argia.eus
INPRIMATU
Matematikak erabaki zuen D eguna

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko ekainaren 05a
Aliatuak Normandiako hondartzetan lehorreratzen, A.T. Doodsonek ezarritako D egunean eta H orduan.
Aliatuak Normandiako hondartzetan lehorreratzen, A.T. Doodsonek ezarritako D egunean eta H orduan.Robert F. Sargent

Normandia, 1944ko ekainaren 6a. Tropa aliatuak kostalde atlantikoko hondartzetan lehorreratu ziren. Naziek okupatutako mendebaldeko Europaren askapena hasi zen, lehorreratutako 175.000 soldaduei esker. Eta Arthur Thomas Doodson (1890-1968) matematikari britainiarrari esker.

Hitlerrek garbi zeukan aliatuak Frantziako kostalde atlantikoan lehorreratuko zirela. Eta horregatik Erwin Rommeli eremu horietako hondartzen defentsa antolatzeko eskatu zion. Minak, txarrantxak eta bestelako oztopoak jartzea erabaki zuen. Baina itsasgoran traba guztiak ezerezean geldituko ziren. Horregatik urak estalita ere ontzien kroskoak matxuratuko zituzten egurrezko egiturak ipini zituen.

Horrenbestez, aliatuek ez zuten lan erraza. Itsasbeheran lehorreratuz gero, aipatutako oztopoez gain, soldaduek distantzia luzeagoa ibili beharko zuten hondartza irekian babeslekuetara iritsi baino lehen eta, hortaz, jomuga errazagoa izango ziren  alemaniar tiratzaileentzat. Itsasgoran, Rommelen tranpek aliatuen lehen ontziak hondartuta utziko zituzten, eta gainerako ontzietako soldaduek ezin izango zuten lehorreratu. Tarteko konponbidea zen egokiena: itsasaldiak ez zituen Rommelen egiturak estali behar, eraispen-taldeek garbi ikus zitzaten eta tropentzako korridore bat ireki zezaten, baina oso behera ere ez zuen egon behar, ontziak, soldaduak utzi ondoren, hondoa jo gabe berriro itsasoratzeko aukera izan zezaten, eta, jakina, soldaduek hondartzan ahalik eta denbora gutxien igaro zezaten.

Baina zer egunetan eta zer ordutan lortuko zuten itsasaldi perfektua? Arduradun militarrek adituengana jo zuten erantzun bila, besteak beste Arthuir Thomas Doodsonengana. 1921ean matematikariak itsasaldien azterketari buruzko ordura arteko lanik osoena argitaratu zuen, 388 marea-frekuentzia bereizi zituen, eta lan teoriko horretan oinarrituta, mareak iragartzeko makina diseinatu zuen AEBetako ejertzitoarekin elkarlanean. Ez zen horrelako lehen makina, baina bai zehatzena. Makinak lehorreratzeko egun egokienak ekainaren 5a, 6a eta 7a zirela ondorioztatu zuen. Eta 6ko data erabakita, lehorreratzea abiatzeko ordu egokiena goizeko 6:30ak zirela esan zuen makinak. Doodsonen makinaren arrakastarik entzutetsuena izan arren, ez zen bakarra izan; itsasaldiak iragartzeko metodorik egokiena izan zen, 60ko hamarkadaren amaieran ordenagailuek ordezkatu zuten arte.