgarria da, aurrealdeko horma kareharri arrosaz egina daukana, eta barruko aretoetan hainbat margolan biltzen dituena, Urretxuko kale zenbaiti izena eman dioten pertsona historikoen erretratuak gehienak, Iparragirre handia tartean. Eraikin aipagarriak dira, baita ere, ezinbesteko bisita merezi duten Areizaga Jauregi etxea eta Santa Barbara baselizatik gertu dagoen Ipeñarrieta jauregia, Urretxuko esanguratsuena askoren iritziz. Tourseko San Martin elizaz gain, noski.
Tourseko San Martin eliza XV. mendearen bukaeran eraiki zuten. Hiru habearte dauka, eta hasiera batean Zumarragako Antiguako Ama Birjinaren ermita laudatuaren itxura bera omen zuen. Mendeen joanean jasan dituen hainbat birmoldaketek egungo itxura eman diote.
Kokapenak handitasuna ematen dio: bi kale nagusien artean dago, eta eremu handia betetzen du. Herriguneko murruetatik gertu egoteak Erdi Aroko gaztelu baten itxura emango zion garai batean, dorrea urrunetik izango baitzen ikusgai. Udaletxerik egon ez zen bitartean, herriko agiriak eta zigilua, armak eta bestelako ondareak bertan gorde ziren, elizan. Herriko bilerak eta beste hainbat ospakizun ere han egin ohi zituzten.
Eliza barneko habeak harrizkoak dira, baina ez guztiak: erdiko partekoak egurrezkoak dira. Muga horretan hain juxtu, hasierako garaietan eliza barrenetik aldare partera zuzentzen zen U formako koruak hartzen zuen atseden. Korua kendu egin zen, baina. Bere horretan mantendu izan balitz, Zumarragako Antioko baselizaren oso antzekoa zatekeen tenplu baten aurrean geundeke. Elizako ateek, nagusiak zein atzekoek, ez daukate apaingarri berezi askorik, eta ziur aski soiltasun horrek ematen die edertasuna. Sabaiaren egitura osoa egurrezkoa da, eta Antiokoarekin badu antzekotasunik, edo bazuen behintzat hasiera batean, ondoren eraldaketak jasan baititu. Bi isurialde ditu egurrezko sabaiak, eta makina bat oholez osaturiko egitura konplexua, itsasontzi baten kaskoa bailitzan. Alderantziz jarria, noski.
XVI. mendearen bigarren erdian eliza birmoldatu zuten, Juan de Lizarazu herriko maisuaren eskutik. Ordura arte, Urretxuko eliza inguruko beste herrietako elizen oso antzekoa zen (Zumarragako Antio, Ezkio, Itsaso, Astigarreta eta agian Legazpi ere bai). Eredua berdintsua izanik, ez zegoen gutxiespenik beraien artean.
Garai horretan, ordea, Zumarragak beste eliza bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen, herrigunean, garai berrietara egokiturik noski, eta Urretxuk, hori ikusirik, eraldatu egin zuen berea, Juan de Lizarazu buru zelarik. Baliabideak, ordea, urriak ziren, eta hala-moduzkoa izan zen eraldaketa. Asko eskatu zioten Lizarazuri, eta trukean ezer askorik eskaini ez. Nahi zuena egiteko askatasuna izango zen, agian, enkargua onartzeko arrazoietako bat. Herriko semea izateak ere izango zuen zerikusirik. Aspaldiko kontuak.