Zer arraio gertatzen da denak Greziako hauteskundeen emaitzaren zain egoteko? Hamaika milioi lagun inguruko herrialde txikia besterik ez da, baina maiatzaren 6ko hauteskundeez geroztik mundu osoko hedabideen fokupean dago. Ekainaren 17an berriz bozkatuko dute greziarrek eta jokoan gobernu txiki bat baino askoz gehiago dago.
Eta arretaren kausa ez da Urrezko Egunsentia alderdi naziak bozen %7 lortu izana, maiatzaren 7ko titular askok hori nabarmendu arren. Atzamarrari begira ilargiaz ahazten diren kazetariak barregarriak lirateke, susmagarriak ez balira; albistea ultra-eskuinean ez, ezker berrian baitzegoen. Bototan %236 gora egin zuen Syriza koalizioak. Ezin gobernurik osatu parlamentuko mosaikoarekin eta greziarrak berriz pasako dira hautestontzietatik ekainaren 17an. Inkesta batzuek diote Syrizak irabaziko duela eta hori ez zen sartzen inoren gidoian.
Koalizioak ez baititu onartzen troikak –Europako Banku Zentrala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Komisioa– zorra finantzatzearen truke ezarri dituen murrizketa salbaiak. Ez dago negoziatzeko prest ere. “Infernua ez da negoziatzen” esan zuen Alexis Tsipras bozeramaileak maiatzaren 21ean Parisen. Luziferren erresuma aipatzea ez da debaldekoa: Barne Produktu Gordina %20 erori da azken bost urteetan; 30 urtez azpiko herritarren erdia langabezian dago. Murrizketa politikak “okerreko botika” dira Greziarentzat, Tsiprasek Time aldizkarian egindako elkarrizketa batean dioenez. “Greziak ezaugarri berezia du ekoizpen-oinarrian: negozio txikien produkzioaren %90, ekonomia greziarraren funtsa, ez da esportatzen. Etxeko merkatuan saltzen da. Beraz, soldatetan eta pentsioetan ebaki horizontala egiten duzunean, kontsumoan eragina du ezinbestean”.
Syrizak bestelako neurriak proposatu ditu: urtean 500.000 eurotik gora irabazten dutenei zergak %75 igotzea; etxerik gabekoei aterpea emateko gobernuaren, bankuen eta elizaren eraikinak erabiltzea; gastu militarra gutxitzeko neurri zorrotzak hartzea; finantza produktu eratorriak (swap-ak eta tankerakoak) debekatzea; itun europarrak erreferendum bidez onartu behar izatea... Gobernura iritsi eta programa hori aplikatuz gero goitik behera alda daiteke, ez bakarrik Greziaren egoera, baita Europako periferiako herrialdeena ere. Alternatibak posible direla erakutsiko luke. Syrizak mehatxuei, presioei eta beldurrei aurre egin beharko die horretarako: hauteskundeak iragarri eta berehala Angela Merkelek iradoki zuen, bozekin batera eurogunean jarraitu edo ez erabakitzeko erreferenduma egin beharko luketela greziarrek. Alemaniako kantzillerrak manera sotilak ditu “kontuz zer bozkatzen duzuen” esateko.
Syrizak irabazteak edukiko lukeen sakoneko esanahiaz dihardu ondorengo orrialdeko Slavoj Zizeken artikuluak. Eurotik irtetea mingarria bai, baina munduaren akabera ez dela esplikatzen du, bestalde, Costas Lapavitsas ekonomialariak. Zer izango da indartsuago, eurogunetik kanpo geratzeko beldurra ala murrizketen hemorragia eten eta bestelako politikak bultzatzeko borondatea?
