argia.eus
INPRIMATU
Ahotsa altxatu gabe, denon lurrean
  • Surfusion

    Los Galerna.

    Iraupena: 35’00’’.

    CDak: 5 euro.


    LPak: 10 euro.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko ekainaren 12a
Arrasateko hainbat musika taldetan (The 5 Twisters, Foxy Boxxi, Lost Souls…) ibilitako lagunek 2008an hasitako esperimentua gauza handi bihurtu da bigarren disko honetan. Surf edo rock instrumentaletik abiatuta, konposizioetan estilo askotara zabaldu eta, gainera, saxoa eta harmonika jotzen dituen bosgarren partaidea batu zaie. Surfa zentzu zabalenean ulertzen dute, zuzenekoetan punk-rocketik hurbil; eta diskoan kolore eta usain gehiagorekin. Latinoa eta bossanova, garagea (nola ez!), funkya, westerna, Bond-en zein ETBko arratsaldeetako western filmen soinu bandak, psikodelia, Mexiko inguruko mugan aurki dezakegun pasodoblea eta beste. Taldeak bere maila ondo baino hobeto gainditu du eta erakutsi du, abestu gabe ere, asko eta eremu askotan transmititu daitekeela. Inoiz baino irekiago eta biziago.

Surf etiketa txiki gelditu zaizue?

Estilo berean nahasketa asko egon ohi dira, beraz surf instrumentalean denetarik sartu daitekeela uste dugu: surf klasikoa, westerna eta punk rocka. Nola egiten den, hori da gakoa; egindakoa bihotzez sentitzea. Rockanroll instrumentala egiten dugu.

Zerk erakarri zintuzten surfetik?

Nahiz eta bakoitzak musikalki bere eraginak izan, beti harritu gaitu musika horrek, aspaldidanik. Taldea osatu aurretik akustiko batzuk egiten genituen eta tartean Shadows eta Venturesen bertsioak tartekatzen genituen.

Saxoak eta harmonikak gehiago borobildu dute emaitza. Galerna familia gehiago handituko zenukete ahal bazenute?

Bai, kantek beste ikuspuntu bat lortu dute eta zuzenean ere freskoagoa da. Baliteke azkenean Galerna Big Band egitea! Ez dugu pentsatu, baina edozer gertatu daiteke.

Zuen zuzenekoak ez dira jarrita ikustekoak…

Zuzeneko izerditsuak ematen saiatzen gara, lokaletik irteterakoan dena eman nahi dugu. Baina hartu-emana behar da ikusleekin eta askotan zaila da, askok ez dutelako sekula talde instrumentalik ikusi eta abeslaria irteteko zain egoten direlako.

Jazzari ere helduko diozue azkenerako?

Ez dut horrelakorik espero, jazza oso urruti gelditzen zaigulakoan nago. Agian punka egiten bukatuko dugu, Alacanten esan ziguten surf kontzertu bat ikustera joan eta punk kontzertu bat ikusten bukatu zutela. Nork daki.

Euskal Herrian arraro sentitzen zarete edo jendeari zuen musika ulergarri zaio eta maite du?

Arraro ez gara sentitzen, egia esan, baina askotan bakarrik eta ahaztuta sentitzen gara. Euskal herrian ez dago garage edo surf eszena handirik, eta zaila da horri eustea, bertan egiten diren kontzertu askotarako ez digute deitzen eta kanpoan egiten diren kontzertuetan gutaz ez dira oroitzen. Guk aurrera egin beharra daukagu, ez dago besterik.