argia.eus
INPRIMATU
Txokolate beltzaren onurak

Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko ekainaren 06a
Txokolatea
Txokolatea

Gizakia orain dela 4.000 urte hasi omen zen txokolatea kontsumitzen. Cristobal Coloni egozten zaio Europara ekarri izana Ameriketara egindako laugarren bidaian, 1502. urtean. Amazoniaren arroan bizi ziren pertsonek hartzen zutena, egun mundu osoan hartzen da.

Ikerketa ugari egin dira txokolatearen onurez, eta oraingoan Kaliforniako San Diego Unibertsitatean egindakoaren berri eman nahi dizuegu. 31 laguni, hamabost egunez, egunero 50 gramo txokolate beltz edo 50 gramo txokolate zuri hartzeko eskatu zieten. Norberak erabaki zuen egun bakoitzean zein txokolate mota kontsumitu, eta saiakeraren hasieratik amaierara hainbat parametro alderatu ziren, esaterako, presio arteriala, lipido kantitatea eta glukosa.

Alderaketa egin ostean oso garbi geratu zen txokolate beltza kontsumitu zutenek presio arterial baxuagoa, kolesterol maila egokiagoak eta glukosa gutxiago zituztela gainerakoek baino. Hala ere, ikerlariek ohartarazi dute txokolate asko jateak kaloria eta gantz saturatu kantitatea handitzen duela, eta beraz egunero 50 gramotik gora jatea ez dela komeni.