Greziako hauteskundeen hurrengo itzulia ekainaren 17an da. Europako establishmentak ohartarazi digu hauteskunde horiek hil ala bizikoak direla: ez bakarrik Greziaren patua, agian Europa osoarena egon liteke jokoan. Emaitza batek –emaitza onak, hala diote– murrizketen bidezko prozesu mingarri baina beharrezkoak aurrera jarraitzeko bidea emango luke. Alternatiba – ‘ezker muturreko’ Syriza alderdiak irabaztea– kaosaren aldeko botoa litzateke, ezagutzen dugun (europar) munduaren amaiera. (…)
Ekainaren 17an, benetako aukera bat egongo da: alde batean establishmenta (Demokrazia Berria eta Pasok), bestean Syriza. Eta, benetako aukera bat eskaintzen den bakoitzean gertatzen den moduan, establishmenta izuak hartuta dago: kaosa, pobrezia eta biolentzia etorriko dira, diote, aukera txarra eginez gero. (…)
Syrizak irabaziz gero, Europako establishmentak nahiko du modurik gogorrenean ikas dezagun zer gertatzen den, norbait eteten saiatzen baldin bada Bruselako teknokraziak eta etorkinen kontrako populismoak elkarren konplizitatearekin sortu duten ziklo gaiztoa. (…)
Une honetan Syrizak ordezkatzen duen ‘heresia’ berri batek bakarrik salba dezake Europaren ondaretik salbatzea merezi duena: demokrazia, herritarrengan sinestea, berdintasuna, solidaritatea eta abar. Syriza garaitzen badute geratuko zaigun Europa ‘Asiar balioak dituen Europa’ da –zeinak, noski, ez daukan zerikusirik Asiarekin eta bai ordea gaur egungo kapitalismoak demokrazia eteteko daukan joerarekin–.
Hori da gizarte demokratikoetan ‘boto askea’ iraunarazten duen paradoxa: pertsona bat libre da aukeratzeko, baldin eta aukera ona egiten badu. Horregatik, aukera txarra egiten denean (Irlandak Europar Batasuneko konstituzioa baztertu zuenean bezala), hautu hori akats gisa hartzen da, eta establishmentak berehala eskatzen du prozesu ‘demokratikoa’ errepika dadila akatsa zuzentze aldera. George Papandreouk, Greziako lehen ministroak, iazko urtearen amaieran euroguneko erreskate akordioaren inguruko erreferenduma proposatu zuenean, erreferenduma bera baztertu zuten aukera faltsua balitz bezala.
Bi istorio nagusi daude hedabideetan Greziako krisiari buruz: istorio alemaniar-europarra (greziarrak arduragabeak, alferrak, zarrastelak, zergen iheslariak eta abar dira, eta kontrolpean hartu behar ditugu, finantza-diziplina irakasteko) eta istorio greziarra (gure subiranotasun nazionala Bruselak inposatutako teknokrazia neoliberalak mehatxatzen du). Greziako herritarren kinka larriari entzungor egitea ezinezko bihurtu zenean, hirugarren istorio bat agertu zen: greziarrak orain laguntza humanitarioa behar duten biktima gisa aurkezten zaizkigu, gerra batek edo katastrofe natural batek herrialdea jo izan balu bezala. Hiru istorio horiek faltsuak diren arren, hirugarrena da seguruenik higuingarriena. Greziarrak ez dira biktima pasiboak: gerran daude Europako ekonomiaren establishmentarekin eta elkartasuna behar dute beraien borrokan, gure borroka ere badelako.
Grezia ez da salbuespena. Potentzialki mugarik gabe aplikatuko den eredu sozio-ekonomiko berri baten laborategi nagusienetakoa da: despolitizatutako teknokrazia bat, non bankariek eta bestelako adituek baimena daukaten demokrazia suntsitzeko. Grezia bere ustezko salbatzaileetatik salbatuz, Europa bera salbatuko dugu.
----------
London Review of Books (2012ko maiatzak 25)
Maiatzaren 6ko hauteskundeek erakutsi dute gehiengoa Greziaren “erreskate” modalitateen kontra dagoela, baita eurogunearen barruan jarraitzearen alde ere. Herrialdea bi esparru politikotan banatuta dago: bat eskuineko Demokrazia Berria alderdiaren inguruan gorpuztu da; bestea Syrizaren inguruan, ezkerrean. Lehenbizikoak erakarri ditu, oraingoz, hoberen dauden horiek. Bigarrena azkar bihurtu da masa-alderdi, beharginak, enplegatuak eta klase ertain pobretuak elkartuz.
Bi alderdiek errepikatzen duten arren nahi dutela Atenasek Europako Ekonomia eta Diru Batasunean jarraitzea, ezegonkortasun politikoak erremediorik gabe bultzatzen du herrialdea kanporantz. Maleruski, hori modu kaotikoan egin liteke, banku-izualdi batek (bank run) eraginda, adibidez; eta urduri ikusiko genituzke aurreztaileak euren gordailuak berreskuratu nahian. Eszenatoki “kaotiko” baten kasuan ere, guztiok ezagutzen ditugu –gutxienez nazioarteko eztabaidetan– mota horretako irteera baten etapak.
