argia.eus
INPRIMATU
Ostalari gozoak
Jakoba Errekondo 2012ko ekainaren 13a
Limoiondoa, Citrus x limon.
Limoiondoa, Citrus x limon.

Zitriko usaina zabaldu samarra da landareetan. Zitriko usaina ikaragarri gustukoa du jendearen sudur mintzak. Beste animalien mintzetan edo sudur sabaietan zer sentipen edo zirrara eragiten ote duen ez dugu berehalakoan jakingo. Jateko behintzat, ez dira gustuko jaki. Usain bortitz antzekoa duten landareak ez ditu hola eta hola jango belarjaleak. Sudur sabaiaren txoratzaileak ahosabaiak atzera botatzen ditu, nonbait.

Landareak ez dira ikuspegi antropozentriko motz orokortuenaren araberako jaki soilak. Ekosistemen sistemek iraun eta garatzeko, biotopoetan topo egiteko, eta landare jendearen jendarteek bizi ahal izateko... Bizidun askok egiten du topo sistema eta jendarte horietan: intsektu, hegazti, arrain, bakterio, birus, onddo... Horiek badakite: bizitzea ez da jatea soilik.

Landareak ere badaki. Bortitz arin edo fin, bere burua usainez janzten duen landareak zertan ari den badaki; usaina sortzeko energia hori ez du ez alferrik xahutuko. Ahosabaia minduko dion animalia hori uxatu eta beste batzuk erakarri nahiko ditu. Horientzat landareak, bere usaina gorabehera, habia babes lehorpe altzo etxe ezkutaleku aterpe ohe itzal geriza besape gordeleku ohantze zulo dira. Biga gorriren baten, moxal jostalariren baten, orein izuren baten, asto zuriren baten, arkazte mozoloren baten, ahardi txatxuren baten hozkatik urrutiratu nahi dutenek usaindun horietan babes hartuko dute. Ez denek, ordea. Usaina usaintzat dutenek, kirats zaienek ez. Koska polita!

Babestu-uxatu jokoa, geure jendartean ederki asko baliatzen dakiguna, landare jendearekin erabiltzen ikasi behar dugu. Baratze-soroetan gure landareak bazkatzera datozkigun arerioekin, adibidez. Guretzat usain atsegina eta arerioentzat kiratsa.

 Zitriko usain atseginera itzuliz, ezkai-limoia (Thymus x citriodorus), Mexikoko laranjondoa (Choisya ternata), verbena limoiusaina edo Luisa-belarra (Lippia citriodora), sasi laranja lorea (Philadelphus coronarius), benetako zitrikoen sendi osoa (Citrus sp.) eta abar luze bat erabili dezakegu arerioak gure landareetara ez hurbiltzeko barrikada gisa.

Bada beste hamaika. Hamaika usain eta landare: menda edo batanak, geranio edo zaingorriak...