OST::ost
Maldito
iraupena ::51´04´´
prezioa ::10€
Diskoaren azala gogorra da. Bizitza eta urteen joana bezala?
Bai, gutxi gorabehera diskoaren azalak horixe nahi du adierazi. Bost atzaparkada agertzen dira, bost orbain moduan, orain arte egin ditugun bost diskoen erakusle. Odola ikusten da, asko kostatu zaigula adierazteko. Guztia giro ilun batean, hala ikusten dugulako mundua.
“Luzea eta neketsua gertatu zaigu bidea”. Nola eutsi hainbeste urte borrokan?
Ilusioz. Musikagatik sentitzen dugun lilura, errespetua, maitasuna. Agertokira igo garen bakoitzean igartzen dugun sentsazio multzoa.
Esango nuke orain arte grabatu dituzuen kantu gogorrenetariko batzuk hemen daudela, disko honetan.
Izan daiteke, gure diskografiako kantu gogorrenetariko batzuk daude Bost diskoan, baina ez da disko osoan gure alderik gogorrena agertzen. Honen adibide bi: Gure Miraria eta Kasualitatez kantuak.
Nongoak zareten etiketatzea gustatzen ez bazaizue ere, “txerrenen”, “tatarrez”, “ostotsa” eta antzeko adierek mapan jarri zaituztete. Ez dago bermeotar harrotasunik?
Ei ei! Gu oso harro gaude bermeotarrak izateaz eta hori nabaria da. Bidxorrak izan zen gure lehen taldea eta izen hori bermeotarra da.
Xanperekin etxean moduan grabatu duzue?
Xanpe izatez bosgarren taldekidea da. Guk baino hobeto daki zein den nahi dugun soinua. Aurrekontu mugagabea izan arren, ez genuke beste teknikari batekin grabatuko.
Oso berezia iruditu zait Gure lekukotasuna bertsionatzea, Euskal Herriko lehen rock taldearena. Zergatik, teorian hain urrun dagoen talde hori?
Hain urrun!? Zuk badakizu zer adin dugun?! Errobi taldearen eragin zuzena izan dugu anaiak eta biok, eta zuzenean ikusi genuen, gainera. Gerora, 2010ean Bermeon egin zen Ibilaldian jotzeko gon-bidatu gintuzten, eta aspalditik buruan nuen Gure lekukotasuna ber-tsionatzea lortu nuen.