Lehenbizi, Greziak erreskatearen baldintzei ezezkoa ematen die eta ordainketak suspenditzen ditu: huts egiten du. Herrialdeak bere esku hartzen ditu berriz uhalak eta horrek aukera ematen dio krisiari aurre egiteko eta bere ekonomia transformatzeko. Zorraren auditoria egiteko prozesuan sartzen da, komisio baten lanean oinarritua, zeinak aztertuko duen Greziako zorraren jatorria eta bideragarritasun soziala. Jarraian drakma berriz sartzea dator, agian asteburu batean. Atenasek kapitalen fluxuaren gaineko kontrola ezartzen du. Moneta aldaketak ekaitz hirukoitza eragiten du (seguruenik) –monetarioa, bankuetakoa eta komertziala–, eta komeni da haize horietako bakoitza bere aldetik aztertzea.
Plano monetarioan, gertakariek bideratzen dute drakmaren, euroaren eta agian Estatuak emititutako bestelako moneta fiduziario batzuen zirkulazioa, eta horrek bankuen jarduera moldatzen du eta auzi-uholdea dakar. (...)
Bankuek ez daukate eskura Europako Banku Zentralaren likidezia eta hauskorrak dira Greziak zor publikoarengatik porrot egin duelako. Nazionalizatu egiten dituzte beraz, eta Gobernuak gordailuentzako garantia bat iragartzen du drakmatan. Antzeko neurriek babesten dituzte atzerrian zorrak dauzkaten enpresak. Azkenik, Greziako bankak bere moneta egiteko gaitasuna berreskuratzen du.
Drakma berriaren truke-balioa hondoratzeak iragartzen digu krisiaren alderdi komertziala. Epe labur eta ertainean, fenomeno horrek Greziaren lehiakortasuna bultzatzen du eta horrek industriari aukera ematen dio barne-merkatuan eta esportazioetan gehiago parte hartzeko. (...) Epe oso laburrean, hala ere, zenbait ondasun gutxitzen dira (petrolioa, sendagaiak, janari batzuk). (...)
Epe laburreko kolpe hori da Ekonomia eta Diru Batasunaren tranpatik irteteko ordaindu beharreko prezioa. (...)
Baliteke Greziaren irteerak euroguneko beste herrialde batzuetan antzeko erabakiak azkartzea –erreakzio kate bat litzateke, moneta bakarra sustatzen duten instituzioei eta ideologiari kalte egingo liokeena–. Ezin esan moneta-erakundeak gai izango ote liratekeen horrelako kolpe bat eusteko, baina kontuan hartzeko moduko nahasmen fasean sartuko litzateke Europa. “Moneta indartsuaren” esperimentuaren kolapso handiak kontinente osoan aldaketa politiko eta sozial garrantzitsuak ekar ditzake.
----------
Le Monde Diplomatique (2012ko ekaina)
Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik... [+]
Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]
Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]
Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]
Maiatzaren 15ean hil da Maria Mies (1931-2023) soziologo alemana 92 urterekin, azken hamarkadotan ekofeminismoak eduki duen erreferentzia teoriko nagusietakoa. Silvia Federici eta beste batzuekin batera, Miesek landu zuen feminismo antikapitalistaren ildo teorikoa,... [+]
Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]
Aurélien Berlan filosofo eta baratzezainak denbora erdiz idatzi eta kurtsoak ematen ditu eta beste denbora erdia ‘bizirauteko lanetan’ ematen du, baratzean bezala etxean. 2021eko azaroan La Lenteur argitaletxe txikian plazaratu du ekologia politikoaren mundu... [+]
Urriaren 30ean egingo dute hauteskunde orokorren bigarren itzulia: Jair Bolsonaro ultraeskuindarraren eta Luiz Inácio Lula da Silva Lula ezkertiarraren artean aukeratu beharko dute. Ez da edonolako aukeraketa: egungo presidente Bolsonarok politika ultrakontserbadore eta... [+]
Euskal Herrian "paradigma iraultzaile berria" zabaldu eta garatu nahi duen Kimua ekimen herritarra zenbait herritan aurkezpen bira osatzen ari da. Hala Bedi irratian Kimuako kide batekin hitz egin dute proiektuaren inguruan gehiago jakiteko.