argia.eus
INPRIMATU
Zenbat pitilin!

Alaitz Vives 2012ko ekainaren 06a

Hedabideen kontsumitzaile garen heinean, haiek merkaturatzen dituzten hainbat produkturi erreparatuta, sarriegi genero bakarreko gizartean gaudela dirudi. Horren aurrean “Zenbat pitilin!” nahi baino gehiagotan ateratzen zaidan esaldia da. Zaharrago direnek aurrera egin dugula esango dute eta ezin ezetzik esan, baina horrek ez du errealitatea ezkutatzen, deigarria baita, nola irudika litekeen gizartea, erdia kanpoan lagata. Maria Gonzalez Gorosarri, kazetari eta ikertzaileak bere blogean gai honi heltzen dio (albistetan.blogspot.com). Berak jasotako iturrietatik, nazioarteko albisteak aztertu eta honatx datu batzuk: albisteetako protagonisten %76 gizonezkoak dira, andreak ez dira albisteen interpretazioan lagunduko duten ahots aditu gisa agertzen eta interes orokorreko albisteek ere, ez dute emakumeen ikuspegirik ematen.

Emakumeak lan, unibertsitate eta ikerketa merkatuetan aurrera egin ahala, egoera hau modu “naturalean” konpon zitekeela uste izan dugu askok, baina ondorio gisa Gorosarrik bere blogean jasotako ikerketa baten arabera, ezer egin ezean, albisteen genero parekotasuna ez da hurrengo 30-40 urteetan lortuko.

Hedabide publikoei begiratuta, 30 urtetan EiTBk zuzendari gizonezkoak baino ez ditu izan eta antzerakoa gertatzen da irratietan. Gehiegizkotasunak (gizonezkoena) edo gabeziak (emakumezkoena) badu eragina erakunde horietan ekoizten diren produktuetan. Adibide bat baino ez bada ere, azken asteetan ETB2n emisioan dagoen dokumental saio bati erreparatuz, ez ei dago Trantsizioko urteetan gertatutakoa argitzen lagunduko digun andrazkorik.

Duela aste batzuk EAEko egunkarietako zuzendariak batu ziren mahai inguru batean irudikatutako argazkiaren aurrean ere, testu honen izenburua errepika genezakeen (bi zuzendari falta ziren, bai, haiek ere gizonezkoak). Errealitate kontraesankorra da nolanahi ere, medioetako erredakzioetan emakumezkoak baitira nagusi, baina kopuruari erreparatuta soilik.

Egunerokotasunean, ia-ia hiritar izateari utzi eta kontsumitzaile huts bihurtu garen honetan, kontsumitzaile aktibo izateak ematen digun botereaz balia gaitezke, generoa edozein dela ere. Internet sarea baliabide handia da horretarako. “Kontsumitzen dut eta beraz, banaiz” lemari eutsi, gure egin eta horrek ematen digun boterea baliatuz, produktu ekoizleei “zenbat pitilin!” “pitilin gehiegi” direla adierazi geniezaieke.